Padelaren inguruan

Kontaizu

kir19b_1.jpg


kir19b_2.jpg

Batzuen ustez, tenisaren anaia txikia besterik ez da, bigarren mailako kirola alegia. Esan izan da aberatsen jokua dela. Egiazki, aurre iritzi ugari daude padelaren inguruan, baina Cristina eta Patricia Basarrate ahizpa bikiek azaldu digutenez halakoak horixe baino ez dira, aurre iritziak. Haiek sei urte besterik ez zituztela hasi ziren padelean jokatzen, etxetik gertu duten Jolaseta (Getxo) kiroldegiko pistetan hain zuzen. Orain hamabost urte dituzte, baina garaipenen zakua ondo beteta dute jada. «Amak animatu gintuen, berak ere padelean jokatzen baitzuen. Hasieran tenisa eta padela tartekatu genituen, baina azkenean padela aukeratu genuen», esan digute. Padela binakako jokoa da. 20x10 metroko luze-zabalera duen eremu itxi batean jokatzen da, eta aipatu espazioa 88 zentrimetro dituen sare batek erdibitzen du. Pilotari jotzeko erabiltzen diren palak tenisekoak baino zertxobait txikiagoak eta zabalagoak dira, eta ez dute sarerik. Garai batean esaten zen padela aberatsen jokua zela, baina gaur egun aurre iritzi horiek erabat gainditurik daudela uste dute ahizpa bikiek. «Era guztietako jendeak jokatzen du. Batzuk horretatik bizi dira, beste batzuek txapelketetan parte hartzen dute, eta, azkenekoz, kirola egiteko soilik jarduten dutenak daude». Bigarren multzoan sartu beharko genituzke Basarrate ahizpak, nahiz eta euren helburua aurreneko multzoa salto egitea den. Horretan daude, izan ere Bizkaiko, Euskadiko, Espaniako eta Munduko txapeldunak izan dira gazte mailan. Euren mailan «handia» omen da lehiakortasuna. Horregatik, gogotik entrenatzen dira Eduiardo Simal argentinarraren aginduetara. «Astean zehar entrenatzen dugu. Asteazkenetan alde fisikoa lantzen dugu eta astelehen zein ostiraletan teknika hobetzen saiatzen gara. Astearteetan eta ostegunetan, berriz, gimnasioan edo pistan jarduten dugu. Aste bukaeretan, txapelketak ez ditugunean, teknika lantzen dugu». Ordu askoan entrenatu arren, profesionalen aurka «ezer gutxi» egin dezaketela uste du Cristinak. «Eurek padela dute bizibide, eta beraien aurka jokatzen dugunean aldea nabaritzen da. Beti irabazten digute».

kir19b_3.jpg

Munduan zehar sarritan jokatu dutenez, ongi asko ezagutzen dituzte herrialde bakoitzeko jokalarien ezaugarriak. Goi mailako padel jokalariak dituzten herrialdeak, ordea, ez dira gehiegi. Argentinarrek eta brasildarrek «maila bikaina» dutela uste dute Basarrate ahizpek. «Sevilla eta Malaga aldean asko jokatzen dute, baita Madrilen ere. Euskal Herria ere kontuan hartu beharreko lurraldea da; batez ere Bizkaia». Jolasa baino gehiago, ia bizibide bilakatu dute padela. Halere, «gustura» daude egin duten hautuarekin; baita beren gurasoak ere. «Ikasketak ez alboratzeko, baina padelean jokatzen jarraitzeko esaten digute». Bikien asmoa, baina, padelari esker bizi ahal izatea da: «Ikasten jarraitu nahi dugu, Unibertsitatera joan. Halere, padelari esker bizitzeko aukera baldin badugu, ez genuke inolako zalantzarik edukiko».

Kontaizu

2005, Ekaina 01
Arloa: Kirolak