Firefox seguruago

Nahiz eta beste nabigatzaile batzuk egon, bada bereziki bat bere izaeragatik berezia dena Firefox. Mozilla fundazioaren lidergotzan eta milaka bolondresen laguntzarekin egunero Internet neutro eta libre baten alde %100ean lan egiten duen proiektua da.

firefox-seguruagoa

Aipatutakoez gain, bakoitzak bere beharretara egokitzeko aukera handiak ematen dituen nabigatzailea da. Hedapen sistemaren bidez nabigatzaileari funtzio berriak gehitzeko aukera dago. Gure kasuan Firefox nabigatzailea seguruago egiteko hedapenak izango dira aipatuko ditugun bakarrak.

Collusion

Bere horretan segurtasuna hobetzeko baino, horren beharraz jabetzeko sortutako gehigarria da. Instalatu ondoren azpian logo txiki bat agertuko da eta bertan klikatuz gero pantaila bat agertuko zaigu. Pantaila horretan borobilez eta marraz osatutako grafo bat ikusiko dugu. Horren esanahia argia da, gure nabigazioan zehar gure jarraipena egiten duten zerbitzuak erakusten dira bertan. Urdinez bisitatutako webguneak ageri dira eta marraz loturik webgune horrek zein beste zerbitzurekin/webgunerekin elkartrukatu duen informazioa. Ez larritu, baina jabetu zuen nabigazioak zein arrasto uzten dituen sareko beste zenbait tokitan.

Ghosthery

Ghostery-k aurrekoaren funtzio antzekoak ditu, baina ez da hain bisuala; aldiz bisualizaziorako baino gehiago balio du. Detektatzen dituen jarraipen tresna guztiei informazioa igorri edo ez esateko aukera ematen du tresnak. Honela, une oro erabaki dezakegu zein zerbitzuri eman nahi diogu gure informazioa. Estatistikak neurtzeko tresna bati adibidez utzi diezaiokegu gure informazioa hartzen eta bitartean publizitatea igorriko digun zerbitzu bati ez. Ghostery berak zenbait informazio biltzen zituelako zenbait polemika zabaldu bazen ere, sortzaileek azalpenak eman ondoren argitua gelditu zen. Era honetako gehigarririk erabilgarrienetakoa da gaur egun.

NoScript Security Suite

Gehigarri honek gure nabigazioa seguruago egiteko balio du. Webgune batera sartzean bertako edukia kargatzeaz gain, horrekin batera milaka funtzio txiki betetzen dituzten kode zati txikiak daude. Horietako askok aurretik ikusi ditugun jarraipen funtzioak dituzte, baina beste askok beste gauza asko egiten dituzte. Gehigarri honen bidez horietako zein kargatu nahi ditugun erabaki dezakegu. Gehienek ez dute arazorik sortzen, baina horietako batzuk gure interesen kontrakoak izan daitezke eta beraz kendu nahi izango ditugu. Horretaz gain, script honen bidez XSS eta klik bahiketa bezala ezagutzen diren erasoak ere saihestea errazagoa da.

Adblock plus

Tresna honi esker gustatzen ez zaigun publizitatea ia erabat desagerrarazi dezakegu gure nabigatzailetik. Gehigarriak publizitatea detektatu eta ohartzen gaitu, gure esku gelditzen da eduki hori kentzea nahi dugun edo ez. Jarraipena ekiditeaz gain, nabigazio garbiago bat egiteko baliagarria den gehigarri interesgarria da. Oso erabilgarria eta mota ezberdineko publizitate berrira egokitzeko gaitasuna erakutsi du gainera. Instalatu beharreko horietako bat.

HTTPS everywhere

EFF Electronic Frontier Foundation eta Tor proiektuak batera sortutako gehigarri bat da. Erabiltzen ditugu zerbitzuetako askok HTTPS protokolo seguru eta zifratua erabiltzen dute komunikaziorako. Horrek zera esan nahi du, zerbitzaria eta gure nabigatzailearen arteko komunikazioa seguruagoa dela. Hala ere, batzuetan ez da derrigorrezkoa izaten erabiltzea, nahiz eta zerbitzuak berak aukera hau eman. Gehigarri honi esker aukera dagoen kasuetan HTTPS protokolo seguruaren bidez egingo da konexioa guk ezer berezirik egin behar gabe.

Cryptocat

Elkarren arteko txat zifratuak egiteko tresna da Cryptocat. Gehigarria instalatu ondoren txat gelak sortu ahal izango ditugu, baina hauen berezitasuna zifratuak izatea da. Gehigarriak gure mezuak zifratu eta bidaltzen ditu gela horietara eta kontrako lana egiten du besteek bidalitako mezuekin. Pasahitz guztiak une eta sesio horretarako bakarrik erabiltzen da, horrek zailago egiten du mezuen argitzea. Software librea denez, eskaintzen duten zerbitzaria erabili beharrean gure instalatu eta erabil dezakegu gainera, noski hori ez da ohikoena izango, baina aukera badago.

Gehigarri hauetako batzuk instalatuta gure nabigatzailea seguruagoa egingo dugu. Segurtasun osoa ez da existitzen, baina gure pribatutasuna hobe zainduko dugu behintzat. Badira beste aukera batzuk ere Tor proiektuak ateratako Firefox nabigatzaile eraldatua erabiltzailea kasu. Pribatutasunaz gain, anonimotasuna ere behar dutenentzat aukera hobeagoa eta sinplea gainera. Bakoitzak erabaki dezala, baina gogoratu behintzat kezka apur bat izatea garrantzitsua da, gero eta gehiago gainera.

Gorka Julio

2013, Iraila 03
Arloa: Sarean