Buffalo

Gotzon Uribe

2019, Otsaila 01
Arloa: Berba Bi

Zarautzen kokatzen da Buffalo taldearen abiapuntua. “Ulu” izena dauka beraien disko berriak, post-rock, musika instrumentala, free-jazz..etiketa ezberdinak egiten duten musika definitzeko.

Nondik sortzen da taldea? Aurretik beste proiektu batzuetan ibilitakoak al zarete?

Orain dela 9 urte sortu genuen taldea. Ander eta Joanes Frijolo izeneko  talde batean jotzen aritu ginen eta proiektu hau amaitzean beste zerbaitekin hasteko gogoa genuen. David proiektu askotan zebilen garai hartan eta berarekin harremanetan jarri ginen Donostiako Jazzle akademiako irakasle baten bitartez. Hirurak zarauztarrak izateak gauzak asko erraztu zituen taldea martxan jartzeko garaian.

Sonoritate bat bilatzen ari den taldea bat zarete edo abestiari ematen diezue garrantzia gehiago?

“Zinematik” diskako abestiekin gure soinua aurkitu genuen, aurretik estilo ezberdinak probatu eta nahastu ondoren. “Ulu”-k ildo berdinetik jarraitzen du baina abestiak ezberdinak dira. Melodia oso zehatzak baino gehiago, atmosferak eta giroak sortzea bilatzen dugu. Hala ere, abestiei ematen diegu garrantzi haundiena.

Nola definituko zenukete zuen musika?

Oso zaila egiten zaigu gure musika definitzea, post-rocketik dexente du baina jazz ikutua ere badu, batez ere, soinu aldetik, “ambientala” da, surf ikutua du…

Erreferente zuzenik izan duzue lan hau eratzerako orduan?

Ez, musika estilo oso ezberdinak entzuten ditugu eta ez dugu erreferente zuzenik. Jazz garaikidetik pixkat edaten dugu, batez ere, Davidek bateriarekin egiten dituen erritmo batzuetan, Tortoisen ikutua dugu soinuan baina musika beltzarekin nahasten dugu…

Buffalo moduko talde bat non kokatu daiteke Euskal  Herriko eskenaren barruan?

Egia esan eztakigu! Azkenaldian talde instrumental dexente atera dira baina estilo diferentekoak denak. Jazz ziklo edo festibal dexentetan jo dugu azkenaldian, baina, gure ustez, gure musikak ez du toki zehatz bat Euskal Herriko eskenan, onerako eta txarrerako.

Melodia eta erritmoa zuen abestietan nahaste den zerbait dela ulertzen dut. Zein bilakera izan du taldeak sorreratik egundaino?

Hasieran erritmo eta estilo nahasketa gehiago egiten genituen, funkya, rocka edo jazza bezelako estiloak nahastuta. Lehen aipatu dugun bezala, “Zinematik” diskarekin gure soinua aurkitu genuen, post-rockerantz joan ginen baina jazz soinua mantenduz. Orain, abestiak garrantzi gehiago du.

Jarraitzen al duzue Euskal Herrian egiten den musika?

Bai, zorionez estilo eta osaera ezberdinetako talde on asko ari da sortzen azkenaldian.Zarautzen bertan, talde ugari daude musika estilo oso ezberdinak jorratzen eta hori oso positiboa iruditzen zaigu.

Rock instrumentalaren bidetik jarraituz, pentsatu ahal duzue zuen musikaren mugak non dauden?.

Ez, musika hain da irekia zaila dela mugak jartzea. Buffalo ez da ogibide bat guretzat, disfrutatzeko proiektu bat baizik. Egia esan, epe luzera zer gertatuko den ez dugu pentsatzen, asko gozatzen dugu eta momentua bizi dugu. Baliteke gure musikak mugak izatea publiko haundiarengana iristeko, baina gustokoa egiten dugu nori edo zenbat jenderi gustatuko zaion gehiegi pentsatu gabe, gustatzen bazaie hobe noski.

Zer aurkitzen dugu disko berrian aurrekoan ez zegoena?

Aipatu bezala, diska berria aurreko laneko ildo beretik doa. Konposizio aldetik abestiak bide beretik doaz, soinuaren aldetik dator aldaketa nabarmenena. “Zinematik” zuzenean grabatu genuen Zarautzeko Modelo aretoan eta “Ulu” estudioan grabatu dugu. Denbora gehiago eman genuen nahi genuen soinua aurkitzeko eta hori nabari da, oso gustora gaude emaitzarekin.