Sara Zozaya

Nerabe taldearen abeslari moduna ezagutu genuen Sara Zozaya kantari eta konposatzaile donostiarra. Taldea desegin zen eta bakarkako bidea hasi zuen. Pop doinu intimo eta sarkorrak jorratzen ditu. Berriki lan berria plazaratu du.

Nola daramazu pandemeriaren garai hau?

Ba egia esan hasieran nahiko gaizki pasa nuen. Kontzertu garrantzitsu batzuk bertan behera geratu ziren eta distopia bat bizitzen ari ginela sentitzen nuen guztiz, gainera orduan ulertzen ez nuena.

“I” deitzen da plazaratu berri duzun lan berria. Zer kontatzen digu?

Lehenengo EP laburra 2018an atera nuen "Ill" izenpean. Honen bigarren zati bat dela esango nuke (I) EP berria. Norabide argiago eta erabaki zuzenagoak markatzen duten momentu bat islatzen dute barnean dituen 5 kantuek.

EP-ko bigarren kanta “Benetan” deitzen da eta Benito Lertxundiren kolaborazioa agertzen zaigu. Nola sentitzen duzu bere figura zure inguruan?

Benitorengandik asko ikasi dut, bai artista bezela eta bai gauzak egiteko moduan ere. Beldurra ematen zidan hari kolaborazioa eskatzea baina egin nuen eta pozik nago baiezkoa izan zelako erantzuna. Konektatzen dugu musikan bilatzen dugun esentzian eta prozesu oso naturala izan da.

Nerabe taldean ezagutu zintugun kantari. Orain taldea ez da existitzen. Zer datorkizu gogora garai haietatik?

Hasierarik gabe ez da ezer eraikitzen eta nere kasuan hasiera puntua izan zen Nerabe. Asko ikasi nuen eta baita ikusi nuen ze gauza bai eta ze gauza ez nahi nituen egin musikaren munduan. "Toki-on" kanta entzuten dudanean nostalgia puntu bat sartzen zait, eta berriro taula gainean kantatzea gustatuko litzaidake Nerabeko lagunekin batera, agian, noizbait gertatuko da.

Lan berria El Tigre estudioan grabatu duzu Jon eta Xabirekin. Zeren bila joan zara bertara?. Zer duzu gustoko beraien lan egiteko modutik?

Gutxiren bila joan nintzen egia esan. Kanta batzuk nituen buruan baina idatzi gabe oraindik eta ikaragarria izan zen Jon-ek eman zidan espazio eta denbora abestien ideia horiek materializatzeko. Bere esku utzi nuen produkzioa eta bere aldetik etorritakoa onartu nuen besterik gabe, eta funtzionatu du.

Zein da buruan darabiltzun musika, sortzerako orduan?. Zure gogoetak norantza jotzen dute?

Dispertsiotik esango nuke. Behintzat horrela sortzen dut. Beste guztirako askoz metodikoagoa naizen arren, abestiak sortzeko garaian bestela jokatzen dut. Orain dexente ari naiz murgiltzen sorkuntza prozesu berri batean, hala sentitzen dut.

Badirudi interesarekin hartu dela lan berria, Rockein lehiaketa ere irabazi duzu, kritikak onak ari dira izaten eta jendearengan zabaltzen ari da zure proposamena. Pozgarria da. Zeintzuk izango dira zure hurrengo pausuak?

Sorpresa polit asko eman dizkit diskak. Adibidez, Durangoko Azokan eraman nituen ale guztiak agortu dira eta pentsa hasiera batean enuela ere pentsatzen diska bertara eramatea EP labur bat delako. Beraz, esango nuke nere plana lanean jarraitu eta orain arte bezela gutxi esperoko dudala, bizitzak horrela hobeto tratatzen gaituelako. 2021an diska luze baten bila noa.

Zer eskatzen diozu zure buruari sortzerako orduan?. Zer nolako harremana beharko luke izan artistak bere obrarekin eta entzulearekin?

Eskatu baino, nire burua askatzen dut sortze prozesuan eta batzuetan lortzen dut entzulea ere desblokeatzea. Momentu horretan transferitzen dena da musika egiteko arrazoia. Nik eman bakoitzak gero nahi duena ulertzeko.

Batzutan zure kantuak balsamikoak dirudite. Badago sortzerakoan horrelako asmo bat?. Entzuleak izan ditzaken “zauria emozionalak” sendatzearena?

Guztiz. Sortu nuen lehenego kanta 9 urterekin “Negar gurea” izendatu nuen. Akordeoi irakasleak nahiko harrituta begiratu zidala gogoratzen dut, pixkat arraro. Nere erlazioa musikarekin hori izan da beti, sentimenduak azaleratu, onartu eta besarkatu. Entzuleari hori oparitu nahi diot.

Komentatu egidazu azken hilabeteetan entzuten zabiltzan diskorenbat eta irakurri duzun gustoko duzun libururen bat

Oraintxe bertan “Desoriental” liburua irakurtzen ari naiz Négar Djavadi autorearena. J Martina asko entzuten dut azkenaldian eta baita Ro talde instrumental azkoitiarra. Badut Spotify-en “darkywinky” izenko playlista. Bertan filtrorik gabe sartzen ditut gustatzen zaizkidan eta momenturen batean kuriositatea piztu didaten kantak. Asko ez zaizkit gehiegi gustatzen baina momenturen bat islatzen dute. 

 

Gotzon Uribe

2020, Abendua 23
Arloa: Berba Bi