ERASO! Taldearen disko berria

Gotzon Uribe

bm24_1


bm24_2.jpg

Metal doinuak era duin batean jorratzen dituen taldea dugu hitzordu hil honetan. Zarautzko taldearen laugarren lanak “Kontra” (Metak 2005) izenburua darama. Euskal Herriko hainbat eta hainbat gaztek jarraitzen dute laukotearen musika. Metal doinu indartsuak melodiarekin baturik doaz. Eraso! taldeak ezaugarri nagusi bat baldin badu bere sonoritateari eskaintzen dion fideltasuna da. Hasi zirenetik egundaino fidel eutsi diote beren abestiak osatzeko duten erari, eurek propio duten musika ulertzeko era berezia. Baina laugarren lan hau aurrera ateratzeko orduan, orain arte taldekide izan duten Amaiur-ek taldea utzi du eta bere ordez Ander (Estigia, Nork…) sartu da. Metala izan dute ardatz beti taldekideek, nahiz eta beste lan batzuetan izan duten eremu ezberdinetan murgiltzeko betarik. Oraingoan ordea, zainetan eta bihotzean daramatena erakusteko bilduma sortu dute eta agian horregatik Eraso!-ren disko beltza izan daitekeela pentsatzera iritsi gaitezke. Disko beltz ugari izan dira euren ezaugarriak dituzten taldeetan konsolidazioa erakutsi dutenak, eta hori izan daiteke oraingoan talde honi tokatu zaiona. Inoiz baino gardenagoak, inoiz baino kezkatuagoak baina inoiz baino indartsuagoak. “…adierazpen askatasuna baita azken finean ate berriak irekitzen dizkiguna” bezalako esaldietan igarri daiteke taldeak barruan duena kanporarazteko duen gogoa, sentimenduak adieraziz, konpromisoa erakutsiz eta aurrera begiratuz kontra jartzen zaionari beldurrik izan gabe. Mikel Anestesiaren laguntzaz 90ko hamarkadako metalaren erritmo eta soinuak berreskuratu dituzte, gaurkotasunarekin nahastu eta bidea zabalagoa eta solidoagoa bihurtu bertan barreiatzen dena behar den bezala transmititu ahal izateko.

Kontzertu datak:

Abenduaren 2an: Olaztiko gaztetxean. Abenduaren 5ean: Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Abenduaren 16an: Hondarribiako Truck aretoan. Abenduaren 17an: Alegiko gaztetxean. Abenduraren 23an: Hazparneko gaztetxean. Urtarrilaren 13an: Iruñako Artsaia aretoan.

 

bm24_3.jpg

 

RIP. EUSKAL PUNKAREN HISTORIA

RIP taldeko abeslaria Karlos Agirreurreta “Mahoma” hil zenean, 2003. urtean, Arrasaten, Goienako Telebistako bi kazetarik hain esanguratsua izan den punk talde honen gaineko dokumental bat egitea erabaki zuten, bide batez, 80ko hamarkadaren erretratu txiki bat erakusteko asmoarekin. Lehenik eta behin, garaiko protagonistengana jo zuten, iritziak jaso eta irudiak batu. Gainera, 80ko hamarkadan RIPek egindako kontzertuen bideoak, zuzeneko audioak eta argazkiak bilatzen hasi ziren. Taldeak egindako hainbat abesti galtzeko zorian zeudela ere antzeman zuten. Horren emaitza DVDan jasotzen da. Bertan da ordubeteko erreportaje zabala protagonisten azalpen eta adierazpenekin. Beste ordubetean zehar garai ezberdinetako kontzertuak entzun eta ikusgai agertzen dira, argazki galeria eta bestelakoekin bukatzeko. Eta CDan, argitaratu gabeko taldearen 14 kantu entzungai. RIP 1980. urtean sortu zuten Arrasaten “Portu” Mancebo (baxua), Jul Bolinaza (gitarra), Txerra Bolinaza (bateria) eta Mallabik (ahotsa). Handik gutxira, Karlos “Mahoma” sartu zen abeslari moduan. Euskal Herrian punk musikaren aitzindariak izan ziren. Kantu gogor eta azkarrak konposatu zituzten eta hitzak zuzenak eta gordinak ziren. 1989an jotzeari utzi zioten, baina ordurako beraien kantuak belaunaldi baten soinu banda ziren, eta atzetik etorri direnek talde garrantzitsuenen artean dituzte.

 

bm24_3b.jpg

Disko eta DVD honetan hainbat gauza aurki daitezke, horren artean nabarmendu 52 minutuko erreportaje berezi bat. Garai haretako musikari, kazetari, teknikari eta bestelakoen testigantzak batzen da; Hertzainak taldeko Josu Zabala, Gara egunkariko Pablo Cabeza, Fermin Muguruza kantaria, Vulpess taldeko Mamen edota Natxo Zikatriz beste batzuen artean. “80 hamarkadan egon zenaren isla bat da berau, Euskal Herrian, punk musikaren inguruan. Hain zuzen jende gazteak honen berri izan dezan egina. Garai hartan egon zen jende asko jada gaur egun ez dago”. Jul taldekidearen esanetan “RIP taldeak erreferente bat izaten jarraitzen du. Bizi izan genuenaren zati bat. Portu eta Mahomari eginiko omenaldia da berau”.

Gotzon Uribe

2005, Abendua 01