Musika tradizionala berrikusten

Kontaizu

bm13_1.jpg


bm13_2.jpg

Orain dela hamar urte sortu zenetik, Albokak hainbat disko kaleratu ditu, beti ere herri kantuei loturikoak. Baina urteak aurrera doaz, gauzak, egoerak aldatu egiten dira, hots, ezer ez da betiko izaten. Horren adibide garbia da Gipuzkoan sortu zen taldea: laukote gisa lotu zitzaizkion herri kantuak gaurkotzeko lanari, eta, gaur egun, bi kidek bakarrik jarraitzen dute zeregin horretan: Joxan Goikoetxeak (akordeoia) eta Alan Griffinek (haize musika tresnak). «Batzuetan pentsatu dugu baliabide gutxiago ditugula, biok bakarrik geldituta akordeoia eta haizezko tresnak baino ez ditugulako, baina berehala eman diogu buelta horri», esan du Goikoetxeak. Eta horren adibide dugu bikoteak duela egun batzuk aurkeztu zuen azken lana, Albokaren laugarrena: Lau anaiak (Elkar). Alan Griffinen ustez, Lau anaiak aurreko diskoak baino «introspektiboagoa» da, baina horrek ez du esan nahi lehengo lanekin apurtu egin dutenik. Aitzitik, orain arte egindakoaren jarraipentzat jotzen dute disko berria, baina emaitza aldetik biribilagoa. «Serioagoa, nolabait esatearren», esan du Goikoetxeak. «Alanek dio lan honetan hasi garela bata besteari gehiago entzuten. Orain arte zarata handiagoa egiten genuen, eta, alde horretatik, Lau anaiak gure arteko elkarrizketa gisa sortu da». Lana grabatzeko, zenbait kolaboratzaileren laguntza jaso dute Goikoetxeak eta Griffinek: Benito Lertxundik eta Xabi San Sebastinaek ahotsa jarri dute kantu batzuetan; Fiachra Mac Gabhannek bouzokia eta mandolina jo ditu, Mikel Artiedak baxua, Fon Romanek gitarra elektrikoa, eta Zohar Frescok, berriz, perkusioa.

bm13_3.jpg

Egiazki, bikote bitxia osatzen dute Goikoetxeak eta Griffinek. Izan ere, azken hori Irlandakoa da, baina urteak daramatza euskal kantutegia arakatzen, batez ee Azkuerena, eta hortik altxor ugari atera ditu. «Kantutegiak oso aberatsak dira, eta herri musika oso ondo biltzen dute. Beraz, kantuak berreskuratu baino gehiago, ezkutuan egon diren kantu batzuk interpretatzen ditugu», azaldu du. Izan ere, euskal kantagintza tradizionaleko kantu asko eta asko inon grabatu gabe daudela diote Albokakoek. «Zorionez, material hori kodetuta dago, eta kutxa horetan arakatzea eta aukeratzea da gure lana». Irlandako musika tradizionalean hazia eta hezia izan zen Griffinentzat, tradizioaren berrirakurketak «kultura ez ezik, abestia ere» aberasten du. Ildo horretan, lan berrian hainbat herri doinu bildu dituzte berak eta Goikotxeak: Sakabiren biribilketa, Gizonak eztau behar, Hariztarren balada, Bonbolostina, Urrestillako festetan, Tilosetako txistua eta Gizon pipartzaleak. Horietako batzuen hitzak jatorrizkoak dira, baina beste batzuenak –Hariztarren balada eta Bonbolistinarenak, esate baterako- Griffinek idatzi ditu. Ez hori bakarrik, kantu berriak egitera ere ausartu da Irlandakoa. «Orekan dago gako, azken batean kantutegia jorratzen dugun moduan, kantutegi horri aleak gehitzea gustatzen zaigu. Herri musika ezin baita mugatu duela berrehun urte sorturiko kantuak interpretatzera», azaldu du Goikoetxeak. Arrazoi horrek bultzatuta, ezpata-dantzen alorrari ere bere ekarpena egin dio Albokak azken urteetan. Griffinek esaten duenez, doinu horrekin itsutzera ere iritsi dira, «hamar melodia besterik ez dagoelako tradiziotik jasota». Horregatik, ezpata-dantza neurriko hainbat doinu sortu dituzte, «betiere euskal tradizioaren ikuspegi zabal batean lekuz kanpo geldituko ez diren ustearekin».

bm13_4.jpg

Musika tradizionalak egungo edozein estilok baino muga gutxiago dituela uste arren, beren musikari ere muga batzuk jartzen dizkiotela onartzen dute Albokakoek. «Nahiz eta Euskal Herrikoak ez diren elementuak erabili, musika euskalduna da. Ez dago herri musikak nolakoa izan behar duen esaten duen bibliarik, baina kode batzuk baditugu. Kanpora goazenean, musika euskalduntzat jotzen dute Alboka, eta hori gustatzen zaigu, koordenatu horiek ere ulertzen dituztelako».

Kontaizu

2004, Abendua 01