Bertsoaz gozatzeko aukera daukagu berrogeialdian

Egoera berezi honetan etxean goxatzeko moduko bertso eskaintza ekartzea erabaki dugu. Bertsolaritza, plazaz plazako jarduna etenda dagoen uneotan, sare sozialen bidezko bertso saioak ugaldu dira eta horrez gain, online bertsotan, kantuan eta hitzen jolasean etengabe trebatzeko aukerak ditugu sarean.

Bertsotan egiteko ez da behar azpiegitura handirik, pare bat bertsolari gutxienez eta publikoa izango da gutxiengoa. BEC, finalak, txapelketak lagun izan dituen jardunak ordea egunotan badaki plazaz plazako publikoa etxean dagoela eta eskaintza berri batekin hurbildu da gutako bakoitzaren etxeetara. Oraingoz pare bat saiakera egin diren arren, gero eta gehiago beteaz doa bertsoen agenda ere gauden lekutik mugitu gabe sare sozialen bidez helduko zaigu bertso saioa, ekimenak dioen moduan… etxetik etxera.

Baina dena ez da izango entzutea eta txalo jotzea. Barruan egon beharrak gure sormena garatzeko aukera ekarriko digu eta horretarako tresna digital ezin egokiagoak ditugu eskura. Bertsoa jolasetik lantzeko aukera izango dugu berrogeialdiak irauten duen bitartean. Egunero haurrekin bertsolaritza lantzeko ikasgelan erabili izan den www.bertsoikasgela.eus ataria etxeetara zabaltzeko asmoarekin ataletako batzuk modu irekian jarri dituzte, edozein erabiltzailek erabili ahal izateko: bertso sortak, bat-batekoak eta jolasak topa daitezke, eta astero gai berri bat lantzeko. Gainera, gauden egoera honetarako espresuki sortutako bertso sorta eskaini ziguten bertso irakasle ditugun Iñaki Gurrutxagak eta Maddalen Arzallusek: 

Atarian ikasleek eskura dituzte etxean bertsolaritza lantzeko material askotarikoak: haurrentzako musikatutako 150 bertso sorta pantailatik abesteko moduan, bideoan bertsolari ezagunen bat-bateko 150 bertsoaldi, pantailatik egiteko hizkuntza jolasak…

Hemen aukera batzuk: 

Pasahitza, hitzaren hasiera eta nola bukatu behar den esaten du puntu abestu batean definizioa abestuz eta zuek pasahitza zein den asmatu beharko duzue. Animo!

https://bertsoikasgela.eus/baliabideak/127/

Bertso bidez egindako asmakizuna, Andoni Egañari 1997ko finalean jarri ziotena:

https://bertsoikasgela.eus/baliabideak/279/

Bertsoak esaera zaharrekin lotzeko test erako jolasa

https://bertsoikasgela.eus/baliabideak/271/

www. bertsoeskola.eus atarian ere bertsoeskolan lagun artean jardun beharrean bertsolaritzan etxetik sakontzeko aukera izango dute gazteentzako zein helduentzako bertso-eskoletarako tresna baliagarri izateko asmoz jaio zen ataria: errima zerrendak, doinuak… 

 

Iñaki Iturriotz

2020, Martxoa 31
Arloa: Bertsoleku