Baloiarekin uretan

Kontaizu

kir28_1.jpg


kir28_2.jpg

 

Uda hurbiltzen ari da, eta aurki jarriko dituzte dendetako erakusleihoetan bainujantziak salgai. Beroa iristen denean bete egiten dira hondartzak eta igerilekuak. Urarekin eta uretan gozatzeko modu asko dago. Igeriketa, saltoak, surfa, piraguismoa, urpekaritza... Asko dira uretako kirolak, baina gehienak banaka egitekoak dira. Bada bat, ordea, taldeka jokatzen dena: waterpoloa.

 

Euskal Herrian ez dago oso errotuta, eta ezaguna izan arren, ez du jende askok egiten. Igeriketan aritu direnak, ordea, jokatu izan dute noiz edo noiz waterpoloan. "Igeri egitea errazagoa balitz, futbola esango liokete", dio Bilboko Maristas taldearen web orriak. Iruñeko Larraina eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa, eta Leioako Askartza klubak dira Euskal Herriko puntako taldeak. Horiez gain, talde gehiago ere badira Bilbon (Maristas eta Deportivo), Sestaon (Ademar), Portugaleten (Nautica), Santurtzin, Barakaldon, Ermun (Urbat), Getxon (Fadura), Gasteizen (Menditxo), Ordizian (Ñañarri), Hernanin, Irunen (Oiasso), Azpeitian (Izarraitz), Donostian (Tximistarri eta Easo) eta Iruñean (Osasuna eta Iruñea Igeriketa Kluba).

 

Waterpoloa Ingalaterran sortu zen XIX. mendearen amaieran. 1870. urtean antzeko kirol bateko partidak jokatzen hasi ziren. Hamabost urtean zenbait aldaketa jasan ondoren, waterpoloa gaur egun ezagutzen den moduan sortu zen 1885ean. Urte gutxiren buruan asko hedatu zen, eta 1900. urteko Parisko Olinpiar Jokoez geroztik olinpiar kirola izan da. Waterpoloaren lehen olinpiar joko horiek kluben artean jokatu ziren, ez herrialdeetako selekzioen artean. Finala Manchesterreko Osborne klubak irabazi zuen (Ingalaterra). Hasiera batean, ingelesak izan ziren nagusi olinpiar jokoetan, baina gero SESBek eta bere inguruko herrialdeek (Hungariak eta Jugoslaviak bereziki) hartu zioten lekukoa.

kir28_3.jpg

 

Zazpi jokalariz osatutako bi talderen artean partida da waterpoloa. Helburua ahalik eta gol gehien sartzea da. Jokalariek ezin dute igerilekuaren hondoa ukitu, ezta ertzak ere. Horregatik, igerilari ona izan behar dute, azkarrak eta indartsuak. Sakonean 1,90 metroko altuera izan behar du igerilekuak, baina neurri egokiena 2,10 metrokoa izaten da. Hankei eraginez eusten diote jokalariek uretan, ur azpian etengabe mugituz. Luzean 30 metro izaten ditu igerilekuak, eta zabaleran, 20 metro.

 

Eskuekin jokatzen denez eta golak ate batean sartu behar direnez, eskubaloiaren traza du waterpoloak. Baloia, ordea, esku bakarrarekin heldu behar da. Atezainak bakarrik erabili ditzake bi eskuak aldi berean. Gainera, ezin da ukabilarekin jo. Jokoaren arauek ez dute debekatzen baloia ur azpian sartzea, baina barruan duen aire poltsa batek ur azalera ateratzeko joera ematen dio.

 

Talde bakoitzak kolore bateko txanoa du; batzuek urdina dute, eta besteek, zuria. Atezainak gorria janzten dute jokalariengandik bereizteko. Zazpi minutuko lau zati jokatzen dira, eta atsedenaldiak bi minutukoak izaten dira. Denbora horretan atez aldatzen dute taldeek, eta egin beharreko aldaketak ere orduantxe egiten dira. Baloia igerilekuaren erdian utziz hasten da jokatzen. Talde bakoitzak 35 segundo izaten ditu baloia jokoan jarri eta gola sartzeko. Denbora hori agortzen denean, beste taldeko inork ukitu ez badu, baloia beste taldearentzat izango da, saskibaloian bezala.

 

Baloia mugitzeko bi modu daude: pasatu edo igerian eraman. Igerian eramateko crawl eran egiten dute igeri jokalariek, eta baloia beso artean eramaten dute, gorputzak sortzen dituen olatuek lagunduta. Normalean igeriketan aritzen direnak hurbiltzen dira waterpoloan jokatzera, aproba egin nahi duenak igeriketa klub batean galdetu beharko du. Hauek dira waterpoloko eliteko jokalariaren ezaugarri nagusiak:

 

Inteligentzia: Jokaldiak hasi eta bukatzeko 35 segundo besterik ez dagoenez, erabakigarria izaten da burua ondo erabiltzea eta erabakiak azkar eta ondo hartzea.

 

Gorputza: Waterpoloa kontaktuko kirola da, eta horregatik gorputza indartsua izatea komeni da.

 

Hankak: Ez dira ikusten, baina jokoaren alde garrantzitsuena da, etengabe mugitzen baitira, atsedenik hartu gabe. Jaurtiketa bat egiteko edo baloia blokatzeko, komenigarria izaten da gorputza ahalik eta gehien altxatzea, eta hori hankei eraginez lortzen da.

 

Eskuak: Ondo koordinatzea beharrezkoa da, eta handiak badira hobe, baloia errazago kontrolatzeko.

 

Gerria: Arina eta mugikortasun handikoa izan behar du, ahalik eta mugimendu gehiago egin ahal izateko.

Jon Ordoñez

Kontaizu

2006, Apirila 01
Arloa: Kirolak