8 arrazoi ikastetxeetan Software Librea erabiltzeko

8 arrazoi ikastetxeetan Software Librea erabiltzeko laburbiltzen saiatu gara. Hezkuntzan ere librezale ekimenak aipatutako kanpaina batean oinarrituz, bakoitza apur bat gehiago komentatzen saiatu naiz artikulu honetan.

Kooperazioa

Ikasleen artean lan tresnak partekatzeko askatasuna ematen du, baita irakasleen artean ere.

Eskolan sustatu nahi izaten den balio nagusietako bat da, baita jendartean edo lanean eskatzen den gaitasun nagusietako bat. Oso gutxitan sortzen da zerbait bakarrik, etengabean gaude elkarlanean eta pertsona oso izateko ezinbestean kooperatu behar dugu. Bere DNAn du software libreak kooperazioa eta berari esker ditugu egunero erabiltzen ditugun zerbitzu asko, adibidez Interneteko azpiegituraren parte handiena. Kooperazio-sare handi baten parte aktibo izatea, balore hauek sustatzeko bidean pauso polit bat da.

Autonomia

Ikastetxeko gailuak ikastetxeak berak kudeatzeko askatasuna ematen du.

Ikastetxe bakoitzak daukan gaitasunaren arabera, baina bere beharretara egokituz landu daitekeen esparrua da hau. Ezinbestean, pertsona formatuak behar ditu honek, baina teknologia gure hezkuntzan eta jendartean hain garrantzitsua bada, garaia da akaso eskoletan profil hauek egoteko edota indartzeko, erakundeei berariazko apustua eskatu behar bazaie ere.

Gastuak aurreztu

Softwarea kopiatzeko eta banatzeko askatasuna ematen du.

Lizentzia eta zerbitzu tasen aurrean, egokitutako zerbitzuak eta hobekuntzetara bideratu daiteke dirua. Ez da beti merkeago izango, baina behintzat dirua gertuagoko enpresetan edota egokitutako moldaketetan joango da. Gainera, gastuen murrizketa handiak, horiek bai, etor daitezke hainbat eragilek batera erabakiko balute gastuak partekatzea; adibidez beraientzako ezinbestekoak diren programa bati egin behar zaizkion moldaketak egiteko.

Ikasteko grina

Erabiltzen duzunaren iturburu-kodea irakurtzeko eta ulertzeko askatasuna ematen du, jakin nahiari bidea emanez.

Mugak ez jartzea, garrantzitsua da beti, baina hezkuntzan bereziki. Erraztasunak eman eta softwareak praktiko eta erabilgarria izan behar du, baina nahi duenari, oxigeno bonbona eta urpeko betaurrekoak eman eta ikertzeko aukera ematea etorkizuneko teknologian aritu berriak eraikitzeko aukera ematen du. STEMari buruz asko hitz egiten den garaiotan, kuriositateari ateak irekitzeko bide garrantzitsuenetako bat, hauxe izan daiteke.

Irudimena eta sormena

Zure moldaketak eta garapenak sortzeko eta banatzeko askatasuna ematen du.

Beste baten lanean oinarrituta, aldaketa txiki bat egin eta hori partekatzean sentitzen den alaitasun hori posible egiten du software askeak. Aldaketek ez dute izugarrizkoak izan behar, nahikoa da, programa baten funtzio bati zerbait berria gehitzea edota, akats txiki bat detektatu eta zuzentzea; une horretatik aurrera programa baten parte izan zara eta sentsazio horrek ez du preziorik.

Euskaraz bizi

Hainbat software euskaraz dago eta gehiago euskaratzeko askatasuna ematen du.

Euskarak arlo teknologikoan etorkizunik badu, software libreak garrantzia berezia izango da. Beste aukerak, finantziazio iturri amaigabe baten bidez pribatiboak diren soluzioak edo plataformak finantziatzea litzateke. Aldiz, software libreko aukerak gure esku dago itzultzea, baimenik eskatu gabe ere, baimena jada emana digutelako. Batzuetan ekarpen boluntarioak izan daitezke, beste batzuetan ekimen publiko edo pribatuak, baina denek gozatuko dugu horren emaitza euskaraz.

Gizarte digitalerako prest

Lan tresna software eta gailuak aukeratzeko eta diseinatzeko askatasuna ematen du.

Etengabeko aldaketan dagoen jendartean bizi gara eta teknologiak ere aldaketa horietara erantzuten dio eta batzuetan zenbait aldaketen bultzatzaile ere bada. Horregatik ezinbestean, ingurune digitalerako prestatutako pertsonak behar ditugu, ez bakarrik teknologia zehatz batzuk erabiltzen dakitenak, baizik eta etorriko diren aldaketetara moldatzeko aukera izango dutenak.

Herritar askeak

Ezagutza teknologikoak zabaltzeko askatasuna ematen du gazte independenteak eta solidarioak sortuz.

Teknologia erabiltzeaz gain, teknologiak zertarako eta nola erabili behar diren pentsatzeko gai diren pertsonak hezi behar ditugu. Jendartean ezagutza hori zabaldu eta herritar bezala, beren eskubide eta betebeharrak teknologiaren bidez nola eraman daitezkeen aurrera dakitenak. Kritikoak eta eraikitzaileak eta ez baztertzaileak izateko, ezinbestean teknologiak jendartean dagokion erabilera emateko gai direnentzako tresna da software librea.

 

Irudia: https://ikusimakusi.eus/2017/8-arrazoi-ikastetxeetan-software-librea-era...

Gorka Julio

2020, Otsaila 28
Arloa: Sarean