Ze Esatek. Dantza bizian.

Gotzon Uribe

2012, Apirila 16
Arloa: Berba Bi

zeesatek-arg01

Talde gipuzkoarra momentu goxoa bizitzen ari da. Plazak berotzen trebea dugun taldea da Ze Esatek!. 10 lagunek osatzen dute eta ska eta rock musika oinarri moduan hartuta euren emanaldiak festa biziak izaten dira. Bere estudioko bigarren lana “Rock and Ron” deitzen da. Doinu freskoak, dantza doinuak eta parranda uxaina dakarkigun taldea.

Gaur egun ze momentutan aurkitzen da taldea?

 Gaur egun taldea, bigarren diskoa atera berritan dago, orain arte neguan, gaztetxeetan, antzokietan...diskoa aurkezten ibili gara eta harrera ona izan duelakoan gaude.

Zuen ibilbidean atzera begiratuta ze balantze egiten duzue?

Taldeak atzera begiratu eta gauza onak gehiago direla txarrak baino konturatzen gara, gauza pila ikasi ditugu, esperientzia politak izan dira eta gure akatsak ikusiz aurrera goazela konturatzen gara. Gehienak elektrotxaranga batetik gatoz, eta oso polita da, egiten duguna jendearekin partekatzea eta gainera jendea gustora uztea.

Badirudi badagoela korronte bat Euskal Herrian ska musika beste festarako doinu batzuekin uztartzeko. Taldeak ugaritzen ari dira.

Gu ere sentsazio horren jabe gara, momentua hau da eta ez dakigu oso ondo noraino joango den, guk behintzat guri barnetik ateratzen zaiguna egiten dugu, ez dugu inolako korronterik jarraitzen. Talde ezberdinetatik ideia ezberdinak hartuz egiten ditugu kantuak. Bere garaian izan ziren beste hainbat talde musika estiloak ezberdinak jorratzen zituztenak, eta oraindik talde horiek ere bizirik jarraitzen dute. Ea guk ere beraien haina egiten dugun....

Zeintzuk dira zuen hurrengo planak?

Hurrengo planak, oraintxe disko berriarekin ahalik eta herri gehienak dantzan jarri eta ondo pasatzearena, gure musika, ideiak eta jarrera zabaltzearena. Eta urte bukaeran ea berriz ere kanpora irtetzeko aukera dugun. 2010 urte bukaeran Kuban izan ginen, eta esperientzia bikaina izan zen. Horrelako zerbait gustora errepikatuko genuke!

Gipuzkoako taldea izanda, nabaritzen duzue Bizkaian jotzen duzuenean publikoaren jarrera aldetik ezberdintasunik?

Igartzen da bai, gure inguruan jendeak abestiak ezagutzea normala zela uste genuen, baina behin Bizkaira etorri eta jendeak gure kantak abesten zituela ikustea oso polita izan zen; lana ondo egiten gabiltzanaren seinale. Jendeak Bizkaian ere ezagutzen gaitu eta polita da hori ere!.

Esne Beltza moduko taldeen alboan ikusten al duzue zuen burua gaur egun?

Alboan hitza ez dakigu ze konotazioarekin esaten duzun, baina, Esne Beltza taldeak guk daukagun baino esperientzia handiagoa duen jendez osatua dago; eurengandik ikasteko ez daukagu erreparorik. Azkenengo urte honetan hainbat kontzertu jo ditugu elkarrekin eta oso rollo ona daukagu gure artean, hortik atera da ere gure azkeneko diskoan Zigor Lamprek, DZk, egin digun erremixa; kanta gure lehenengo diskokoa da eta DZk, guk eskatuta, erremixa egin digu. Eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu!

Bizkaian badago Itziarren Semeak deitzen den talde alai bat ere. Ezagutzen dituzue?

Bai, beraiekin ere izan gara oholtza gainean, gu bezela ere juergista handiak dira. Eurek kantatzen duten bezela “Bizkaiko Golfoak” dira. Gu Gipuzkoan garen bitartean....

Zuen eragin musikalei dagokienez, nora jo behar dugu?

Aurretik aipatu bezela, koktelera baten barruan denetik sartu –Georgie Dann, Nofx, Mano Negra, The Clash…- eta hortik ateratzen da Ze Esatek, taldean dagoen bakoitzaren ikutu berezi bat emanez.

Musika hobby edo ogibidea duzue?

Musikaz bizitzea zaila da garai hauetan eta gure herrian, beste hainbesteetan bezala, musika hobby bat da. Astebukaera ia guztietan furgonetan ibiltzen gara Euskal Herriko txokoak ezagutzen eta gustura egiten dugu. Azkenean Ze esatek talde izatetik ia famili handi bat izatera pasa garalako, bere alde on eta txarrekin. 

Kontzerturen bateko anekdota xelebreren bat gure irakurlei kontatzeko?

Gure kasuan behintzat asko dugu bizitzeko oraindik eta oraingoz ez zaigu xelebrekeririk gertatu, eta gertatu izan balitzaigu akaso ezingo litzateke kontatu.