Interneteko osasuna 2019

Mozillak Interneten osasunari buruzko txostena atera berri du eta urteroko txosten honek jendartea eta Internet nola elkar gurutzatzen diren aztertzen du; jendartean eta gure eguneroko bizitzan duen eragina alegia.

Txostenak gaur egungo gure online bizitza nola ikusten dugun adierazten du. Inoiz baino konektatuago gaude, izan ere, gizateriaren %50aren langa gainditu du aurten. Ia denok, konektatuta egotearen abantailez gozatzen badugu ere, kezkatzen gaitu Internetek eta sare sozialek gure seme-alabengan, lanean, eskubideetan eta jendarteengan sortzen duen eraginagatik.

Milioika pertsona ohartzen hasi dira gure datu pertsonalen truke orokortuak eta masiboak, teknologiaren industriaren zentralizazioak eta online iragarkiak behar ez bezala erabiltzeak, sare sozialen erabilera gehiegizkoarekin batera, nahasmen handia eragiten ari dela eta galdera berriak egiten hasi da jendea.

Pertsonek galdera hauek egin ahala, sistemaren azpian dauden arazoak ikusteko gaitasuna izaten hasi da.. Orain dela gutxi, Europa osoko gobernuak ikusi ditugu, Europar Batasuneko hurrengo hauteskundeei begira, informazioa monitorizatzeko eta desinformatzeko ahaleginak ekiditzeko mekanismo bila. Ikusi dugu ere enpresa teknologiko handiek ahalegin batzuk egiten dituztela iragarkiak gardenagoak izan daitezen. Eta, ikusi ditugu zuzendari nagusiak, politikoak eta aktibistak elkarren artean borrokatzen, etorkizuna nola bideratu behar dugun pentsatzen. Arazoak ez daude konponduta, baina badirudi jendarte digital osasuntsu bat nola izan behar lukeen eztabaida-aro berri batean sartu garela.

2019ko Interneteko Osasun Txostenak historia horien atzean dagoen historia aztertzen du, adituekin elkarrizketak, datuak aztertuz eta bistaratuz, jatorrizko txostenak erabiliz.

Txostenaren hiru artikulu nabarmenetan, hiru arazo nagusi aztertzen ditu: lehenak, aztertzen du makinek erabakiak hobeto hartzeko beharra, hau da, nork diseinatzen ditu algoritmoak? Zein datuekin elikatzen dira? Zein diskriminatzen dute? Hurrengoak publizitatearen merkatua birpentsatzeko moduak aztertzen ditu, kontrola eta mendekotasuna diseinu paradigmatik alboratu behar direla adieraziz. Hirugarren artikuluan, hiri adimendunen gorakada aztertzen da, eta tokiko gobernuek nola teknologia integratu dezaketen, ondasun komunaren alde eta ez merkataritza interesen mesedetan.

Beste puntu nabarmen batzuen artean, faltsutze sakona, erabiltzaileen jabetzako sare sozialek daukaten potentziala, alfabetatze pornografikorako zenbait ekimen, itsaspeko kableetan egiten ari diren inbertsioak eta DNAren emaitzak sarean partekatzearen arriskuak jasotzen ditu.

Ingurune digitala ekosistema konplexua da, bizi garen planetaren antzera. Ondorio orokor bat ateratzea zaila bada ere, gauza positibo eta negatibo batzuk nabarmendu daitezke. Positiboan:

  • Pribatutasunari lotutako kezka orokortu da.

  • Adimen artifizial arduratsuagoa eraikitzeko mugimendu bat dago.

  • Enpresa teknologiko handien eraginari buruzko kezka hazten ari da.

Alde negatiboago batetik aldiz:

  • Interneteko zentsura hazten ari da.

  • Biometrikari lotutako erabilera txar ugari izaten ari dira.

  • Adimen artifizialak ematen diren injustizia batzuek hedatzen ditu.

Edukia ez ezik, formatu aldetik ere erakargarria da txostena. Hiru gai nagusiez gain, beste irakurgai interesgarri sorta handi bat ere proposatzen du. Hauek irakurtzeko, ondo etiketatutako kategoriak eta itinerarioak daude. Zenbait pertsonek aukeratutako irakurgaiak ere nabarmentzen ditu eta iritzia emateko aukera ere eskaintzen du webguneak. Berriro ere Mozillari eskerrak eman behar dizkiogu, gutxi baitira benetako sare libre eta ireki baten alde bera bezala lan egiten duten erakundeak.

Gorka Julio

2019, Apirila 26
Arloa: Sarean