Gurago dot esateko daukadana zuzen esatea, metaforekin ibiltzea baino

Kontaizu

bl23_1.jpg

  • Onintza Enbeita Maguregi naz ni.
  • 26 urteko bertsolaria, Muxikakoa.
  • Bizkaiko Txapelketan finalaurreetan hainbat aldiz sailkatua.
  • Kazetaria Berriako matraka gehigarrian.

 

Egilea: Enea Pinillos (Elorrio)

"GENERO INDARKERIA"

Oroitzen duzu hondartza hartara joan gineneko eguna? zu zinen nire printze urdina eta ni zure kuttuna baina harremana aldatu egin da eta ni naiz erruduna non galdu zaigu, non utzi dogu lehenau sentitzen genduna zureganako beldurra da orain hasierako maitasuna. Barneko penak, kanpoko markak dena ezkutatu ezin hainbeste malko, hainbeste jipoi hainbeste izu eta min orain bost urte hasi zinela eta jarraitzen duzu berdin mozkortu eta etxeratzean egurra emateari ekin nirekin egin zuk nahi duzuna baina ez sartu haurrekin. Honek ezin du berdin jarraitu jada nazkatuta nago nik maite nuen pertsona hura desagertu da zeharo nahiz zure menpe bizi izan naizen ene laztana luzaro ez naiz izango gaurtik aurrera zure jipoien esklabo zu jada ez zara lenagokoa ni ez naiz berdina izango.

 

Ze prestaketa egin dozu Euskal Herriko txapelketarako?

Askorik ez. Errima batzuk eta errepasau dodaz etxean neure kontura, eta lagunakaz batu eta bertsotan egin izan dot makinaria engrasetako. Dana dala, ez dot lorpen handietarako esperantzarik izan, eta horrek gauzak arin samar hartzera eroan nau akaso.

Zelan ikusten dozu aurtengo txapelketea?

Aro barriaren txapelketea izango da aurtongoa. Finala, lehenengoz Bizkaian jokatuko da, sorpresa asko egongo dira, finaleko zortzikoa aldatu egingo da dudarik barik... ganera, nire kasuan Uztaritzen kantetako aukera be euki dot. Gitxitan urtetan dogu bakotxak bere lurraldetik eta hori beti da hona.

Zelan gogoratuten dozu zure hasierea bertsotan?

Zortzi urte baino ez neukazan bertso eskolara joan nintzenean. Fundamentuzko gauza askorik ez gendun egingo, baina ondo pasetan genduan. Oroitzapen on asko daukadaz baina txarrak be bai. Lehenengoz eskenatoki batera igon nebanean, musturrez aurrera jausi nintzen!!

Urtean zehar plaza asko izaten dozuz?

Gero eta gehiago. Urte honetan inozkorik gehien egin dodaz, eta esperantza daukat egindakoei behintzat eusteko. Halan be, bertso saioen menpean ez neuke bizi gura. Beste gauza batzuetarako denporea be inportantea da.

Nor ikusten dozu aurtengo txapeldun?

Ikusi gura neuke beste baten bat, baina sentsazinoa daukat Andoni Egañak irabaziko dauala. Argia da, kalkuladorea... bertsolari ona izateko eta txapeldun izateko dohain asko daukaz. Hirugarren txapela irabazi ebanean, ez dot uste dana emon ebanik, aurton bertso saio batzuetan ikusi dot, eta pufffaaaa!!!

Zelan definituko zaunke Onintza Enbeitaren bertsokera?

Naturala, etorri ahalakoa. Floriturak ez jataz asko gustetan. Bertsoa bertsoa da, poesia poesia, gurago dot esateko daukadana zuzen esatea, metaforekin ibiltzea baino. Dana dala, gurauko neuke nire bertsokerea beste batek definiduko baleu. Nik transmitidu gura dodana, eta transmititzen dodana, igual ez dira bardinak izango eta.

PUNTUKA

 

FINALAURREAK ERABAKITA

Hamasei bertsolarik izango dute aukera Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finalaurreetan kantatzeko. Duela lau urte finalista izan ziren sei bertsolariak: Igor Elortza, Jon Maia, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Jesus Mari Irazu. Final laurdenetan izan diren saioetan irabazle izan direnak: Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Jon Martin, Amets Arzallus eta Aitor Sarriegi eta puntuazio onena lortu duten zazpi bertsolariek osatuko dute taldea: Ekaitz Goikoetxea, Xabier Paia, Fredi Paia, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Manzisidor, Jokin Uranga eta Arkaitz Estiballes. Saioak bi itzulitan banatuko dira, Hendaia, Markina Xemein, Gasteiz, Zumarraga Urretxu, Bera eta Donostian. Egilea:Iñaki Iturriotz

Kontaizu

2005, Azaroa 01
Arloa: Bertsoleku