Bertsoa bizi dot, bertsotan aritzea gustuko dot, bertso giroa...

Kontaizu

2004, Maiatza 01
Arloa: Bertsoleku

bl07_1.jpg

  • Arrate Illaro. 15 urteko Getxotarra.
  • Betiko Ikastolako ikaslea.
  • Saskibaloira eta eskupilotara jolastea du gustuko.
  • Algortako Bertso Eskolako kidea da.

 

Gaia: Maiteminduta zaude, eta zure maiteari maitasunezko gutun bat idatzi behar diozu.

Egilea:

Amaia Uribe. 19 urte. Forukoa.Kaixo laztana, zelan bizitza? Nirea ezin joan txarrago, maitasun mina ezagutu dut, bihotza daukat arraro. Nire buruan bueltaka zauzkat Maiteminduta al nago? Sentipenetan esklabo, denbora ezin igaro... Zure bizitza, dagoeneko, Nirea ordezkatzen dago, zeure lorpenek pozten bainaute neureek baino gehiago! Denborarekin, bihurtu zara nire bizitzako errege, baina ni noizbait izango al naiz zure bihotzaren jabe? Maitasunari ireki nahian ate oro parez pare: ez zaitez izan herabe, joango gara suabe-suabe... Nire ametsik handiena da bihur zaitezela nire: nire bizitzak ez du zentsurik zu nirekin ez bazaude. Sentipenetan murgildu ahala egin behar gogoeta, maitasunaren gazi-gozoei egin behar azterketa: zure beharra dut uneoro, nago ilusioz beteta, zu lortzea nire meta, maitasun mina iseka... Ea gutunak lortu dezakeen merezidu duen arreta, musu handi bat nire partetik, asko maite zaitut eta.

 

Nork bultzatu zintuen bertsotan hastera?

Gaztetan telebistan entzuten nebazan bertsoak eta gero ikastolan hasi nintzen kantari, baina irakasle batek eta Jon Lopategik ere asko lagundu daustie.

Betiko Ikastolako ikaslea izanik aurten zuen eskuetan dago Ibilaldiaren antolakuntza. Bertsolaritzaren inguruan ze ekitaldi dago?

Aurre Ibilaldia dela eta, bertso afari eta saioetan kantatu dot. Ibilaldiko egunean ere, bertsotan egiteko aukera izango dodala uste dot, bertan antolatuko dan bertso saioren baten.

Zenbat Txapelketa egiten dituzu urtean zehar?

Alde batetik, maiatzaren hasieran Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketa hartzen dot parte, eta hilabete beraren bukaeran Eskolarteko Bat-bateko Sariketa egoten da.

Bertsoa bizi duzu ala bertsotan bizi zara?

Biak. Bertsoa bizi dot, bertsotan aritzea gustuko dot, bertso giroa...

Zelan ikusten dituzu neska bertsolariak Bizkaia mailan?

Geroago eta hobeto. Iaz, eskolartekoetan adibidez, txikien mailan neska asko egon ginen finalean, txapelduna bera ere neska da... Neskok ez gara mutilak baino gutxiago, gero eta argiago dago, egungo plazatan duela urte batzuk baino neska gehiago ikusten baitira bertsotan baina halan da be aurrerantza jarraitu beharra dago.

Mikrofonoaren aurrean beste bertsolariak lagun edo etsai ikusten dituzu?

Lagunak dira. Bertsotan ondo pasatzen saiatzen naz. Bertsolariak lagunak ditut taula gainean zein kalean. Ez dot lehiakortasuna gogoko, ezta sariketetan ere...

Ze ezaugarri behar ditu bertsolari batek?

Bertsotan aritu gura izatea, eta horretarako gogoak edukitzea.

Amaitzeko bota bertso bat Ibilaldia gaitzat hartuta:

Ibilaldia egingo dugu Bi ikastolek batera Baina euskerak bizirauteko Egun bat nahiko ete da? Euskeraz bizi ta ikastea Dugunez gure aukera Euskal herria elkartuko da Ibilaldia egitera Holan bakarrik aterako da Gure hizkuntza aurrera.

PUNTUKA

 

BERTSOLARI GAZTEEN EGUNA

Joan zen apirilaren 3an ospatu zen lehenengo Bizkaiko Bertsolari gazteen eguna Aulestin. Goizean hasi zen jaia, eguerdirako plaza erdian baitzeuden Bizkaia osotik joandako gazteak. Goizeko poteoaren ostean bazkarirako ordua heldu zen. Baina unerik onenak arratsaldean izan ziren, adin guztietako bertsolariak ibili baitziren kantuan Asier Ibaibarriagak gidatu zuen saioan. Ondoren, zaharrak berri tour ekimenaz gozatu zuten Aulestiara urreratu zirenek.Egunak aurrera egin ahala, Ilarrgiagaz batera etorri zen oliba gorriak taldearen kontzertua eta Etxabe Anaiak taldearen erromeria. Amaieran denak pozik etxerantz, batzuk goizago eta besteak beranduago…