e-irakaskuntza eta telelana

Gorka Julio

2020, Martxoa 26
Arloa: Sarean

E-irakaskuntza, komunikazioa eta Internet bidezko elkarlana ezinbestekoak diren garai hauetan lau tresna hauek ezinbestekoak dira. Ttresna hauekin, proiektu batek egunerokoan sarearen bidezko elkarlana eta komunikaziorako behar asko beteta leudeke.

E-irakaskuntza, komunikazioa eta Internet bidezko elkarlana ezinbestekoak diren garai hauetan lau tresna hauek ezinbestekoak dira. Tresna hauekin, proiektu batek egunerokoan sarearen bidezko elkarlana eta komunikaziorako behar asko beteta leudeke.

Hemen aipatuko ditugun tresna guztiak, software librea dira. Horrek esan nahi du, nahi izanez gero egokitu eta moldatu ditzakegula gure beharretara. Erabiltzeko noski, norbaitek zerbitzari batean instalatu beharko dizkigu, gero guk (eta tresna erabiliko duten guztiak) erabili ahal izateko. Aukera hau bereziki interesgarria da erabiltzaile asko dituzten erakundeentzat, era honetan beraiek kontrola dezaketelako plataformaren garapena.

Norbanakoentzat aldiz, horrelako instalazio bat egitea beharbada ez da erraza. Kasu horietarako zerbitzu bezala eskaintza ere badago. Hau da, norbaitek instalaziorako beharrezkoa zen lana egin du eta guk kontu bat sortu behar dugu soilik martxan jartzeko. Horietako kontu batzuk dohainik izango dira, baina beste batzuek zerbitzuagatik kobratzen dute. Batzuetan merezi du ordaintzeak gure beharretara egokitutako zerbitzu hobea eskuratu ahal izateko.

 

Moodle

E-irakaskuntza plataforma honetan, irakasleek eta ikasleek beren dinamika aurrera eramateko aukera dute. Tresna asko eskaintzen ditu bertan txertaturik, foroak, galdetegiak, inkestak... Baliabideak (testua, loturak, irudiak, bideoak...) partekatzeko balio badu, zereginak bidali eta jasotzeko ere aukera eskaintzen du. Ondoren horiek ebaluatu daitezke edota gaitasunen arabera baloratu. Bere helburua ez da ohiko klase bat sarera eramatea bakarrik, baizik eta elkarrekintza bilatzea ere badu helburu tresnak. Gainera beste tresna askorekin lotzeko aukera eskaintzen du gehigarrien bidez; horietako bat, H5P eduki elkarreragileko elementuak ikastarotan txertatzeko aukera ematen duena.

Softwarea jaisteko: https://download.moodle.org/

Zerbitzu moduan: https://moodlecloud.com

 

Nextcloud

Hodei propioa eskaintzen duen softwarea da hau. Zure fitxategi guztiak edozein tokitan eta kontrolatuta eduki nahi izanez gero hau da zure aukera. Fitxategiak bertan edukitzeaz gain, zure taldekideekin partekatu ditzakezu modu seguruan edota kanpora ere lotura bat eskaini nahi izanez gero. Sakelako aplikazioa ere eskaintzen du horrela, zure sakelekoan ere datuak eskuratu ahal izateko. Gehigarri bidez, proiektuak kudeatzeko tresnak, bideokonferentzia gelak, eztabaida taldeak edota dokumentuen edizio bateratua egiteko baliabideak gehitu ahal zaizkio; Collabora edo OnlyOffice bi adibide.

Softwarea jaisteko: https://nextcloud.com

Zerbitzu moduan: https://nextcloud.com/signup/

 

Jitsi

Bideokonferentzia gela bat azkar sortu nahi baduzu software honekin erraz egingo duzu. Jitsin gelak sor daitezke oso erraz. Gela bakoitzeko zerbitzuak helbide bat emango dizu eta helbide hori zure kontaktuekin partekatuz gero, sartu eta bideokonferentzian egongo dira zurekin. Pasahitza ere jarri ahal zaio gelei, pribatuago egiteko, baina bestela hori egitearekin nahikoa litzateke komunikatzen hasteko.

Pantaila ere parteka daiteke dokumenturen bat edo aurkezpenen bat partekatzeko. Horretaz gain, gehitu ahal zaizkion gehigarri batzuen bidez saioak graba daitezke edo streaming bidez publiko zabalari eskaini. Hainbat pertsonen arteko deiak onartzen ditu eta kuriositate moduan, Youtubeko bideoak ere jar daitezke bideokonferentzian bertan parte hartzen ari diren guztiek ikus ditzaten.

Softwarea jaisteko: https://github.com/jitsi

Zerbitzu moduan: https://jitsi.org edo https://jitsi.eus

 

Wordpress

Wordpress blogak sortzeko erabiltzen den software tresna garrantzitsuena da gaur egun. Tresna hau blogak sortzeko sortu bazen ere, era guztietako webguneak eta web zerbitzuak (online dendak, sare sozialak, elkarlan tresnak...) egiteko balio du orain. Munduko webgune guztien %25 inguru egiten da tresna hau erabiliz.

Oso erabilera erraza da eta txantiloien bidez itxura aldatu eta gehigarrien bidez funtzio berriak gehitzeko aukera ematen duen tresna da. Bereziki interesgarria sortutako edukiak publikatu eta hedatzeko, elkarlanean aritzearen beste parte bat baita elkarbanatzea.

Softwarea jaisteko: https://wordpress.org

Zerbitzu moduan: https://wordpress.com

 

Lau tresna hauekin, gure proiektua, ikastaroa edo lagun koadrilan antolatu beharreko lanak kudea daitezke era errazean. Batzuentzat irakaskuntzako baliabide moduan izango dira interesgarriak, beste batzuentzat fitxategiak eroso eta kontrolpean izateko eta beste batzuentzat ezagutza partekatu eta komunikatzeko; erabili ditzagun.