Didjeriduaren hotsak liluraturik

Kontaizu

bm10_0.jpg


bm10_1.jpg

Tutu luze baten antza duen tresna hau, jatorrian, termitek zulaturiko eukaliptozko enbor huts bat da, eta zulotik putz eginda soinu grabe bat sortzen du. Didjeridua Australiako aborigeneen kulturari estuki loturik dago, pentsa, tresnak, berez, 20.000 urte inguru dauzka! “Benetako didjeriduek nota bakarra ematen dute, baina nota bakar horren barruan hamaika soinu sartzen dira”, azaldu digu Ibanek. “Batzuek uste dute tresna mugatua dela, baina, egiazki, beste musika tresna batzuek ez dituzten baliabideak ditu. Dena den, badira nota aldatzea ahalbidetzen duten didjeriduak. Horrelakoak PVC-z eginda daude, eta prezio merkean lor daitezke”. Prezioak aipatu dugula, zenbat balio du didjeridu arrunt batek? “Banbuzkoak 30 eta 150 euro bitartean eros aditezke. Baina eukaliptozkoak 3.000 eurotara irits daitezke, egin dituen artistaren araberakoa izaten baita prezioa. Euskal Herrian ez dago didjeridurik saltzen duen dendarik, ez behintzat eukaliptozkoak –azken batean, horiek dira profesionalek erabiltzen dituztenak-. Dena den, nik zenbait kontaktu ditut Australian eta handik hona bidaltzen dizkidate tresnak”. Garai batean, Donostiako kaleetan ibiltzen zen musika jotzen. Jendeak harriturik begiratzen zion, arras bitxia baitzen esku artean eramaten zuen tresna, are bitxiagoak handik ateratzen ziren doinuak. Izena ere ez da makala: didjeridua. Norbaitek galdetuko du: eta zer demontre da hori? Iban Nikolai oiartzuarrak erantzungo dizue, zazpi urte baitaramatza musika tresna horrekin erabat maitemindurik. “Didjeridua antzinako tresna da, eta, aborigenen arabera, naturako soinu guztiak uztartzen ditu. Horregatik, oso barrura sartzen den musika da”.

bm10_2.jpg

 

Londrestik Australiara

Hamasei urte zituela, Londresen bizi zen arreba bisitatzera joan eta orduantxe ezagutu zuen Ibanek didjeridua. “Kontzertu batean entzun nuen estreinakoz haren soinua, eta, une horretan nigan eragin handirik izan ez bazuen ere, buruan txertaturik geratu zitzaidan mementu hura”. Hogei urterekin, Ingalaterrara bizitzera joatea erabaki zuen, eta bertan zegoela banbuz egindako didgeridoo bat oparitu zioten. Musika tresna eskutan, Iban haren teknika ikastearekin tematu zen. “Pixkanaka-pixkanaka joan nintzen haren misterioan ezagutzen, harik eta maila profesionalean jotzera iritsi nintzen arte”. Hasiera batean, Oiartzunekoa bere kabuz aritu zen didjeridua jotzen. Baina aurrera egiteko norbaiten aholkularitza ezinbestekoa zuela ikusita, klaseak hartzen hasi zen. Urte hauetan zehar, guztira hamahiru irakasle eduki ditu Ibanek –besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Ingalaterran, Holandan, Belgikan eta Frantzian ibili da ikasten-, haietarik azkena Australiako musikari ezagun bat: Djalu Gurruwiwi. “Didjeriduari dagokionez, munduan den pertsonarik jakintsuena da Djalu”, azaldu digu. “Australiara joan nintzen berarekin ikastera, eta bi hilabetez munduko beste 25 ikaslerekin handik ibili nintzen, didjeriduaren teknikan sakontzen”.

Epe horretan, Iban aborigeneen artean bizitzeko aukera izan zuen. “Sekulako esperientzia izan zen. Euren erreserbatik gertu kokatu nuen kanpin denda, eta hango familiek semetzat hartu ninduten. Hango familiek bestelako egitura daukate: kide bakoitzak zazpi ama, bi aita, lehengusu-lehengusina mordoa, anaia-arrebak… eduki ditzake. Odolak baino gehiago, harremanak finkatzen du euren arteko lotura. Bertan igaro nuen denboran, familiaren parte sentitu nintzen. Hara abiatu nintzenean, ez nuen pentsatzen halakorik gerta zitekeenik. Alde horretatik, esperientzia ahaztezina izan da”. Euskal Herrira bueltan, bere hurrengo diskoa izango zenaren nondik norakoak zehazteari ekin zion Ibanek. Egun batzuk grabaketa estudioan sarturik igaro ostean, duela aste batzuk denbora honetan guztian landutakoaren emaitza aurkeztu zuen: Didjeridu hotsak . Aipatu diskoa Ibanek grabatzen duen hirugarren lana da. Lehenago, Yurlunggur (2002) eta Didgeridoo live (2003) kaleratu zituen.

Kontaizu

2004, Abuztua 01