Lisabö taldea berriz bueltan da

Gotzon Uribe

bm38_1.jpg


bm38_2.jpg

“Ezlekuak” (Bidehuts 2007) deitzen da Lisabö taldearen lan berria. Talde gipuzkoarra berriz bueltan da eskenatokietara hainbat urtetako isilunearen ondoren. Honako taldearen 5. lana da eta oraingoan propio sorturiko Bidehuts diskoetxearen eskutik aurkezten dute diskoa autoekoizpenaren bidea jarraituz. Aldaketa nabarmenak antzeman daitezke taldearen baitan, egun, Karlos, Ivan, Eneko, Ionyu eta Javik osatzen dutelarik taldearen muina. Javi berriz ere taldean, Amodio egitasmoa aurkezteko hartu zuen atsedenaren ostean. Oraingoan Aida baterijolea ez dago taldean eta Javiren sarrerarekin Ivanek gitarrak utzi eta bateriara itzulita ordezkatu duena. Izan ere bi bateriaz, bi gitarraz eta baxuaz osaturiko taldea izaten jarraitzen du Lisabök. Hauekin batera Maite Arroitajauregin izena aipatu behar da, honek sartu bait du –Anariren diskoetan bezala- celloa. Hitzei dagokienez berri zere Martxel Mariskal arduratu da, “Egun bat Nonahi” (Acuarela 2005) diskoan egin zuen bezala. Diskoa taldeko buru den Karlos Osinagak grabatu eta ekoiztu du Bonberenea Tolosako etxean. Lan hau bi formatutan plazaratu dute CD eta binilozko euskarrian.

bm38_3.jpg

“Nortasun efimeroa duten lekuak”. Hala dira ezlekuak Lisaböko kideentzat, Karlos Osinaga taldekidearen hitzetan. Hasier Etxeberria idazle eta kazetariari entzun zioten aurrenekoz ezlekuak hitza, Sautrela telebistako literatur saioan. Gustatu zitzaien kontzeptua, eta huraxe aukeratu zuten disko berria izendatzeko: “Ez da inondik ere disko kontzeptuala, baina, ezlekua-ren ideiak bidea egiten joateko aukera eman digu”. Diskoaren sonoridade eta estiloari dagokionez hardcore musikaren munduan dauden zirrikituetatik barrena dabiltza, intentsitatez beteriko erritmo trinkoak testura eta geruza ezberdineko soinuez betetzen dituztelarik. Gizakiaren beldurrak, desirak, ezinak, denboraren igarotzea... Ohiko ildoari jarraiki, barnera begira egindako hitzak dira. Esan baino gehiago, iradoki egiten dutenak.

Martxoaren 31an, larunbata, Bilboko Kafe Antzokian taldea zuzenean ikusteko aukera izango da Bidebieta Irratiaren 10. urteurren jaiaren barruan Anari kantariarekin batera. Lisabö taldeko kideak honakoak dira: Ivan Zabalegi: bateria Javi Manterola: gitarra eta ahotsa Karlos Osinaga: gitarra eta ahotsa Ion Yugueros: baxua Eneko Arazasti: bateria Maite Arroitajauregi: celloa Martxel Mariskal: hitzak

Gotzon Uribe

2007, Martxoa 01