!DuckDuckGo sakonago

Informazio asko sare sozialen bidez jasotzen badugu ere, oraindik gehienok bilatzaileak beharrezko ditugu. Horien artean ezagunena noski Google bilatzailea da, baina badira beste asko ere. Gaurkoan bakar batean jarriko dugu arreta, duckduckgo.com bilatzailean.

Search DuckDuckGo 20130902-160821

Duckduckgo.com bilatzailea gero eta ezagunagoa da. Kontaizun honi buruz hitz egin izan dugu, hala ere oraindik jende askok ez du erabiltzen. Bilatzaile nagusiekin alderatuz gero baditu ezaugarri bereziak. Gaur sakonago aztertuko dugu, baina hasteko bere ezaugarri nagusiak laburtuko ditugu:

  • Bilatzailean egiten dituzun mugimenduen jarraipenerako aukerarik ez du ematen.
  • Zure aurreko bilaketen araberako filtrorik ez du ezartzen.
  • Konexioei buruzko informazio adierazgarririk ez du gordetzen.
  • Aukera berezi ugari eta azkarrak eskaintzen ditu zuzenean bere bilatzaile kutxatik.

Pribatutasuna kontutan

Orain arte esan bezala bilatzaile honen ezaugarri nagusienetako pribatutasuna kontutan hartzean datza. Bilatzaile gehienek lehenetsi bezala IP eta nabigatzailearen erregistroak gordetzen dituzten bitartean, DuckDuckGo.com-ek ez ditu gordetzen. Honela egiten diren bilaketa eta egin duenaren arteko loturarik ezin da ezarri.

Horretaz gain, bilaketak HTTPS konexio seguruen bidez egiteko aukera ematen du. Bertan egiten diren eskaerak ere ezkutuan joan daitezke nahi izanez gero. Neurri hauei beste batzuk gaineratu ahal zaizkio. Hasieratik bukaeraraino TOR anonimotasuna ziurtatzeko tresnaren bidezko konexioa edo proxy bidezko konexio errazak egiteko aukerak adibidez.

Ezarpen batzuk ere alda daitezke, baina noski honek arazo bat sortzen du, non gordetzen dira hauek? DuckDuckGo.com-ek hainbat sistemaren bidez aldatutako ezarpen pertsonalizatuak gordetzeko aukera ematen du, baina beti atzean dagoen pertsona identifika ezina den modu batean egiten saiatzen da.

Bilaketa burbuilatik kanpo

Aurreko puntuarekin lotuta badago ere, ezaugarri hau zabalagoa da. Bilatzaile arruntek egiten ditugun bilaketen erregistroa eraman ohi dute mekanismo ezberdinen bidez: profilak, cookieak, klik jarraipenak, identifikazio sistemak... Horien bidez gure bilaketak erabatekoak edo bestekoak izango dira. Alegia, beraiek gure mugimenduetan oinarritutako "bilaketa egokiena" ematen saiatzen dira.

Alde batetik, gure interesekin bat egingo duten gauzak hobe detektatzeko balio badezake ere, guri buruzko perfil honek gure ikuspuntua erabat muga dezake. Arazoa ez da, pertsona ezberdinek gai bati buruzko bilaketa emaitza ezberdinak izatea, baizik eta pertsona batek momentu bakoitzean gauza oso ezberdinak nahi edo behar izatea.

Sortzen duten beste arazotako bat salmenta bideratuarena izaten da. Nahiz eta gure nabigazioaren denbora gehienean ezer erosteko intentziorik ez eduki, jasotako informazioarekin guri bideratutako publizitatea erakusten saiatzen dira.

Aurreko kasuan bezala, hau ere erostera goazen kasuetan interesgarria izan badaiteke ere, gogaikarria da edozein momentuan (eta ez bakarrik bilaketetan gainera) agertzea. DuckDuckGo.com-ek arazo honekin bukatzen du eta bilaketa emaitza berdinak eskaintzen ditu atzean dagoen pertsona kontutan hartu gabe.

Ezaugarri bereziak

Bilatzaileak tresna ezkutu pila bat ditu, denak zerrendatzea ezinezkoa da, baina erabilgarrienak edo nabarmentzen saiatuko gara. Erabili beharreko kodeak normalean ingelesez hizkuntzan daude. Emaitzak ere askotan horrela behar du izan, adibidez hizkuntzari dagozkion tresna gehienak batez ere ingeleserako dira baliagarri. Hala ere, hemen batzuk:

Kalkulua

  • 20% tip on $21.63: eskupekoa kalkulatzeko
  • 64*343: kalkulu arruntak egiteko
  • days between 01/31/2000 01/31/2001: bi daten arteko egunak kalkulatzeko
  • square root of nine: erro karratuak kalkulatzeko

Konbertsioak

  • 100usd in eur: dolarretatik eurotara konbertsioak egiteko
  • 1am to 4:30pm: denbora tarteak kalkulatzeko.
  • 5 fahrenheit in celsius: tenperatura unitateen arteko konbertsioak egiteko.
  • 6GB/700KB/s in min: transmisio abiaduren kalkuluak egiteko.

Teknikoak

  • alternative to notepad: aplikazioei alternatibak topatzen laguntzeko.
  • password 15 strong: pasahitz automatikoak sortzeko.
  • port 23: TCP portuen erabilpena ezagutzeko.

Eguraldia

  • london sunrise: egunsentia noiz den jakiteko.
  • weather Donostia: kokapen bateko eguraldia ezagutzeko.
  • temp in Iruña: kokapen bateko tenperatura ezagutzeko.

Egoerak

  • AA 102: hegaldien kodea sartuz horri buruzko informazioa lortzeko.
  • IMDb Blade Runner: filmen informazioa lortzeko.
  • calories in 2 eggs: elikagai batzuen kaloria kopurua kalkuatzeko.

Hizkuntzak

  • detect language "hizkuntza asmatzerik?": testu baten hizkuntza zein den jakiten laguntzeko.
  • pronounce cool: hitz baten ahoskera ezagutzeko.
  • spell superflous: hitz bat ondo dagoen jakiten laguntzeko.
  • what rhymes with duck: hitz batekin rimatzen duten beste batzuk topatzeko.

Bukatzeko oso ezagunak dira !bank estekak. Zuzenean zenbait webguneetan, hauen bilatzaile propioa erabiliz bilaketak egin daitezke bilatzailearen kutxatik atera gabe. Adibiddez ikastola hitza Twitterren bilatzeko nahikoa da "ikastola !tw" jartzea.

Gogoarekin gelditu bazarete, nabigatzailean jartzeko aukera eta beste mila gauza erraz asko topatuko dituzue bilatzailearen webgunean.    

Gorka Julio

2013, Iraila 02
Arloa: Sarean