Telegrafo optikoaren eraldaketa disruptiboa

Beti ez gara etorriko den teknologiaz aritu behar ezta? Batzuetan merezi du aurretik egon diren zenbait teknologia ezagutu eta gure aurrekoek komunikazio arazoak nola bideratu zituzten ikusteak, Batzuetan teknologia zahar hauek bisitatzea zenbait egoeratarako baliagarriak izan daitezke edo ideia berriak inspira ditzakete; telegrafo optikoa da horietako bat.

Euskarri fisikorik gabeko komunikazioak historia zabala dauka. Pertsian oihularien bidez egiten zuten, greziarrek eta kartagoarrek sua erabiltzen zuten, erromatarrek kea, Erdi Aroko europan ere azken hori izan zen nagusi. Denak komunikazio sistemak bai, baina ez dira telegrafo optikoaren parekoak.

Kode arautu eta bateratu bat erabiliz komunikazio bat egiten zuen lehena Claude Chappé izan zen Frantzian. Goragune edo dorreetan erloju modukoen bidez, orratzak mugitu eta ordua adierazi beharrean, zeinuak seinalatzen zituzten mezua osatzen joateko. Mende erdiz iraun zuen sistema honek, Baionan eta Behobian izan zituen estazioak adibidez.

Hegoaldean ere, egon zen horrelakorik eta horren aztarnak oraindik badiraute gure zenbait herrietan. Gaztelako linea izena hartzen zuen lineak, José María Mathé donostiarrak diseinatu zuen XIX. mendean. 1846ko urriaren 2an hasi zen funtzionatzen Euskal Herritik pasatzen zen lineak Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen. Gasteizko San Bizente elizako dorrea adibidez funtzio hori zuen, Altsasuko lurretan ere badira aztarnak eta Tolosan (Uzturren) eta Andoainen (Aitzbeltzen) oraindik aztarnak ikus daitezke.

Dorre batek emisio bat egin behar zuela adierazteko posizio berezi bat hartzen zuen. Beste dorrean zeudenak, hori ikusi zutela adierazteko beste batekin erantzuten zuten. Orduan, komunikazioa hasten zuten, banan-bana transmititzen zituzten karaktereak eta beste aldekoek jaso.

Jasotakoa transmititzeko funtzioa soilik hartzen zuten dorre gehienetan zeudenek. Txanda eta egoera oso gogorretan egiten zuten lan gainera. Eguraldiak komunikazioari ez ezik, telegrafo dorreko langileei zuzenean eragiten zion. Mendi puntan edo iristeko zailak ziren tokietan egonik, janaria bera ere iritsarazteke zailtasunak zituzten askok.

Erdiko dorretan alboetako dorretara begiratzeko ardura zuten. Amaierakoetan aldiz, jasotakoa interpretatu behar zuten. Eredu desberdinak egon baziren ere, gehienetan zifratze sistemaren bat erabili ohi zuten. Ardura zuen pertsona batek, mezuarekin batera, kode liburu batean jasotzen zen gako baten arabera, mezu argia eskuratzeko aukera zuen. Horrela bidean mezua ikusteko aukera zutenek ezin zuten, transmititzen ari ziren informazioa ezagutu.

Gaurko terminoetan pentsatu genezake, mezuak garraiatzeko abiadura ez zela bereziki azkarra. Hala ere, garairako aldaketa oso garrantzitsua izan zen. Telegrafoa sortu arte, informazioaren transmisioa ez zen urteetan gehiegi aldatu. Zaldi bidezko komunikazioa izan ohi zen ohikoena eta abiadura horretan Madriletik-Irunerako mezu batek adibidez, bi edo hiru egun hartzen zituen iristeko, arazorik ez bazegoen. Telegrafo optikoari esker sei ordu igarotzen zituen mezuak distantzia bera egiten.

Dorre hauetako asko galduak dira orain. Telegrafo optikoak zeuden tokian, telegrafo elektrikoa jarri zuten zenbait tokitan, baina beste leku batzuetan erabat abandonatu ziren.

Telegrafo optikoak eta ondoren etorriko zen elektrikoak erabat aldatu zituen komunikazioak. Horri esker garatu ziren burtsa, burguesia, sindikatuak, egunkariak, alderdiak eta finean XIX. Mendeko estatu modernoa osatu izan zituzten egitura guztiak. Orain antzeko gauza bat gertatzen ari da Internetekin. Sare deszentralizatu haiek, orain Internetek ekarri duen sare banatuen egiturara egokitu beharko ditugu eta horiekin gure jendartea ere erabat aldatuko da; aldatzen ari da.

Gorka Julio

2019, Martxoa 06
Arloa: Sarean