Durangoko disko uzta

Kontaizu

kuraiabarre.jpg


Geroz eta gutxiago falta da Durangoko liburu eta disko azokak ateak ireki ditzan, eta dagoeneko bat baino gehiago erosi beharrekoen zerrenda egiten ibiliko da. Hain zuzen, nobedade ugari aurkeztuko dira aurtengo ekitaldian, baina oraingo honetan musika eskaintzari helduko diogu batik bat.

Berriak...

Elkarren eskutik, Oskorrik Desertore lan berria eramango du Durangora. Hodeiertz abesbatzaren Umama, Euskal Dantzarien Biltzarraren Gipuzkoako dantzak, askoren artean egindako Xiberotar bozak, Belardiren Belardi, Angel Unzuren Melodías de la piel, zein Euskariansen katalogoko bilduma izango dira Donostiako disketxearen beste proposamenetako batzuk. Gaztelupeko Hotsak-ek, berriz, Mal de ojoren Mestijaia, Karidadeko Bentaren Karidadeko Benta, Four Friendsen Bilbop, Victor Aneiros Banden Live in Montreaux, Audience-n Second handed eta Zaharregia, txikiegia agian disko liburua plazaratuko ditu. Azken horretan Kirmen Uribek Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikarien laguntzarekin, New Yorken emandako poema musikatuen errezitaldia aurkituko duzue. Karidadeko Bentari dagokionez, Jon Maia bertsolariaren inguruan eraturiko taldea da. Zarauztarraren koplak eta bertsoak ditu oinarri, eta munduko hainbat herritako musika (Euskal Herrikoa, Marokokoa, Karibekoa…) jarraituz interpretatuko dituzte. Bestetik, Gernikako Audience taldearekin Gaztelupek Noizpop zigilu berria jarriko du martxan. Horren barruan, indie estiloko proposamenak aurkituko dituzue aurrerantzean. Bien bitartean, Gor disketxearen erakusmahaian ondoko lanak izango dira: Leihotikan-en Munduaren leihoa, Skalariak-en ibilbidea laburbiltzen duen Street ska DVD-a, Berri txarrak-en Libre, Tijuana in Blueren Bufa la cascarraca (zuzeneko hiru kontzerturen grabazioa) DVD zein CD formatoan, eta Lor zein 4 Itzal taldeen azken diskoak. Metakek talde zein abeslari ezagun askoren disko berriak eramango ditu: Ruper Ordorikaren Kantuok jartzen ditut, Kuraiaren Iluntasunari barre (disko bakarra grabatzeko asmoarekin elkartu baziren ere, zuzeneko emanaldien arrakasta ikusita bigarren lana kaleratzea erabaki dute talde kideek), Eraso!-ren Grisez bustitako egunak, Rafa Ruedaren (PiLT-eko abeslaria) Kea, zein Maddi Oihenart eta Josetxo Goia-Ariberen Ilhargi-min. Gainera, Irungo disketxeak ezusteko txiki bat prestatu du azokarako: Pil-pil sessions delakoen barruan, alde batetik Anari eta Petti elkarrekin abesten jarri ditu, eta, bestetik, Sen eta Hendrik Roever (Los Deltonos eta Hank taldeetako kidea). Emaitza Durangon izango duzue. Oihukak, aldiz, Ikusen Nere buruan, Axular Arizmendi Axular Djaren Axular DJ, Pin Pan Pun Banden 2. bolumena, Harlaxen Ez diren gauzak ere badira, zein Ileonen Justiziaren kiratsa plazaratuko ditu. Azken bi horiek heavy gogorra atsegin dutenentzat aproposak dira. Madrilgo Resistencia disketxearekin izango da Jabier Muguruza Durangon. Enegarren postalaaurkeztuko du han.

… eta aspaldikoak

Baina dena ez da nobedade izango. Disketxe batzuek beren ondarea arakatu dute, eta aspaldikoak izan arren ahaztu beharko ez liratekeen lanak plazaratuko dituzte berriro. Horien artean daude Zarama eta Errobiren diskografia osoa (Elkar), Mikel Laboaren 60ko hamarkadako kantak (Elkar), Artze anaien saiorik onenak biltzen dituen Diraganean dirauena (Elkar), Bap!!-ek Andoaingo gaztetxean eman zuen azken kontzertua jasotzen duen Bazen (Metak), zein askoren abestiak biltzen dituen Sex-n-rollbilduma (Oihuka). Orain zuri dagokizu aukeratzea.

 

Kontaizu

2003, Urria 01