Askotariko bertso ekimenak udaberriari begira

Bertso barnetegia

Otsailaren 14tik 16ra egin dute egonaldia Gautegiz-Arteagan Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartearen eskutik.

Baratze baserri eskolan batu ziren aurten 12 eta 18 urte bitarteko Bizkaiko bertsolari gazteak. Bizkaiko bertso-eskoletan dabiltzan gazteek elkar ezagutzea eta beraien arteko harreman sarea sendotzea helburu hartuta asteburu pasa ederra izan da. Bariku gauean Etxahun Lekue eta Oihana Bartra bertsolariak hurbildu ziren gazteengana afaltzera. Aurkezpen kantatuen ondoren, gazteek eurak jarritako gaiei abestu zieten bi bertsolariak eta bertso jolasek arrakasta handia izan zuten.

Hurrengo goizean, gosaldu ondoren, mendi buelta ematera joan ziren gazteak. Basobide batetik Ereñora heldu eta han ere plazan bertsotan jardun zuten batzuk. Bazkaldu ostean, dantza plazaren eta kamiseten serigrafiaren tailerren txanda iritsi zen eta gauean aldiz, bertso bingoak eman zuen abesteko eta musikaz gozatzeko aukera.

Gazteak plazara

Plazara! ekimen berria bertsolari gazteei zuzendutako bertso zirkuitua da.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Plazara! ekimen berria ipini du martxan. Plazara! Bizkaiko bertsolari gazteei zuzendutako bertso zirkuitua da. Helburu nagusi bi ditu proiektuak, batetik, gazteen plazaratzean eragitea eta bestetik, gazteen saretzea eta talde izaera indartzea.

Bertso-zirkuitua Bizkaiko eskualdeetatik pasatuko da, hilabetean, gutxienez, saio bat egongo delarik. Hilabete bakoitzean eskualde baten ardura izango da, beraz, saioa etxean hartu eta antolatzea. Hau da, parte hartzaileak eurak izango dira antolatzaileak. Saioen formatuak denetarikoak izan daitezke, antolatzaileen eta herriaren neurrira eginak, eta saioak bariku iluntzeetan izango dira. Izen emateko epea otsailaren 26ra arte egon da zabalik eta adin tartea 1996-2002 urte artean jaiotakoak, biak barne.

BBK Gazteen bertso sariketa

BBK Bertsolari Gazteen XXVII. BBK sariketa eskualdeka ere martxoaren lehen egunetan jarriko da abian. Bizkaiko eskualdeak kontuan izanda osatzen diren taldeen arteko lehiaketa honek horixe du berezitasun nagusi: bertsolariak taldean hartzen du parte eta herrialdeko eskualde guztiek dute ordezkapena.

Hauek izango dira 2020ko eskualdeak. Zortzi taldetan banatzen da parte-hartzea: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkaterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta. Talde bakoitzean sei bertsolarik abestuko dute, bi multzotan banatuta. A multzoa: 2000 urtean edo beranduago jaiotakoak: Hauek egin beharrekoa, oinak emanda eta ofizioan bi bertso zortzi txikian, oinak emanda eta ofizioan bi bertso zortziko handian eta lehen puntua emanda, amaiera eta gaia emanda.

B multzoan 1994tik 1999ra jaiotakoak abestu ahal izango dute eta hasierako agurraz gain oinak emanda eta ofizioan hiru bertso zortzi txikian, oinak emanda eta ofizioan hiru bertso zortziko handian eta lehen puntua emanda, amaiera eta gaia emanda bi bertso.

 

martxoak 3          Barakaldo            Busturialdea-Enkarterri/Ezkerraldea

martxoak 4          Igorre                  Arratia-Durangaldea

martxoak 9          Mungia                Uribe Butroe-Hego Uribe

martxoak 11        Markina               Uribe Kosta-Lea Artibai

martxoak 16        Iurreta                 Lehen finalerdia

martxoak 18        Sopela                Bigarren finalerdia

martxoak 26        Bilbo                   Finala

 

 

Iñaki Iturriotz

2020, Martxoa 02
Arloa: Bertsoleku