"Guk aldarrikatzen ditugun gaiak ez dira berriak, futbola bezain betikoak dira”

Iñaki Iturriotz

2019, Urtarrila 18
Arloa: Berba Bi

2019. urtea abiatzeko Onintza Enbeita Maguregi bertsolariarekin egon gara. Bizkaiko txapelduna.

2018. urtea ezin hobeto amaitu zuen Onintzak eta gogotsu hasi du urte berria ere. Finalak emandakoaz, bere bertso ibilbideaz eta aurrerantzeko erronkez ere egin digu berba.

Zer moduz hasi duzu urte berria?

Betiko antzera: familiagaz afari ederra eginda.  

2018. urtea ezin hobeto amaitu zen zuretzat. Zelan deskribituko zenuke finala?

Ondo sentitu nintzen abenduaren 15ean. Sentsazio onak nituen kantatzerako, libre sentitzen nintzen esan nahi nuena esateko. Gustura egin nuen bertsotan, eta 

txapeldun atera nintzen. Ezingo dut esan ez zela egun borobila izan. 

Noiz ikusi zenuen aukerak zenituela irabazteko?

Hasiera batean, nahiz eta nire burua ondo ikusi, ez nuen uste buruz burukoa jokatuko nuenik. Besteak ere ondo ikusten nituen, eta konparaketak egitea oso zaila da kantuan ari zarenean. 

Orduan, nahiago nuen askorik ez pentsatu. Behin buruz burukora pasatuta, argi neukan gaizkien eginda ere, bigarrena izango nintzela eta arriskatu egin behar nuela pentsatu nuen. Ez dakit arriskatzea zer den, baina behintzat, ez nuen erori nahi: tentsioari eutsi nahi nion. Etxahunek potoa egin zuenean, pentsatu nuen lehen aldiz garbi, irabazteko aukera neukala. 

Amestu al zenuen inoiz txapela janztearekin eta asko hurbildu al da errealitatean bizi izan duzunera?

Askotan egin dut amets txapela janztearekin, baina nik mila aldiz egin badut pelikula hori nire buruan, orain frogatu dut mila eta batgarren aukera bat bazegoela. Nik inoiz pentsatutakoa baino ederragoa izan da dena. 

Emakume bat Bizkaiko bertsolari txapelduna. Hori al da historiarako geratuko dena?

Bai, eta horrek geratu egin behar du historiarako. Guk badakigu, bertsotan ari garela bidea ireki zigutelako, eta debeku guztien aurrean, emakumeek euren lekua hartzeko hautua egin zutelako. Guzti horiei zor diegu historian markatzea noiz irabazi zuen emakume batek lehen aldiz Bizkaiko txapelketa. Eta guk gehitu beharko dugu gure alabei kontatzeko, txapel hori bertsotarako saltoa eman zuten emakume ausart haiena zela: Kristina Mardaras, Iratxe Ibarra, Oihane Enbeita, Ainhoa Munitxa… eta ahaztuko zaizkidan beste asko.  

Bakarkako lanetan eguneroko detaile txikietatik eraikitzen duzu istorioa. Hori al da zure bertsotako moduaren arrakasta?

Arrakasta dudan edo ez, entzuleek esango dute, baina hori da niri interesatzen zaidana. Filosofia tratatu handiak idatzi daitezke bertsotan eta halaxe kantatzen dira, baina niri gehiago intersatzen zaizkit guztiok bizi ditugun gatazka txikiak. Askatasunaz hitz egin genezake luzaro, baina norbaitek esaten badu errutinak ito egiten duela, eta noizbait izan zen ardurarik gabeko persona hori atera nahi duela bere barrutik, asktasunaz ari zaigu. Baina jartzen dugun adibidea, guztion bizitzetan gertatutako zerbait da. Bada, hori da niri interesatzen zaidana. 

Zuen aurretik emakumea plazaratzeko ahalegina egin zutenak askotan aipatzen dituzu baina zeuk ere Emetik Bertso kabareta, Ez da kasualitatea.. erako ekimenak martxan jarri dituzu. Egungo bertsogintzaren eta tematika berriak plazaratzearen eredu al zara?

Zaila da norbere buruari aitortzea eredua dela zerbatietan, baina argi dago erreferenteak garela eta izan garela. Bizkaiko finalean lau emakume geunden eta ni nintzen zaharrena askogaitik. Haiek niregan ikusten dutena eta neuk egunero ispiluan ikusten dudana ez dira gauza bera. Azkenean, oraindik eskolan zebiltzanean gu kabaretarekin ari ginen, eta geure aukeren barruan zerbait berria ekartzen saiatu ginen. Oraindik ere, emakume gazteak ere, forma berriak erakusten ari dira. Oraindik ere bidea zabaltzen ari gara. Kontua da guk plazaratzen ditugun gaiak eta ikuspegiak ez direla berriak, baina berritzat hartzen direla. Esan nahi dut, hemen gai unibertsalak izan direla gizonei lotuak eta gureak izan direla gure gauzak, guri bakarrik interesatzen zaizkigunak. Baina nola izango da hilerokoa interesik ez daukan gauza bat munduaren erdiak hilero bizi duen gauza bat bada? guk aldarrikatzen ditugun gaiak ez dira berriak, betikoak dira: futbola bezain betikoak. Kontua da orain arte sinestarazi digutela ez zaiola inori interesatzen.   

Nola animatuko zenuke bere ohiko lagun taldetik aparte bertso eskolan dabilen neska gaztea?

Nik ez diot inori esango bidea erraza denik, eta helduko da momentu bat konturatuko dena, bota duen bertsoagatik baino, beste guztiagatik epaituko dutena: baina merezi du. Merezi du, helduko delako momentu bat nahi duena esateko  libre sentituko dena neska hori, eta orduan, mikrofonoak irribarre egingo dio, eta botere hori, izugarria da. 

@onintzaenbeita