“Menditik jaitsi ginen” deitzen da Igor Arzuagaren disko berria

Igor Arzuaga musikari arabarra berriz bueltan dugu bere lan berriarekin. Bere diskografia oparoa osatzen duten aurreko lanetan grabaturiko zenbait abesti instrumentazio ezberdin batekin jantzi ditu eta berikusi ere “Menditik jaitsi ginen” deitzen den lanean.

Arzuagak 90. hamarkadan eman zituen bere lehen pausuak musika munduan eta orduan ezagutu genuen. Hala nola, Exkixu taldeko kidea izan zen eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan ere parte hartu zuen. Mara proiektuaren atzean ere bere izena aurkitzen da, Larrepetik taldearekin ere disko bat du kalean eta bere bakarkako ibilbidean 9 disko ditu argitaratuak.

Hirukote moduan dator oraingoan Arzuaga, jazz formatuko hirukotea, hala nola, Hasier Oleaga -Ruper Ordorika- baterijolea izan du alboan eta baita Victor Gomez kontrabaxujolea. Aurreko diskoetatik zazpi kantu berreskuratu ditu Arzuagak: “Paris”, “Edurretan” eta “Jota” “Argi izpi bat” diskotik (2002) hartu ditu; “Suge ilunak” eta “Gorbeia” abestiak “Smog” (2004) diskotik. Hauekin batera  “Ilargi gorria” kantua ere badago, honakoa “Unibertsoa gu” (2008)  diskoan azaltzen zen eta Luis Vilekin ondutako “Mara mara” diskotik (2011), “Nire aberria” abesti ederre eguneratu du.

Arzuagaren ibilbidearen zati bat laburbiltzen duen bilduma gisa uler daiteke “Menditik jaitsi ginen” baina disko berri baten pisua du aldi berean. Heldutasun artistikoaren  froga ditugu hiru konposizio berriak ere: “Arin arin”, piano hutsezko “Amaiera” eta Arzuagaren alderdirik heterodoxoena erakusten digun “Mehatzariena”.

Diskoaren izenburuak eta azalak iradokitzen dutenez, herri musika tradizionalaren melodiak eta erritmoak hizkuntza musikal urbano batera eraman ditu Arzuagak. “Arin arin”, “Mehatzariena” edota “Jota” bezalako konposizioetan antzeman daiteke bereziki musika herrikoiarekiko gertutasun hori. Beste batzuetan, abestien pop izaerari eusten dio jantzi akustiko baten barruan (“Suge ilunak”), baina gehienetan Arzuagaren konposizioetako unibertso musikal besterezina gailentzen da (“Edurretan”, “Nire aberria”, “Paris”, “Gorbeia”).

Gotzon Uribe

2020, Maiatza 24