Seguru nabigatzeko gomendioak

Jabi Zabala

2003, Abendua 01
Arloa: Sarean

birus2.jpgGure ordenagailua txarto badabil, gauza arraroak egiten baditu edo gure lagun batek itxuraz guk bidalitako mezu bitxiak jasotzen baditu, litekeena da birus batek kutsatua egotea. Azkar konpondu behar dugu arazoa, birusa gehiago heda ez dadin eta gure lanak gal ez daitezen. Horrelako kasuetan antibirus baten bidez makina aztertu beharko dugu. Sarean bertan badira doan birusak ditugun begiratuko duten aplikazio batzuk, Panda Software (www.pandasoftware.es) enpresaren ActiveScan kasu. Baina onena izango da birusak jo aurretik babes neurriak hartzea. Sarean ibiltzeak kutsatutako ordenagailu askorekin harremana izatea dakar. Horregatik, oraindik birusen biktima izan ez bagara ere, gauza bat argi eduki behar dugu: babes neurriak hartu ezik laster jausiko gara birus baten hatzaparretan. Egunetik egunera gehiago izaten dira birusen erasoak Interneten, gero eta birus maltzurragoak eta meneragaitzagoak egiten dituztelako. Ez dugu paranoikoak bezala jokatu behar, baina neurririk ez hartzea erokeria litzateke. Bada gauza bat ordenagailuak birusen erasoen aurrean bereziki ahul bihurtzen dituena: Microsoft enpresaren Windows sistema eta bere programarik ohikoenak erabiltzeak (Explorer nabigatzeko eta Outlook edo Outlook Express posta elektronikorako), birus gehienak horietarako propio eginak direlako eta Windows sistemaren ahultasuna baliatzen dutelako gure makinan sartzeko. Macintosh edo Linux erabiltzen dituztenek, ordea, ez dira birusekin gogoratu ere egiten. Badira sistema horietarako birus batzuk, baina askoz gutxiago dira, hedapen murritzagoa dute eta sistema horiek erabiltzen dituzten ordenagailuak askoz seguruagoak dira kanpoko erasoen aurrean. Baina guk ordenagailu gehienen kasuari erreparatuko diogu: Windows sistema erabiltzen dugu, postarako Outlook Express eta nabigatzeko Explorer programak erabiltzen ditugu. Gainera, aspaldi eguneratu gabeko bertsioak erabiltzen ditugu, Explorer 5 (euskarara itzuli zen azken bertsioa). Errematerako, Windows 98 edo 95 erabiltzen ditugu, XP bertsio berria erabili beharrean, agian euskaraz ez dagoelako edo gure makina zahar xamarra delako XP berriari eusteko. Bada, gure kasua hori bada, gruyere gazta batek baino segurtasun zulo gehiago ditugu eta arraroa litzateke dagoeneko kutsatuta ez egotea. Gure ordenagailuaren konfigurazioa hori izanez gero, ez gara libratuko antibirus programa bat instalatuta edukitzeagatik. Nahikoa izango da nabigatzen ari garela kode maltzurra duen web orrialde batean sartzea gure makina kutsatzeko. Beste batek, birusa egin duenak edo hacker batek, gure ordenagailuaren kontrola har dezake, barruan dauden artxibo eta datu konfidentzialak eskuratu eta bestelako alukeriak egin. Baina horrelakoak oso ezohikoak dira, norberak web-gune hori noiz bisitatuko itxaron barik birusek badutelako hedatzeko modu aproposagoa. Posta elektronikoa da birusek hedatzeko aurkitu duten biderik onena, zuzenean baitoaz erabiltzaileengana. Outlook eta Outlook Express programek duten ahulezia profitatuz, nahikoa da mezu bat irakurtzea, atxikita dakarren birusa zabaldu gabe ere exekuta dadin. Azken finean birusak programatxoak dira eta antzeko gauzak egiten dituzte. Normalean birusak gure lagunen helbideetara berbidaliko du bere burua. Gure lagunek ere zabalduko dute eta gurpil zoroak ordu gutxi batzuen buruan munduko milioika makina kutsatuko ditu. Windows erabiliz gero, onena izango dugu sistema eguneratuta edukitzea. Windows XP bere azken txatal edo eguneraketekin, Explorer 6 Outlook berriarekin... Windows sistemetan sarritan aurkitzen dituzte segurtasun "zuloak". Normalean ez ditu Microsoftek aurkitzen, baina zuloa aurkitu eta berehala prestatzen du enpresak hori estaltzeko txatala. Internauta asko jada gogaituta daude etengabe segurtasuna eguneratzen egon behar izateagatik. Gainera, gero eta memoria gehiago hartzen dute eguneraketek eta agian gure makina ez da azken bertsioei eusteko nahikoa indartsu eta modernoa. Kasu horietan badira irtenbide bi: Microsoften programak erabiltzen jarraitu nahi izanez gero, segurtasun zuloak ahal dugun neurrian estali beharko ditugu: Explorer-eko hobespenetan ActiveX kontrolak ezgaitu (hortik sartzen baitira birus asko) eta Outlook-en hobespenetan aurrebista ezgaitu. Benetan aldatu nahi badugu, Microsoft-enak baztertu eta bestelako programak bilatu beharko ditugu. Alternatiba software librean Bada alternatibarik, bestelako programak erabiliz. Eudora (www.eudora.com) e-postarako programa ona da eta Opera (www.opera.com)nabigatzailea oso segurua ei da. Ordainduzko programak dira horiek, enpresa pribatuek garatuak, baina alternatiba hoberik ere bada, software librearen bidez. Mozilla (www.mozilla.org) sorta oso segurua da, ordenagailu zaharretan instalatu daiteke eta primeran dabil, arazorik gabe sar gaitezke Explorer-entzako arriskutsuak diren webguneetan eta, gainontzean, web orrialdeek itxura bera erakusten dute. Internauten artean egina da eta euskaraz (www.librezale.org) daki Mozillak. Bere baitan nabigatzailea, posta elektronikoa, web orrialdeen editore xalo bat eta chat programa ditu. Soilik nabigatzailea edo e-posta programa nahi duenak, hurrenez hurren Firebird edo Thunderbird bertsio laburtuak eskura ditzake, edozein plataformarekin balio du... Eta guztiz doakoa da. Erabat aldatu nahi duen ausartak Windows osoa baztertu eta Linux sistemara egin dezake jauzi, baina ur handitan sartu aurretik bide librean hasteko modu ona da Mozilla. Birusen gaineko informazioa www.pandasoftware.es/ www.alertaantivirus.es/ Mozilla euskaraz eskuratzeko www.librezale.org