Literatura sarean

Kontaizu

2004, Apirila 01
Arloa: Sarean

sa06_1.jpgLiteraturaren inguruko baliabide asko daude sarean. Argitaletxeak, liburudendak, literatura testuak, idazketa teknikak ikasteko eta lantzeko ikastaroak... Hauetako batzuk aipatuko ditugu, agian lagungarri suertatuko zaizkigulakoan. Internet bera inoizko liburutegirik handiena da, horregatik, paperean inoiz argitaratu bako liburuen ondoan liburu osoak ere aurkituko ditugu sarean. Pantailan liburu osoak irakurtzea ez da batere erosoa. Begiak nekatzen dira eta ezinbestez ordenagailu aurrean egon behar dugu irakurtzeko. Horregatik Susakoek eta beste idazle eta argitaratzaile askok ez dute uste sarean doan emateak liburu horien salmentari kalte handirik egingo dionik. Baliagarritasuna ere aipatu behar da, ikastolako lanen bat egiteko jatorrizko testutik testu zatiak kopiatu ditzakegu eta ondoren gure lanean itsatsi. Komunean, egongelan, ohean edo mendi baten puntan irakurtzeko onena betiko paperezko liburuak dira. Klasikoak ugari dira, egile eskubideak iraungita dituztelako. Literatura unibertsaleko klasiko batzuk badaude sarean eskuragarri. Euskaraz era guztietako liburuak aurkituko ditugu klasikoak.com helbidean, PDF formatoan osorik jaisteko moduan eta doan. Eusko Jaurlaritzaren webgunean ere, euskal idazleei buruzko datuak eta literatura unibertsaleko liburuen aipamen laburrak aurkituko ditugu. Marginalia bilduman X. Galarretak itzulitako hainbat liburu eskura ditzakegu euskaraz. Beste helbide interesgarri asko aurkituko ditugu Aurki bilatzailearen literatura atalean. Literaturaren gaineko weblog edo bitakorak ere badira sarean. Euskaraz antzekoenak Taxi Galduak eta Bailando rumba en el anonimato ditugu. Lehengoak prosa poetikorako joera erakusten du batik bat, testu laburren bidez. Are laburragoak dira haikuak, Japoniatik hartutako esaldiak. Nontzeberri aldizkarian argazki haikuen lehiaketa dago eta edonor har dezake parte haiku bat eginez. Literatura atal berean beste kontu interesgarri batzuk ere badaude. Portugesez ere badira literaturari buruzko bi bitakora aipagarri: Pensar Enlouquece eta Pessoas do Seculo Passado brasildarrak. Sarearen bidez famatua egin den jarduera bat Bookcrossing dugu, liburuak nahita edozein lekutan uztea, besteek irakur dezaten. Hemen ikusiko duzuenez, gure inguruan ere egiten da hau. Literaturaren inguruko bestelako bitxikeri franko aurkituko dugu sarean, esaterako, inoiz debekatuak izan diren liburuen zerrenda edo inoiz idatzi ez diren liburu alegiazkoen bilduma. Invisible Library honetan soilik beste liburuetan aipatzen diren liburuak daude, errealitatean idatzi ez direnak, horietako batzuk oso erakargarriak diren arren. Euskal Argitaletxe gehienak sarean daude: Susa, Txalaparta, Elkar, Pamiela, Alberdania eta beste batzuk aurki daitezke. Azpimarratzekoa da Susa argitaletxeak daukan webgunean hainbat liburu oso-osorik eta doan irakurtzeko eta saretik eskuratzeko modua daukagula.