Bertsoa jolas bat da.

Kontaizu

bl31

  • Xabier Irakulis
  • 17 urteko zornotzarra
  • Kirolzalea
  • Eskualdekako sariketako irabazlea 2006.urtean Durangaldeagaz.

 

Gaia:

Neska gaztea zara. Normalean, parrandatik bueltan, lagunen bategaz egiten dozu etxerako bidea; gaur, ostera bakarrik zoaz, urduri, etxera heltzeko gogoz.

Arrate Illaro

Nahiz ta gainean daukadan orain Lehenago mozkor itzela Nahiz lasai joan den gaubela Beldurra daukat nahiz badakidan Beldurra dela krudela (bir) Mutil guztiak zaudete hemendik Eta bejondeizuela Beldurra baitut horrela Etxera noa nahiz iruditu Sentitzen naizen goibela Gaur sentituko dudan beldurra Amaren errua dela. (bir)

Miren Amuriza.

Bakardadeak emoten dausta Hainbat beldur hainbat fede Pausurik pausu neure itzalagaz Biok gabeko errege Neure etxera heldu nahi badot Ibili behar dot trebe Bakardadea zelan izan lei Asko ta askoren xede Alde onetik begiratuaz Esperantza egin dot neure Holan ibilten jakin beharko dot Etorkizunean ere.

 

 

Noiz hasi zinen bertsotan?

Boskarren mailan euskararen ordez bertsolaritza izaten gendun. Jon Lopategi etorten zan astean baten gure ikastolara. Kanta zaharrak buruz ikasi eta papelean bertsoak egiten aritzen ginen. Giroa eta bertsotan egiteko moduak gustatu eta apurka-apurka aurrerantza egin dot. Hasiera batean, asko hasi ginen baina orain gitxi batzuk geratu gara.

Bertsoa jolas bat al da zuretzako?

Jolas bat izan daiteke. Niretzat bertsotan egitea ez lan bat. Jolasean normalean entretenimendua bilatzen da eta niri bertsoak hori emoten deust. Bertsoa jolas bat da.

Jende aurrean kantatu orduko zein sentsazio izaten dozu?

Urduritasuna beti. Behin kantatzen hasita gero baretu egiten naz, lasaitasuna errekuperatzen dot ikusita nire buruak ondo erantzuten dauela jende aurrean. Bertsotan hasi aurretik bertso saioan ez pentsatzen saiatzen naz, ordu bete falta danean burua beste nonora eroanaz. Baten bategaz berba egin baina ez naz konzentretan bertsotan ondo egin behar dodala pentsatuz.

Bertso eskolan ze modutan lantzen dozue bertsolaritza?

Herriko lau edo bost lagun batzen gara bertso eskolan. Lagun giroan egiten dogunez bertsotan gustura egoten gara. Ofizioko ariketak, puntuari erantzune edo bakarkako gaiak lantzen doguz, baina bertsoen artean lagun arteko barriketa batzuk be tartekatzen doguz.

Zein puntako bertsolarigaz gustatuko litzakezu kantatzea?

Xabier Amurizagaz. Bera izan da Zornotzako herrian bertsolaritzaren gorenera heldu dan bertsolaria. Gainera bai berak eta bai nik, biok daukagu Etxanoko odola. Familiaren ezaguna izan da Xabier, nire etxekoengandik gertu egon dana eta asko gustatuko litzakit beragaz batera kantatzea nahiz eta badakidan gatxa izango dala.

Euskara ikasgaia errazago aprobatzen al da bertsolari izanda?

Ba bai. Alde batetik ikusita bertsolaria zarela beste begi batzuekaz ikusten zaitu irakasleak. Nik hori igarri dot. Baina euskara gainditzeko ikasi egin behar da. Bertsoak hiztegi mailan, gramatikan... aberastasuna ekarri arren ikasten ahalegindu behar da. Lotura handia dauka euskarak bertsoagaz.

Txosna giroan bertsotan aritzen al zara gauetan?

Bertsotan ez dabilena be ibiltzen da sarritan. Nire kasuan be egia da gauetan bertsotan ibiltzen nazela. Zeozer edan ostean beti heltzen da puntua neskai edo ingurukoari zeozer kantetako edo giroa alaitzeko ondo etortzen da bertsotan aritzea.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Argazkilaria:

Iñigo Azkona

 

PUNTUKA

 

BERTSO UDALEKUAK 2006

Bertsoa. Bertsozaletasuna eta udako eguzki beroa bateragarri dirala frogatzeko aurten be Bertso Udalekuak antolatu ditu bertsozale elkarteak, adin eta leku desberdinen araberako aukerak. 10-13 urte bitartekoak Zuhatza urtegian batuko dira, Araban. 13tik 15era bitartekoak Eulateko aterpetxean eta 15 urtetik 18 urte artekoak Aubixa baserrian egingo dituzte udalekuak uztailaren 21etik 30era. Mendi urteerak eta bertso jolasak, bertso afariak puntako bertsolariekaz ez dira faltako jai egunotan. Animatu izena ematera!

 

Kontaizu

2006, Uztaila 01
Arloa: Bertsoleku