Lisabö

Gotzon Uribe

2019, Apirila 23
Arloa: Barri music

Sei urte igaro dira Irungo taldea azkenengoz eskenatoki baten gainean ikusteko aukera izan genuenetik. Bapatean eta inolako aurreikuspenik gabe disko berria plazaratu dute.

 “Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen” (Bidehuts) deitzen da beraien ibilbideko 5. lana. Intentsitatez beteriko taldea da Lisabö eta kantu berriak horren islada nabaria dira. Energia, indarra eta jarrera bermatzen dituzten zuzeneko ikusgarrien jabe dira.

Denborak aldaketak ekarri ditu taldea osatzen duten kideen artean. Ivan Zabalegik eta Joseba Poncek taldea utzi zuten eta diskoa grabatzeko Aida Torres aritu da baterian, ohikoa denez Maite Arroitajauregik celloa jo du. Zuzeneko kontzertuetarako Karlos, Javi, Xabi eta Enekori Borja Toval (Sacco) eta Sergio Gonzalez (Izaera, Sorkun…) gehitu zaizkie.

Taldearen aurreko lana 2011an plazaraturiko “Animalia lotsatuen putzua” izan zen, oraingoa haren jarraipena da. Musikaz gain letrek ere berezko pisua daukate Lisabören abestietan. Aurrekoetan bezela Martxel Mariskal idazlea izan dute lagun. Gaixotasun gogor batekin bizi da Mariskal eta horrek badu eragina bere sormen prosezuan eta letrak osatzerako orduan. Taldearen gordintasunak eta indarrak bat egiten dute askotan beraien letrak sugeritzen duten egoera eta giroekin.

Zazpi kantuz osaturiko diskoa da lan berruan eta hasiera batean izandako arrakasta dela eta taldearen zigilua den Bidehuts-ek bigarren berargitalpen bat plazaratu du. “Zentzumenei eragiten dien musika” dela komentatu izan da askotan Lisabören musika. Kantuak zuzenekoetara eramaten dituztenean alde fisikoak eta emozionalak bat egiten dute eta transmititzen duten indarrak haratago eramaten ditu abestiak eta entzulearengan txertatzen doaz, nolabaieko bidai bat bailitzan. Post-hardcore, inprobisazioaren bideak, punk ikutua...elementu ezberdinak aurkitzen ditugu beraien musikan.

Taldeak izandako ibilbideari begiratuta nabarmendu dezakegu aparteko sentsibilitatea daukaten musikariak direla. Kantua sentzurik zuzenean haratago eramateko gaitasuna daukate eta diskorik disko lortu dute berezko diskurtso musikala osatzea eta bermatzea benetako garantia bat. Entzuleak esperientzia berezi baten moduan biziko ditu taldearen kantuak eta zuzenen Lisabören munduan murgiltzea lortzen duenak benetako bidai sensorial bat burutuko du.