Utopia posibleak sarean

Jabi Zabala

2004, Abendua 01
Arloa: Sarean

sar13_1.jpgEstaturik gabeko nazioez gain, inongo mapa ofizialetan ageri ez diren herrialde dexente badira. Mikronazioak, alegiazko nazioak eta utopia praktikara eramateko saiakerak aurki ditzakegu Interneten. Denak dira ezberdinak baina denek egiantzeko itxura dute sarean. Batzuek asmatutako hizkuntza ofizialak, pasaporteak eta enbaxadak ere badituzte. Thomas Moore idazleak XVI. mendearen hasieran deskribatu zigun Utopia izeneko irla, berdintasuna (esklabuentzat izan ezik) eta zoriontasuna nagusi zen irla perfektua. Utopia hitzak latinez "inon ez dagoen lekua" esan nahi du, izan ere, bere ametsetako gobernu mota deskribatzeko ariketa politikoa baino ez zen izan Utopiaren deskribapen zehatza. Orduz gero, utopia hitza geratu zaigu balizko gobernu forma perfektuak izendatzeko, ezkorren iritziz inoiz beteko ez diren ametsak eta baikorren ustez eskura dagoen zoriontasunaren gizartea izendatzeko erabiltzen da hitz hori. Alegiazko mundu gehiago aurki daitezke liburuetan. Adibidez, On Kixotek Santxori Insula Barataria delakoaren gobernua emango diola sinestarazten dio Cervantesen liburuan. James Hilton-en Lost Horizon eleberrian Shangri-La izeneko leku galdua dago Himalaya mendietan eta Leonardo Di Caprio protagonista zuen The Beach filmean hippy guztien paradisu moduko txoko sekretu eta izugarri ederrean bizi da, gozaro, komuna moduko lagun taldea. Azken urteotan, Internet heldu zaigunetik, Moorerenaren moduko alegiazko gobernu utopiko asko sortu dira eta sarean izaten duten webguneek benetako herrialde baten webgune ofizialaren itxura osoa izaten dute: lurraldearen deskribapena, historia, gobernu mota edo naziotasuna eskuratzeko izapideak zeintzuk diren ikusiko dugu bertan. Euren artean ere nolabaiteko koordinazioa osatu dute haietako batzuek, NBEn eta beste "benetako" erakundeetan sartzea galerazita daukatenez gero, Mikronazioen Liga sortuz. Macusia, Albernia, Marajo, Argaal, Pacifica, Thalassa edo Torhavn herrialdeak dira. Mikronazioen Ligako kideak dira eta, beste hainbatekin batera agertzen dira elkarte horren webgunean. Batzuek izen hantusteak dituzte, Kato Handiko Inperio Inperialaren Teokrazia Sakratua kasu. Egia esan, denetarikoak dira nazio horiek: batzuek webgunea eta formulazio teorikoa besterik ez dute, baina beste batzuek lurraldea erosita edo okupatuta daukate eta bertan aldarrikatu dute euren estatua. Horietako bat Sealand dugu. Nazioarteko uretan sortu zuen familia batek, britainiarrek II. Mundu Gerraren ostean abandonatutako plataforma batean eta, bertakoen aburuz, nazio independientea izateko ezaugarri guztiak biltzen ditu. Nazioarteko komunitateak ez du inoiz estatu moduan ezagutu baina, badaezpada ere, ontzi asko ez dira ingurutik pasatzen, bertatik tirokatuko dituzten beldur. Pasaporteak ematen dituzte eta, azken urteotan, beste inongo legeen menpe ez dauden Internet ostatatze zerbitzuak ematen dituzte. Bertako herritarrek pasaporteak dituzte eta merkataritza tratuak egiten dituzte Sealand herrialde independientea bailitzan. Honelako beste bat Melchizedek dugu, Marshall irlen ondoko Taongi atoloia eta Kolombiako Malpelo irla bere lurraldetzat hartzen dituena. Beste batzuk guztiz birtualak dira, ez dute lurralderik, baina gobernu sistema zehaztasunez deskribatzen dute webgunean. Babkha mikronazioa, adibidez, historia luzea duen alegiazko lurraldea da Persiaren baitan. Denek ez dute gobernu sistema demokratikoa bilatzen, haietako asko monarkiak baitira. Batzuek pasaporteak eta bestelako parafernalia saltzen ateratzen dute dirua. . Batzuk hiriak dira, aintzinako greziakoen modukoak, Beste batzuek hizkuntza ofizialak dituzte, Banrok hizkuntza nagusi den Ancallon herrialdea kasu. Eredurik landuenetan benetako hizkuntza daukate, hizkuntzalariek asmatutako Conlang bat. Azken finean, imaginazioa eta abilidadeak praktikan jartzeko modu bat dugu herrialdeak asmatzea. Seguruenik Moorek, egun bizirik balego, horrelako webgune bat edukiko luke bere Utopia jendeari azaltzeko.