Herri Kirolak... bihar?

Jon Ordoñez

kir25_1.jpg


kir25_2.jpg

Zer dira herri kirolak? Arrauna, sokatira, sega... Denok ezagutzen ditugun kirolak dira. Baina zergatik esaten dugu herri kirolak direla? Definizio horren aurka dagoen jendea badago, kirol mota oso ezberdinak biltzen dituelako: indar kirolak, abiadurakoak, koordinaziokoak... Euskal Herrian aspalditik egin diren kirolei esaten diegu herri kirol. Belaunaldiz belaunaldi iritsi dira XXI. mendera. Bertakoak direla esan daiteke, kokagune geografiko zehatz batean iraun dutelako, eta beste ohitura batzuekin batera, euskal kulturaren ikur izan ditugu. Herri kirolek lana dute oinarri. Batzuk baserrietako lana, eta beste batzuk meategi edo lantegietakoa, baina guztien atzean dago lanbide bat. Horregatik euskal pilota ez da herri kirola, nahiz eta hori ere belaunaldiz belaunaldi jokatu den Euskal Herrian. Pilota joko bat zen, eta kirol izatera iritsi da. Jolasa, jokoa eta kirola ez dira gauza berdina. Helburuek eta araudiak ezberdintzen dituzte. Jolasa aktibitate malgua da. Zerbaitetan jolasten dugunean irabazteak ez du horrenbesteko garrantziarik, eta araudia ere ez da hain zorrotza. Besteen aurka jokatu baino gehiago, besteekin jolasten dugu. Soka-saltoa da horren adibide. Jokoan, berriz, lehiakortasunak asko esan nahi du. Irabazteko jokatzen da (euskaraz, apustuetan dirua jokatu egiten da). Ondorioz, araudi zehatza du. Pilota bezala, musa ere joko bat da. Kirola beste kontu bat da. Lehia eta araudi jakin bat ditu, baina horiei beste bi ezaugarri gehitzen zaizkie, agian, garrantzitsuagoak: osasuna eta ikusleak. Kirol jarduna gaur egun ahalegin fisikoari lotuta dago. Iraultza industrialak gizartearen sedentarizazioa ekarri zuen, eta horrek dakartzan osasun arazoak saihesteko bidea da kirola. Horregatik, lehia egon ez arren, besterik gabe korrika egitea kirola egitea dela esaten da; musa, berriz, ez dugu inoiz kiroltzat hartuko. Ikusleak kirolaren maila gorena zein den adierazten du.
Lau ezaugarri horiek nahasten diren heinean, profesionaltasun mailak ezartzen dira eta horrek kirola zer den eta zer ez den zehaztuko du. Jardun batek lauak elkartzen dituenean zalantzarik ez dago. Herri kirol nagusien kasuan, oinarrian jokorik egon ez arren, lehiak, araudiak, ariketa fisikoak eta ikuskizunak egiten dituzte kirol. Garbi dago jende gehien erakartzen duten herri kirolek, aizkorak eta sokatirak, kirol maila handiagoa dutela. Palanka edo aitzur jaurtiketak, ordea, berez xabalina jaurtiketak duen oinarri bera izan arren, ez da maila horretara iristen.

kir25_3.jpg

 

Xiba, berreskuratze lanean

Desagertu diren lanbideak ezagutu ditugu. Kirolak ere inork praktikatzen ez direnean desagertzen dira. Zenbait herri kirol desagertu dira jada: laiatzea, pultsolariak... Orain dela bi urte Ikastolen Elkarteak Xiba izeneko proiektua martxan jarri zuen euskal kirol, joko eta jolasak bultzatzeko. Euskal herrien arteko euskal joko topaketakantolatzen ditu harrezkero. Herrialdeka jokatzen dira, eta 16 urtetik gorako pertsonek osatzen dituzte taldeak. Lehen urtean 800 pertsonek hartu zuten parte. Bigarrenean, 80 herrietako 1.000 pertsonek. 2006an III Topaketak jokatuko dira.

Xibaren helburua ez da soilik herri kirolak berreskuratzea. Jokoak eta jolasak ere euskal kulturaren zati garrantzitsua dira, eta Xibak ludikotasuna bultzatu nahi du. Hori da belaunaldiz belaunaldi trasmititzen jarraitzeko modurik seguruena. Garrantzitsua da horregatik jendearen parte hartzea. Xibak bi arlotan egiten du lan: batetik, hezkuntzan ikastolekin elkar lanean; eta bestetik gizartearen beste arlo batzuetan, erakundeetan, kirol federazioetan eta aisialdi taldeetan. "...kulturaren jakintza herrian dago eta herriarena da, behartuta gaude beraz, herriarengandik jasotzen duguna, berriz ere herriari eskaini eta bueltatzera...", esan zuen On Joxe Migel Barandiaran euskal kulturaren ikertzaile handiak. Aisialdia antolatzeko beste modu bat proposatzen du Xibak. Batez ere partaidetza eta euskal kultura eta nortasunarekiko kontzientzia bultzatuz. "Mundua eta bizitzaren aurrean, elkartasun zein errespetuzko ikusmolde kritiko, aberats, ausart eta askea izateko baliabideak bideratzea. Aisialdirako ohiturak, nor bere irudimenaz eraikitzeko gaitasuna lantzea. Jendartean, baliokidetasunezko harreman eta integraziorako giroa zabaldu ahal izateko tresna egokiak eskaintzea".

Jon Ordoñez

2006, Urtarrila 01
Arloa: Kirolak