Elefanteen memoria

Udane Goikoetxea Bilbao

Munduak beharko leuken bolumenean kontatu eustan aitak. Ez hain aspaldi, eta orain, abizen bereko batek kontatuko deutsue.

Argitalpen baten berrargitalpena da. Orduan euskaraz argitaratua, orain euskaraz berrargitaratua. Eta inori kontau ezkero, kontau egiozu euskaraz. Euskararen nazinoarteko eguna ate joka dago eta guk geuk behintzat euskararen egunean ezeze, gainerako egun guztietan egiten dogu ahalegina, eta uste dot lortu be bai, euskaraz egiteko eta euskara lau haizeetara labaltzeko.....

Harira.

elefanteaIrakurgaia da orrialdeotara dakarguna eta beraz, ez dago erraz zein bolumenetan kontatuko nukeen jakiten.

Bolumena litzateke..., limoi txiki batena esango leuke poetak. Elefante jaioberriarena adieraziko leuke zirkuko gizonak edo neguan gagozan arren, ur tanta udakoarena dinogu guk.

Bolumena da oraingoan..., baju, dezibeliotan neurtuta; ez dogu eta kutsadura akustiko gehiagorik behar. Zarata-maila handiak lesino degeneratiboak sortzen ditu belarrian; entzumena galtzea be ekarri leike, bai eta hasarrekortasuna edo neurosi depresiboa eta estresa be. Eta badago nahiko.

Bide batez, areago irratiko esatari izanik, gogoratuko dogu, intentsidadea edo bolumena dala soinu apalak eta ozenak bereizten dituen soinuaren ezaugarria.

 

Gatozen harira...edo katera beharko genuke esan...

Egun baten ikusi eban umeak zelan zirkuko elefantea -funtzinoa amaitu ostean- katez lotzen eben lurrean sartutako taketxu bati. Harritu-harritu egin zan umea hain gorputz handiko animalia gauza ez izateagaz askatzeko taket txikitxutik, eta lortzeko ahaleginik txikiena be ez egiteagaz.

Erabaki eban umeak zirkuko gizonari itauntzea, eta honek erantzun: ‘Oso errez ulertzekoa da, txiki-txikia zanetik egon izan da halako taketari edo egurrari lotuta, eta Orduan ez zanez askatzeko gauza, orain ez daki taket hori ezer gitxi dala berarentzat. Gogoratzen dauen bakarra da, ezin ebala hanka edo ospa egin eta orduan, ahaleginik be ez dau egiten'.

Hori guzti hori gertatzen jaku gai batzuetan, zeinetan mugarriak edo oztopoak dauzkagun, ezin konponduzkoak, beti be ezin gainditutzat euki ditugulako umetan. Eta, orain hazita egonik, nahiko indar euki arren, elefante hori legez txikiak gareneko kateak lotzen gaituelako.

Udane Goikoetxea Bilbao

2010, Abendua 01
Arloa: Arteder