Doako telefonoa ordenagailuan

Jabi Zabala

sa16.jpgSkype programari esker gure ordenagailua doainik deitzeko telefonoa bihur daiteke, sarera konektaturik badago eta mikrofonoa konektaturik badauka. Doako programa da Skype eta Windows, Mac OS edo Linux sistemetan ezarri daiteke. Ondoren, programa duten gure lagun guztiekin hitz egingo dugu, debalde, nahi beste orduz. Skype abiatu ostean, zerbitzua erabiltzeko izena ematen dugunean, erabiltzaile izen bat sortuko dugu eta izen hori izango da aurrerantzean gure "telefono zenbakia". Beste erabiltzaile baten izena ere ezagutzen badugu, telefono deia egin diezaiokegu edo bere kontaktoen artean sar gaitzan eskatu. Dagoeneko badira hitz egiteko aukera ematen duten berehalako mezularitza zerbitzuak, Messenger ezberdinak kasu, baina Skypek denen abantailak biltzen ditu. Gainera, Jabber mezularitza sisteman bezala, erabiltzaile izen bat ez dago derrigorrez e-posta helbide bati loturik; Yahoo edo MSN messenger zerbitzuetan, ordea, bai. IP ahotsa esaten zaio ahotsak saretik garraiatzeari, baina orain arte ez du arrakasta handirik izan. Skypek, berriz, soinu kalitate ona ematen digu, telefono arruntarena baino hobea. Gainera, elkarrizketak etenik gabe egiten dira gehienetan. Baina telefonoz bezala hitz egite hutsari oso ezaugarri interesgarriak gehitzen dizkio Skypek, erabilgarria bihurtzen dutenak. Izan ere, esan dugunez, Skypek mezularitza programa batek dituen abantaila guztiak ditu: gure kontaktuak edo lagunak online dauden adierazten zaigu eta hitz egiteko prest dauden. Baten batek gurekin hitz egin nahi badu gure izenari "deitu" egingo dio eta guri telefonoko txirrina hasiko zaigu joka. Komunikazio guztiak enkriptaturik doaz, elkarrizketen segurtasuna eta pribatutasuna mantentzeko. Messenger-en antzera chat berriketa egin dezakegu, berba egin barik, eta batak besteari artxiboak igorri. Azken finean P2P programa bat da Skype, Kazaa famatua bezala eta sortzaile berek sortua da. Kazaa musika lagunen artean trukatzeko programa ospetsua da, azkenaldion berarekin batera instalatzen dituen adware eta spyware (publizitate molestagarria eta espioitza) osagarriengatik polemikoa suertatu dena. Baina Kazaak aspaldi utzi zion sortzaileena izateari eta Skype honek horrelakorik ez duela ziurtatzen dute Skypekoek. Nahi dugunean programa deskonektatu dezakegu edo gure egoera aldatu, besteei kanpoan, lo edo guztiz deskonektaturik gaudela adieraziz. Lagun askoren arteko solasaldiak ere egin daiteke, bi pertsonen artean hitz egiteaz gain, horrela herrialde askotan dauden lagunen arteko bilera birtualak egin daitezke. Erabiltzen hasten denetik eguneroko tresna bilakatzen da askorentzat, enpresa eta elkarteetan batez ere. Urrun dauden senideekin komunikazioa mantentzeko baliagarria da Skype, baina askoz erabilgarriagoa egiten duen beste ezaugarri bat telefono arruntetara deiak egiteko aukera da. Skypeout zerbitzua kontratatuz gero 10 euroko bonoa eros daiteke eta, ondoren, minutuko bi zentimo baino merkeagoa da Australiako, Europako edo AEBetako edozein telefonotara deitzea. Telefono enpresak ez dira oso pozik egongo programa honekin, dagoeneko ia 2 milioi erabiltzaile baititu eta aurten azkar hedatuko dela diote aditu askok. Doakoa izan arren, hala ere, Skype ez da software librea, jabeduna baizik. Hala ere, bere programaren kodea publiko egin du, komunikaziorako erabiltzen dituen kodeak ez beste guztia publiko eginez. Horregatik, baliteke laster Skype berehalako mezularitza zerbitzu batzuetan txertatuta ikustea, Trillian edo Gaim programetan kasu. LABURREAN Asmakizunen makina "adimentsua" Gogoan daukaguna asmatuko duen webgune bitxia aurkitu dugu sarean. Bisitatzen badugu, haren erronka onar dezakegu eta harekin lehiatu. Hogei galdera egingo dizkigu webgune honek edo haren atzean dagoen ordenagailuak. Ez daki euskaraz baina bai ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez. Gauza bat, objektu bat pentsatu behar dugu eta ondoren hasten da lehia. Gehienez hogei galdera eginda, gogoan daukaguna zer den asmatuko du makinak, bere galderen bidez. Filmak asmatzeko jokoaren modukoa da baina aukera gehiagorekin eta, ondorioz, gizakiok baino "adimentsuagoa" dela aldarrikatzen du. Irabaz diezaiokegu, baina berak 20. galdera baino lehen asmatuko du gehienetan. Matraka ematen Berria egunkariaren gazte gehigarriak bere txokoa ere badauka sarean. Matraka.info webgunean gazteentzako informazio interesgarri asko aurkituko ditugu eta paperean argitaratzen ez diren baliabideak ere bai. Esaterako, bertako eztabaidaguneak erokrazia du izena eta bertan edonork nahi duen proposamena egin dezake. Nork bere albisteak gehitzeko edo lagunak bilatzeko kontaktuak egiteko aukera ere badago bertan. Gazteentzako agenda, sexua, zinema, teknologia, eta hezkuntza atalez gain, zozketak izan ohi dira bertan eta sareko lotura interesgarriak aurkituko digu Matrakan. Gauzen funtsa azaltzen Teknologiaren eta eguneroko bizitzako hainbat mekanismo eta aparailuren funtzionamendua azalduko digun webgunea dugu How Stuff Works izenekoa. Besteak beste, Airbus A380 hegazkinak, josteko makinak, telefono eramangarriak, itsasikarak eta beste hainbat tresna, teknologia edo fenomeno naturalen funtsa azaltzen dituzte bertan. Jokoak euskaraz Taldeka nahiz bakarka ordenagailuaren aurka lehiatzeko jokoak aurkituko ditugu jokoak.com webgunean. Galdera-erantzunen Flash jokoa da Teinka eta jokatzeko beste lehiakide batzuk aurkitu beharko ditugu. Gurutzegramak ere bete daitezke baina nahiko zailak dira. Bestalde, ludoteka.com helbidean joko gehiago aurkituko ditugu euskaraz, taula jokoak zein karta eta dado jokoak: wari afrikarra, xakea, tablut, quarto, go-moku eta beste hainbat, bakarka edo taldeka jolasteko.

Jabi Zabala

2005, Martxoa 01
Arloa: Sarean