Ikusgarri egin

Gorka Julio

Bisualizazioak beti izan dira interesgarriak, baina orain inoiz baino gehiago baita errazak ere. Bisualizazioen bidez zailak izan daitezkeen zenbait kontzeptu eta ideia aurkez daitezke. Orain arte irudi ediziorako tresnen bidez egin bazitekeen ere, errazagoa da orain sortu diren zenbait zerbitzu erabiliz.

Asko dira eta anitzak zerbitzu hauek. Kasu batzuetan behar zehatz bati erantzuten diote, beste batzuetan aldiz asko dira biltzen saiatzen diren beharrak. Hona hemen horietako batzuk:

visual.ly
Diseinatzaileak eta kontatzeko zerbait duten pertsonak batzen dituen zerbitzua da. Zure kasa editorea eta doaneko txantiloiak (http://create.visual.ly/) erabiliz zure bisualizazio propioa sor dezakezu edo profesional baten lana kontratatu. Bereziki interesgarria izan daiteke Curriculum-a egiteko, tresna ikusgarriak eskaintzen ditu zerbitzuak horretarako. Sare sozialekin lotura eta hauekin bisualizazioak egiteko ere tresna ona da: etiketa baten jarduera bisualizatu, gure profileko gauza adierazgarrienak erakutsi edota sare hauetako informazioa automatikoki txertatzeko aukera eamten du adibidez.


piktochart.com
Aurrekoaren antzekoa dela esan badaiteke ere, bere berezitasunak baditu. Bisualizazioak sortzera dago zuzendua batez ere. Hasieratik bisualizazioak egiteko bidea ematen du, hori bai aukera muga batzuekin. Dauden txantiloi guztien artean batzuk bakarrik erabil daitezke. Hori bai, ikono eta tresna asko dituen editorea dauka. Horretaz gain, gauza interesgarriena sortutako bisualizazioa zabaltzen laguntzeko botoiak eta edozein tokitan txertatzeko aukera dira.

infogr.am

Infografia dinamikoak sortzeko tresna izugarria. Oso bideratua grafika deigarri eta dinamikoak sortzeko, baina ez hori bakarrik. Grafikoez gain txantiloi ezberdinak erabiliz bisualizazio deigarriak ere egin daitezke. Beharbada besteekin alderatuz datuei lotuagoa den tresna bat da, baina horregatik beharbada interesgarriagoa oraindik. Honek ere badu PRO aukera bat noski, aukera gehiago irekitzen dituena, baina oinarrizkoa dohainik erabil daiteke.

cartodb.com

Mapetan datuak erakusteko zerbitzu paregabea. Datu mota ezberdinetan oinarrituz, datu horiek mapa batean kokatu, ikusgai jarri eta analizatzeko tresna da. Oinarrizko erabilpena dohainekoa da eta gero prezio ezberdinak daude egingo duzun erabilpenaren arabera. Hala ere, oinarri erabiltzen duen javascript liburutegia software librea da eta jakintza izanez gero zure kaxa erabil dezakezu.

geocommons.com
Hau ere mapen gaineko bisualizazioak egiteko aukera ematen duen tresna bat da. Datuak hartu eta interpretatu ondoren mapan kokatzen ditu. Ez hori bakarrik, kapa eta kontrol mota ezberdinekin bisualizazio dinamiko konplexuak sortzeko aukera ematen duen tresna da. Aukera paregabea bisualizatutako datuekin interpretazio ezberdinak egin nahi badira adibidez.

Orain arte bisualizazioak egiteko tresnez aritu gara, baina bada horretarako baino gehiago aukera ematen duen tresna bat, Mozilla Thimble. Tresna oso sinplea da, baina gauza nahiko konplexuak egiteko aukera ematen du. Bisualizazioak baino, orrialde dinamikoak eraikitzeko balio dezake. Interesgarriena beharbada irakasteko metodoan dago. Zerotik edo txantiloi batetik abiatutako sorkuntzaren kodea ikusteko aukera ematen du une oro. Ezkerrean kodea dagoen bitartean, eskuinean bisualki ikusten dena erakusten du. Atal bisualean arratoia jarriz gero, kodean hori nola adierazten den erakusten du. Meta-ikasketa bat dela esan daiteke, kodea (kasu honetan HTML) jakin gabe ikasteko parada ematen baitu.

Bisualizazioek ematen dituzten aukera baliatzen ikastea, ia ezinbesteko jarduera batean bihurtzen ari den honetan tresna hauek bidea irekitzen digute. Mozilla Thimble bezalakoek aldiz pauso bat gehiago ematera laguntzen dute ez tresna bakarrik, baizik eta atzean dagoena ikasteko bidea ere jartzen dute.

Gorka Julio

2013, Uztaila 26
Arloa: Sarean