Mona Lisaren arrastoari jarraika

Onintza Enbeita

Leonardo da Vinciren aurrean modelo lanak egin eta 500 urtera, halako xarma piztuko duela esan baliote, Mona Lisak ez luke proposamena onartuko akaso. Hala ere, inork ez dakizkien arrazoiengatik, Leonardo da Vincik bera aukeratu zuen koadroa egiteko, eta berak onartu egin zuen koadro horretan agertzea. XVI. mendean margotu zuen Da Vincik Mona Lisa edo La Giocconda eta datorren apirilaren 27an haren hilobia izan daitekeenetik gorpua ateratzekotan dira.

Asko dira Mona Lisaren identitateari eta Leonardo Da Vincirekin izan zuen harremanari buruzko hipotesiak. Giorgio Vasari margolari eta historialari florentziarrak bizi-bizian eta bertatik-bertara bizi izan zuen Da Vinciren garaia. Hainbat artistari buruzko biografiak idatzi zituen Vasarik, eta haietako batean dioenez, Da Vincik izerdia sobera bota zuen Lisa Gherardiniren koadroa egiteko. Emakume hau, Francesco del Giocondoren emaztea zen (hortik La Gioconda); Florentziako familiarik aberatsenetakoa zen berea.Sinesgarritasun gehien izan duen hipotesia horixe da: Mona Lias Lisa Gherardini dela.

 

Gorpua berreskuratzea

Gherardini 1479an jaio zen, eta senarra hil zitzaionean, 1538an, monja sartu zen. Handik lau urtera hil zen, eta diotenez, bertan lurperatuko zuten seguruenik. Orain, Santa Ursulako konbentu zaharrera doaz historialari eta aditu zenbait haren gorpua izan daitekeenaren bila. Izan ere, oraintsu aurkitu dute konbentu izandakoaren kripta eta pentsatzen dute han lurperatuta daudenetako bat izan daitekeela Da Vinciren Mona Lisa.

Gorpua kriptatik atera eta gero, ADN frogak egingo dizkiote, eta Mona Lisa izan litekeenaren seme biren ADNarekin alderatuko dute harena. Gorpua berea dela frogatzen badute, eta burezurra osorik edo osorik antzean badauka, haren aurpegia nolako izango zen atera ahal izango dute hiru dimentsiotan.

 

Onintza Enbeita

2011, Apirila 06
Arloa: Arteder