Kontuz iruzurrekin

Jabi Zabala

2005, Urtarrila 01
Arloa: Sarean

sa14_1.jpgSarean nabigatzeak edo posta elektronikoa erabiltzeak arriskuak ditu, adi ibili ezik iruzurle bihozgabeen hatzaparretan jausi gaitezkeelako. Bide ezberdinak erabili ohi dituzte guri ziria sartzeko, baina euren trikimailuak zeintzuk diren jakiteak babestuko gaitu. Ondoren, sarean iruzurleek erabiltzen dituzten biderik ohikoenak aipatuko ditugu. Negozio borobilen proposamenak Taktikarik landuenen artean nigeriar iruzurra esaten zaiona dago. Ingelesez eta itxuraz soilik guri bidalitako oso mezu luze eta dotorean kontatuko digute Nigeriako goi kargudun batek sekulako dirutza utzi duela herrialde hartan eta berau berreskuratzeko dirua utziz gero, dirutza horren %20 edo 30 guretzat izango dela. Horrelakoetan jaustea ezinezkoa irudituko zaigu, baina mezua jasotako milaka lagunen artean baten bat nahikoa inuzentea izango da dirua ipintzeko. Sarearen bidezko erosketetan eta enkanteetan ere izaten dira iruzurrak, sarri, ordaindu ostean hitzartutakoa ez baita jasotzen. Uste oneko gutunak Hauen helburua jendeak mezua ahalik eta lagun gehienei berriro bidaltzea izaten da, denek mezua aldi berean helbide jakin batera bidali dezaten. Gaixorik dagoen ume bati elkartasuna adierazteko edo birus berri baten arriskuaz ohartarazteko, enpresa batek telefono eramangarriak ematen dituelako edo Bill Gatesek 5.000 dolar zozketatuko dituela. Iragarritakoa ez da egia izaten, gezur hauen helburua norbaitek gure helbide elektronikoak eskuratzea da, ondoren bere datubasera gehitzeko eta guri spam-a bidaltzeko edo spammerrei gure helbidea eta beste milioi bat helbide pertsonal saltzeko. Gezurrezko mezuei hoax esaten zaie, baina spam-arekin lotuta datozenean scam hitz zehatzagoa erabiltzen da horiek izendatzeko. Dialerrak Dialer programak gure ordenagailuan instalatzen dira, 906 edo ordainduzko telefono berezi eta garesti horietara dei dezan konfiguratuz. Guk webgune batean klik egin dugu, akaso OK sakatu dutu eta ez dakigu besterik. Telefono faktura heltzean konturatuko gara programa instalatu genuela eta hark deitu eragin diola gure makinari. Ez instalatu aurretik guztiz fidagarritzat jotzen ez duzun programarik eta kontuz, Explorer programako abisu guztiei OK ez eman aurretik irakurri gabe. Erabili Mozilla edo Firefox, programek instalatzea zailagoa baitute nabigatzaile horiekin. Birusak birusak ere iruzurrak dira normalean, tranpan jausi beharra baitago berauek aktibatzeko. Orain asko ari da hedatzen gabonetarako apropos atera duten birus bat Zafi.D izenekoa, gabonetako postal elektronikoaren itxurarekin datorrena. Kontuz horrelako zorion postalekin, gure lagun batek bidalia badirudi ere, birusak jasotzailearen arabera hizkuntzaz eta itxuraz aldatzen baitu postala. Euskaraz jasotzea seinale ona izan daiteke, birus horrek ez duelako seguruenik gure hizkuntza jakingo, baina mezuaren goiburuan dioena koherentea ez bada hobe izango dugu lagun horrekin bere egiletza telefonoz frogatzea. Spam-a Ingelesezko spam izenagatik ere ezagunak diren zabor-mezuak posta elektronikoz heltzen zaizkigu, bidaltzaile gehienek ez gaituzte ezagutzen, era ilegalean eskuratu dute gure helbidea eta pentsatzekoa da ez digutela ezer fidagarririk salduko. Sarearen historia eginez, dokumentatuta dagoen lehenengo "Make money fast" mezua 1989koa da eta oraindik web nabigaziorik ez zegoen, soilik posta elektronikoa erabiltzen zen unibertsitate eta ikerketa arloko leku bakan batzuetan. Ordutik hona asko garatu dira spamerren teknikak, gauzak saltzeko. Gehienek benetako gauzak saldu nahi dituzte eta horren bidez dirua irabazi, baina ez dira gauza fidagarriak izaten: zakila luzatzeko tratamendu miragarriak, inprimagailurako tinta berezia, Viagraren estiloko pilulak... Sexua da mezu horien gai nagusia, azken finean Interneteko ekonomiaren motorretakoa ei da hori, baina badira saltzaile horiek guri saltzeko prest dauden beste ehunka artikulu kaxkar. Hala ere, mezu horietako batzuk iruzur hutsak dira, pasahitzak edo gure bankuko gakoak emateko eskatzen dutenak kasu. Gogoratu gure bankuak, ganorazkoa bada, inoiz ez digu posta elektronikoz horrelako daturik eskatuko. Azkenean, gure helbidea horien eskuetan jausi bada, gero eta zabor-mezu gehiago jasoko ditugu eta spam-aren kontrako hesi edo bahe bat ipini beharko dugu gure posta programan. Gure mezuak ordenagailura jaisten baditugu, Outlook Expressen estiloko programa bat erabiliz, oso gomendagarria izango da Thunderbird programara aldatzea. Programa librea da Thunderbird eta mezu molestagarriak zeintzuk diren ikasten du, inteligentea baita. Berak ezberdinduko dizkigu guretzako diren mezuak, mezu inportanteak, eta zabor-mezuak. Nabigatzailearen bidezko posta zerbitzua erabiltzen badugu (Yahoo edo Hotmail kasu) ez ditugu mezuak gure ordenagailura jaisten eta, gainera, zerbitzu horiek bahe sistema edukitzen dute guk eskatu gabeko mezuak baztertzeko.