Sare sozialen analisia

Gorka Julio

2020, Apirila 03
Arloa: Sarean

Sare sozialak orain sare sozial birtualekin lotzen baditugu ere, pertsonek eta horien arteko erlazioek osatutako sareak dira. Sare sozialen azterketa ez da berria. Hasieran egituren analisi estatikoa nagusi bazen ere, orain sare sozial horietan gertatzen diren dinamiken azterketan oinarritutako analisia da nagusi. Analisi mota horrek egindako ibilbidea, gure jendartea hobeto ulertzeko tresna da. Garrantzitsuak dira gure jendartean sortzen diren dinamikak eta sare sozial birtualetan gertatzen direnak ere ulertu ahal izateko, adibidez informazio fluxuen zabalpena edo birus baten hedapena.

Sare sozialak orain sare sozial birtualekin lotzen baditugu ere, pertsonek eta horien arteko erlazioek osatutako sareak dira. Sare sozialen azterketa ez da berria. Hasieran egituren analisi estatikoa nagusi bazen ere, orain sare sozial horietan gertatzen diren dinamiken azterketan oinarritutako analisia da nagusi. Analisi mota horrek egindako ibilbidea, gure jendartea hobeto ulertzeko tresna da. Garrantzitsuak dira gure jendartean sortzen diren dinamikak eta sare sozial birtualetan gertatzen direnak ere ulertu ahal izateko, adibidez informazio fluxuen zabalpena edo birus baten hedapena.

Sare sozialak, normalean, grafoen bidez adierazten dira. Nodoak pertsonak dira eta horien arteko harremanak, aldiz, ertzak. Era horretan pertsona multzo batek dituen harreman mota ezberdinak adieraz ditzakegu. XVIII. mendean Könisberg-en (Kaliningrado) Eulerrek gauza garrantzitsu bat erakutsi zion munduari. Könisberg-etik Pregel ibaia igarotzen da eta horrek irla antzeko batzuk sortzen zituen. Irla horiek zubien bidez lotzen ziren aldeetara. Herrian bazegoen joko antzeko bat, esaten zuena ezinezkoa zela zubi horiek igarotzea, baten batetik bi aldiz pasatu gabe. Hori frogatzeko Eulerrek grafo teoria erabili zuen, irlak nodo bezala jarriz eta zubiak harreman bezala markatuz.


 

Eulerrek hori ezinezkoa zela frogatu zuen. Azterketa horretatik Eulerren teorema dator. Ertzak behin bakarrik zeharkatzen dituen ibilbide bati Eulerren ibilbidea deritzo. Eulerren ibilbidea izateko, abiapuntuan eta helmugan izan ezik (bi erpinetan izan ezik, alegia), beste erpin guztietako mailak bikoitiak izan behar dute. Erpin berean hasi eta bukatzen bada, Eulerren zirkuitua dagoela esaten da. Kasu horietan erpin guztietako mailak (abiapuntua eta helmuga barne) bikoitiak dira.

Horren zentzu matematikoan gelditu gabe, garrantzitsuagoa da ikustea Albert-Lászlo Barabási irakasleak Linked liburuan adierazten duena.

«Grafo edo sareek, beraien egituraren barnean, gauzak egiteko aukerak edo mugak ezartzen dituzte.»

Zer gertatuko den baino, zer gerta daitekeen adierazten digute. Egituraren atzean ere boterea dagoela, alegia. Beraz, edozein sare inoiz ez da neutrala izango, sorreratik bertatik.

Sareak leku guztietan daude eta horietako asko sare dentsoak dira lotura sendokoak dituztenak, komunitateak. Komunitateak denboran zehar mantentzeko zein den tamaina egokia ere asko eztabaidatu izan da. Komunitate txikitzat, 150 partaide baino gutxiago dituztenak har ditzakegu. Hau da Dunbar zenbakiaren azpitik dauden komunitateak. Denboran zehar gehiago mantentzen dira, baldin eta partaideak mantentzen badira.

 

Aldiz komunitate handiagoetan, partaideen errotazioak komunitateak denboran irautea ahalbidetzen du. Komunitate horien barnean konpromiso ezberdinak eman daitezke. Hori hoberen azal dezakeen metafora, nahiz eta marketinari lotuta egon konpromisoaren piramidea da.

Jendartea bera ere grafo handi bat bezala uler dezakegu. Stanley Milgram-ek famatua den Small world esperimentuan erakutsi zuenez, mundua oso txikia da. Berak egindako esperimentuan, egin beharrekoa azaltzen zuten hainbat gutun bidali zituen AEBetan barna. Gutun horietan ausaz aukeratutako pertsona batzuek, ezagunak ez ziren beste urruneko pertsonei bidali behar zizkieten gutunak. Hartzailea ezagutzen ez bazuten (normalena) gutuna beraien ustez errazen iritsiko zitzaion pertsonari bidali behar zioten. Horrela helmugara iritsi arte. Milgram-en atzetik esperimentu horren beste aldaera asko etorri dira. Matematikariek, Paul Erdős-ekin beren lanek duten lotura zenbat graduetara dagoen aztertzen dute. Aktoreek aldiz Kevin Bacon-ekin dituztenak, adibidez.

Esperimentua amaitzean konturatu ziren pertsona horien artean sei gradutako (edo pausotako) jauzia bakarrik zegoela. Hau da, ‘mundu txikia izenaz’ ezagutzen diren sareen propietateak dituztela. Sare horiek, harreman zuzena izan gabe, oso jauzi gutxitan jende askorengana iristeko aukera ematen dute, normalean zubi lanak egiten dituzten nodoei esker.

Baina normalean jendartean, gure lehen mailako kontaktuekin harremana izateko joera daukagu. Hau da, bi pertsona ezagutzen baditut, normalena da bi pertsona horiek ere beraien artean ezagutzeko aukera izatea. Orduan nola da posible fenomeno hori? Ba cluster horien artean loturak egiten dituzten pertsonei esker. Lotura gutxi badira ere, nahikoak dira sarea elkarrekin lotuta mantentzeko. Lotura horiek oraingo teknologiak -blogak, posta elektronikoak, Interneteko sare sozialak- erabiliz hori askoz errazago lortzen da. Lotura horiek normalean lotura arinak dira.

Baina, pentsa dezakezue nolabait lotura mota horiek ez dutela lagun edo familiarteko loturen indar bera. Mark Granovetter soziologoak The Strength of Weak Ties esperimentuan azaldu zuenez, lotura horiek garrantzia handia dute mezuak zabaltzeko garaian. Normalean, analisi estatiko batean kontuan hartzen ez diren lotura horiek dira mezua pasatzeko baliatzen direnak. Lana bilatzeko, adibidez, oso baliagarriak dira, mezua zure cluster-etik kanpo garraiatzen laguntzen baitute.


 

Ondoren, Malcolm Gadwellek, Granovetterrek epidemien zabalkundeari buruzko ikerketak eta lotura arinen teoriak hartu eta hedatzea lortu zuen. Pertsonen arteko sareetan hainbat pertsona mota sailkatu zituen, Connectors, Mavens eta Salesmen, The tipping point liburuan. Connectors, gure munduak mundu txiki baten ezaugarriak izan ditzan laguntzen duten pertsonak dira. Harremanak egiteko erraztasunak dituztenak eta hainbat cluster-etatik atzigarriak direnak. Mavens-ak, aldiz, ezagutza handia metatzen duten pertsonak dira. Besteen arazoak konpontzen saiatzen direnak, propioak ere konponduz. Beren gaiari buruz duten ezagutzagatik eta jarrerengatik erreferentzialak izan ohi dira eta horiek dira gehienbat joera berriak sortzeko gaitasun handiena dutenak. Amaieran Salesmen-ak bereizten ditu. Bere izaeragatik beste hainbat pertsona beraiekin ados jartzeko gaitasuna erakusten duten pertsonak dira. Kategoria horiek ez dira zurrunak, noski.

Era berean, sareetan epidemiak nola sortzen diren azaltzen saiatzen da. Oso ohikoa da gehien konektaturiko pertsonek zerbait hedatzeko aukera gehiago dutela pentsatzea, baina lotura arinek erakutsi digute ez duela zertan horrela izan behar. Batzuetan espero ez dugun zirrikitu batetik hasten dira gauzak eta tipping point –ean bukatzen dira, masa kritiko bat lortzen dutenean.

Era horretako loturak, normalean, handitzen ari diren eta nodo bakoitza zeinekin lotu daitekeen erabakitzeko aukera duten sareetan sortzen dira. Hau da, WWW, Interneteko sare sozialak eta oro har sare asko horrelakoak dira. Normalean, probabilitate handiagoarekin, lotura gehien dituzten nodoekin lotzeko joera izaten dute. Barabasi-k Linked liburuan azaldu bezala, potentzia lege bat betetzen dute.

Tipping point horien sorrera ulertzeko beste zerbait ezagutu beharko dugu oraindik. Ducan Watts eta bere ondorengoek erakutsi zuten sareetan pertsonak bata besteekin harremana izatean, harremanak itxiak edo irekiak izan daitezkeela. Hau da, adibidez, familiartean gauza gehienetarako irekita badaude, laneko pertsonen artean bakarrik gai konkretu batzuekiko egongo dira irekita. Ondoren, Michael Chwe-k informazio horri beste zerbait gaineratu zion. Momentu batzuetan, testuinguruaren arabera, pertsonak lotura batzuk irekiz eta itxiz bere ingurunea aldatzeko joera izan dezake.

Hori dena ulertzeko, Juan Urrutiak matxinatze-atalasea (umbral de rebeldía) kontzeptua sortu zuen. Horrek adierazten du nire inguruan zenbatek aldatu behar duten bere izaera, nik nirea aldatzeko eta sozialki baztertua ez izateko. Horrek guztiak azaltzen du nola zenbait kasuetan aldaketa txiki batzuek, eragin globala izan dezaketen. Nolabait aldaketa txiki batek, beste baten ingurunean eragiten du eta mezua pasatu edo ez erabakitzen du (harremanak ireki edo itxiz), atalase horren arabera. Kasu horietan elkar ezagutzea beharrezkoa da, besteen atalaseak ezagutzeko.

Matxinatze-atalasea 3 izango balitz nodo guztietan, hau da, nire inguruko 2 nodok nire jarrera antzekoa hartuko balute, nik ere har nezake. Kasu horretan, lehenengo irudian ez litzateke «matxinada» piztuko, beraien ingurukoak ezagutzen badituzte ere, osotasunean beste 4.a ezagutzen ez dutelako eta, beraz, dudak daudelako zer gertatuko den. Aldiz kometan 1,2,3 nodoak beti «matxinatuko» dira egoera horretan, 4. nodoa, aldiz, inoiz.

Baina zer gertatzen da matxinatze-atalasea oso altua bada: 5, adibidez. Ez bat ez beste inoiz ez lirateke matxinatuko. Orduan ondorio berri baten aurrean gaude. Matxinatze-atalase baxuetan errazagoa da matxinada gertatzea, nodoek beraien artean harreman estuak badituzte. Baina matxinatze-atalase altuen aurrean nodoen arteko harremanak arinak badira, hobe. Harreman arin horiei esker, agian, nodo berriak erakarriko dituzte sarera. Nodo berri horiek testuingurua aldatu eta egoera aldatu dezakete.

Horrek Paul Baranen Interneten sorrerara eramaten gaitu. Bertan oinarrizko sare tipologiak definitzen ditu: zentralizatua, deszentralizatua eta banatua. Lehenengoan kontrol guztia duen nodo zentral bat dago. Bigarrenean nodo zentralik ez, baina bai zentralagoa den nodo ezberdinez osatutako cluster bat. Azkenik sare banatuak daude, non ez dagoen kontrol zentralik eta nodo batetik bestera igarotzeko bide asko dauden. Sare banatuek erroreekiko eta deskonexioekiko tolerantzia handiagoa dute. Nahiz eta nodoak galdu, oraindik zutik mantentzeko aukera gehiago dute. Sarearen egiturak asko baldintzatuko du, beraz, matxinatze-atalasea desagertzea. Sare zentralizatu batean nodo zentralak erabakiko ez balu, oso zaila litzateke gertatzea. Berdina gertatzen da sare deszentralizatuagoetan, lotura gehien dituzten nodoena litzateke erabaki garrantzitsuena. Sare banatuagoetan aldiz, zirrikitu askotatik piztu daiteke matxinada.

Nicholas A. Christakis eta James H. Fowlerrek ekarpen berriak egin zituzten. Connected liburuan hiru graduen araua betetzen dela erakutsi zuten, besteekiko eraginari dagokionez. Gure ekintzen eraginak hiru saltotara iristen dira. Nire lagunei, nire lagunen lagunei eta horien lagunei eragiten die, alegia. Ez hori bakarrik, gaixotasunak, zoriontasuna... ere gure eragin kanaletatik hedatzen direla frogatu zuten. Batez ere, gure lotura sendoek dute gugan eragina. Teknologia berriek bakoitzak sor dezakeen eragina denboran eta espazioan zabaldu duen arren, influentziari dagokionez lotura gogorrek eragiten dute. Baina era berean lotura arinek zabalkunde hori bizi garen cluster-etatik ateratzea ahalbidetzen dute.

Albert-László Barabásik Burst liburuan sare analisi dinamikoa erabiliz gizakien etorkizuna asmatzeko aukerari begiratzen dio. Ziurtasunak baino dudak jartzen ditu mahai gainean, baina argi uzten du gizakiok orokorrean Burst patroia betetzen dugula. Beharbada horren atzetik etorkizuneko azterketa gehiagotarako aukera ematen du. Patroi horrek gure portaeran zenbait arau betetzen ditugula ondoriozta dezake. Era berean, kasu gehienetan, kontrakoa uste badugu ere, gure portaerari begiratzen badiogu, denak oso antzekoak gara. Gaussen legea betetzen da. Egiturari begiratzen genionean gehienetan potentzia lege bat betetzen bazen, kasu honetan ez da horrela eta, beraz, antzekotasun handiak daude pertsonen jokabideen artean. Baina hori horrela izanda ere argi uzten du gure jokabide asko aurreikusi badaitezke ere, etorkizuna asmatzea ezinezkoa dela. Ezberdina baita iragartzea eta errealitatean gertatzen dena. Momentu batean erabaki txiki batek aldaketa handiak sor ditzake, eta aurre ezin izan diren portaera emergenteak sortu. Horregatik etorkizunean taldeen jokabidean ikerketak egiten jarraitu beharko dela dio. Gure jendarteak nola funtzionatzen duen, zein arau betetzen dituen aztertuz, gure mundua ulertu eta hobetzen jarraitu beharko dela, alegia.

Azken aldian aldiz Damon Centolaren ikerketek garatu dute sare sozialen analisiaren alorra. Centola How Behavior Spreads: The Science of Complex Contagions liburuaren egilea da. Liburuak hamarkada bat baino gehiagoko ikerketa originala aurkezten du eta teoria kontra-intuitiboa eskaintzen du, sare sozialek portaeraren hedapenean duten eraginari buruz.

Centolak eta Michael Macyk ikusi zuten informazioa eta gaixotasuna «kutsatze soilak» transmisiorako kontaktu bat baino ez zutela behar hedatzeko ikusi zuten; «kutsatze konplexuek» aldiz onartuak izateko hainbat errefortzu-iturri behar izaten dituzten bitartean. Centolaren lana Granovetterren lanean oinarritzen da: lotura ahulen indarra eta portaera kolektiboaren atalase-ereduak, eta Duncan Wattsek eta Steve Strogatzen mundu txikien sareen lanetan. Centolak eta Macyk erakutsi dute lotura ahulak eta mundu txikien sareak oso onak direla kutsatze sinpleak hedatzeko. Hala ere, kutsatze konplexuetarako, lotura ahulek eta mundu txikiek moteldu egin dezakete hedapena. Centolak Internet bidezko sareetan oinarritutako metodo esperimental bat erabili zuen kutsatze konplexuen teoria frogatzeko eta iragarpenak berretsi zirela frogatu zuen. Beste hainbat ikerketa ere eraman ditu aurrera soziologia esperimentalaren, inteligentzia kolektiboaren eta arauen jendarte onarpenaren bueltan.

Sare sozialen analisiak, gure jendartearen konplexutasunan nabigatzeko aukera ematen digu eta artikulu honetan milaka aingura daude esteka forman, nabigatzen jarraitzeko, animo.

Informazio asko David de Ugartek idatzitako testu hau izan dute oinarri eta horri informazio gehigarri asko gehitu zaio.