Pilotaje esperientzia, eta erresistentzia fisiko zein mentala dira gure ezaugarri nabarmenenak

Iker Zabala

Iñigo Gabiria (Elorrio, 1970) parapentearen joko olinpikoetan parte hartzear da. Uztailaren 7an hasiko da Salzburgon Red Bull X Alps txapelketa, 1000 kilometro baino gehiagoko ibilbidea betetzen duena eta Alpeen mendikatea zeharkatzen duena. Muturreko zailtasuna duen proba, hegan eta korrika zehakatu beharrekoa.

Suhiltzaile ogibidez, mendiak parapentean zeharkatzea da Gabiriaren irrika, eta hainbat txapelketa eta erronketan arrakasta ugari lortu izan du, tartean X Pyr, Pirinioak zeharkatzen dituen lehiaketan.

Abentura gose eta grina lehiakorrez joango da bizkaitarra Austriara, parapentearen kirolaren barnean munduan diren 32 kirolari indartsuenek parte hartu dutenaren ziurtasunarekin.

berba bi 13 06 20

Red Bull X Alps lehiaketa proba anbiziosoa dela esango bagenu, ziur asko labur geratuko ginateke. Nola azalduko zeniguke zer den Red Bull X Alps?

Red Bull X Alps Salzburgon hasi eta Monakon bukatzen den lasterketa da, Alpeak zeharkatzen ditu beraz. Kontua da parapentearekin, edo bestela oinez egin behar dela ibilbidea. Ezin da beste garraiorik erabili, korrika edo hegan egin behar dugu.

Halako txapelketa gehiago ere badira, zerorrek parte hartu izan duzu zenbaitetan... denarekin, hastear dagoen hau dagoen handiena da.

 Bai, duda gabe. Kirolaren konparaketa baliatuta, joko olinpikoak balira bezala da. Bertan egotea jadanik lorpen izugarri gisa hartzen dut.

Eta iraupen orokor bat ezarri beharko bagenu, 12 egun inguru egongo zarete lehian...

Gehiago, ziur asko. Kontuan izan meteorologiaren menpe gaudela etengabe. Eguraldi ona izango bagenu, eguzkitsua, hegan egiteko oso aproposa da. Baina azken asteetako euriteekin, esaterako, asko zailtzen da parapentearekin ibiltzea, eta horrela, oinez egin beharreko tarteak luzeagoak izaten dira, eta horrek denbora gehiago suposatzen du. Bestalde, 10 kontrol puntu zeharkatu behar ditugu, normalean mendi gailurretan, eta horrek mendi tontor guzti hauetara igo behar garela suposatzen du.


berba bi 13 06 20 2

Lehiakide bakoitza bakarrik doa?

Ez zehazki... kirolariok, oro har, bakarrik goaz hegan goazenean. Korrika ari garenean, halere, bi laguntzaile izaten ditugu logistika arazoak konpontzeari begira. Motxila bizkarrean daramagu beti lehiakideok, baina ura, janaria eta bestelakoak haiek daramate. Hegan noanean furgonetan jarraitzen naute, eta meteorologia kontuekin, mapekin... laguntzen didate.

Nolakoa da horrelako txapelketa batetako eguna?

Goizeko bostetan hasten gara eta gaueko hamar t'erditan bukatzen da jardunaldia. Ondoren, derrigor atseden hartu beharra daukagu, hurrengo eguneko bostetararte, segurtasun kontuengatik. Lehiaketaren ordu guzti horietan hegan egitea ezinezkoa da, eguzki eta baliabide onak behar baititugu parapentean joateko, beraz zati luzeak, edo egunaren pasarte handienak korrika edo oinez izango dira.

Nolako dohaiak ditu horrelako txapelketan parte hartzen duen kirolariak?

Garrantzitsuena parapente pilotajearen trebakuntza da, baldintza gogorrak dira ematen direnak, eta hegan esperientzia izateak pisu handia du. Bestalde, prestakuntza fisikoa ere ezinbestekoa da, jardunaldi asko dira, kilometro asko zeharkatu behar ditugu, egunean 80 edo 100 kilometro izan daitezke mendian egiten ditugunak, eta horregatik, fisikoki, eta mentalki baita ere, gogorra izan behar da proba hontako parte hartzailea.

Erresistentziaz gainera imaginatzen dut estretegiaren alorra ere oso landuta eramango duzuela.

Bai, garrantzitsua da ezbairik gabe, egunetik egunera zehaztuta izatea nola egongo den etapa planifikatua eta zein unetan egingo duzun salto. Baina uste baino zailagoa da, ezin baituzu zehazki aurreikusi zein izango den egunak emango dizun unerik egokiena hegan hasteko, beraz planifikazio zurruna egitea ere alferrikako lana da.

Naturarekin eta meteorologiarekin jolas egiteak, are gehiago parapentean hegan ibiltzeaz ari garenean, arriskutsua ematen du, kanpotik ikusita gutxienik. Kirol arriskutsu bezala hartzen duzu?

Ez nuke esango parapentea arriskutsua denik. Egia da beti dagoela arrisku puntu bat, biana beste hainbat disziplinetan bezalaxe. Egiten duguna beti dago gure kontrolaren menpe, baina norberak hartzen dituen arriskuen araberakoa da beti egon daitekeen beldurra. Halere, halako baldintza gogorrak ematen direnean, proba honek dituen egoera meteorologiko turbulentoen kasu, arriskuak albo batera uztea komeni da.

Nolako xedez zoaz txapelketa hontara. Helbururik markatu diozu zure buruari: denbora konkretu batetik behera iritsi, edo postu zehatz batetik gora sailkatu?

Goian egotea oso zaila izango dela badakit. Lehiaketan munduko onenek hartzen dute parte, eta gehientsuenak profesionalak dira. Horrela, nik dagoena behatuko dut eta ahal dudan guztia egiten ahaleginduko naiz. Lehen helburu bezala akaso... hirugarren eguna bukatzean antolakuntzak azken postuetan sailkatuta dagoen taldea deskalifikatu egiten du, hasierako egunetan ahalik eta lehiakorren egon gaitezen. Garrantzitsua da hastapen bazterketa hori albo batera uztea. Ondoren, proba bukatzea bera ere ez da erraza, izan ere, lehen sailkatua Monakora heltzen denetik bi eguneko tartea soilik dago gainontzekoak hel daitezen, zaila izango da beraz bukaerara heltzea.

Euskal Herri mailan parapentearen disziplinak oihartzun gehiagi daukanik ezin esan daiteke. Nolako zailtasunak dituzu nazioarte mailan lehiatzeko?

Egia da orain daukagun panorama ekonomikoarekin, patrozinatzaileak aurkitzea oso konplikatua dela. Nire kasuan, esaterako, nire gain hartu behar izan dut bertaratzearen kostu guztia. Baina beno, hau da dagoen egoera, erakundeetatik futbola eta halako kirolentzako soilik dago diru laguntza, beraz kirol gutxituetan gabiltzanok arazo hori izan ohi dugu.

Iker Zabala

2013, Ekaina 20
Arloa: Berba Bi