Norman.

Gotzon Uribe

norman

Eibar eta Ondarroa artean mugitzen den taldeak bere bigarren diskoa plazaratu du "Perkins" izenburupean.

Garai bateko rock'n'roll doinuak oinarri hartuta, psicobilly, hardcore, garage-punk edota psikodeliaz jantziriko abestiak jorratzen dituzte. Tentsioa, iluntasuna, ilunabarreko malenkonia, basakeria eta psikosi dosi handi bat jaso ditu Norman-ek "Perkins" diskoan (izenburuan, Hitchcocken Psycho filmarekiko loturari eusten dio taldeak, izan ere, film horretan Anthony Perkinsek jokatutako Norman Bates pertsonaia nagusiari hartutakoa baita taldearen izena).

Abiadura handiz irekitzen du diskoa "Naked City"-k, diskoko piezarik bat-batekoenak, zuzenean lepoan kosk eginez; "Asphalt Jungla"-k, baxu lerro errepikakorra eta gitarra riff obsesiboa direla medio, The Make-Up bezalako taldeen zeremonia katartikoak ekartzen ditu gogora; "Esmarelda"-k zurrunbilo frenetiko batean murgiltzen gaitu, giro eskizoide eta tarteka death metal-era jauzi egiten duen ahotsarekin; beste horrenbeste esan daiteke "O-Daesu" zorabiagarriari buruz. "Marlowe" stoner eta 70eko hamarkadako psikodeliaren eremuan kokatzen da; "Pilgrim"-ek western aire epikoa du eta gitarrak marraztutako melodiak berehala harrapatzen gaitu; eta Norman Desmon-i iragan ederraren nostalgia dario.

Gotzon Uribe

2013, Ekaina 11