Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista komiki albumaren aurkezpena

Sail honetako bigarren albuma da hau, aurretik, Haur Besoetakoa: Litxarrerien jauna argitaratu baitzen. HAUR BESOETAKOA: PARISTIK DATORREN ARTISTA komiki liburua aurkeztu da, Xabiroi Bildumaren hamaikagarren zenbakia. Donostiako Komikigunean egin da aurkezpena, eta bertan izan dira albumaren egileak, Unai Iturriaga bertsolaria eta Alex Sanvi ilustratzailea, Xabiroi komiki aldizkariko zuzendari Dani Fano, eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artola.

 

Haur Besoetakoa sailaren bilduma da aurkeztutakoa, Xabiroi aldizkariaren hainbat zenbakitan argitaratzen joandakoa, baina bilduma egiteko orduan moldatua izan dena. Gainera, sail honetako bigarren albuma da hau, aurretik, Haur Besoetakoa: Litxarrerien jauna argitaratu baitzen.

Haur Besoetakoa komiki ganberroa da, nobela beltz bat, haurren munduan girotua, egia handi eta biribilak kontatzen dituena, mozorrotuta. Aurreko albumetik hona, denbora bat igaro da, eta gauzak asko aldatu dira Haur Besoetakoaren munduan.

“Ihes egitea zaila bada, are zailagoa itzultzea, ahaztuen zerrendatik irten eta gailurreraino berriro iristea. Horrela dabil HB [Haur Besoetakoa]. Lehengo lagunak bizirik ote? Lo-li-ta izan zuen salbatzaile, baina aldi berean etsai; ezin inorekin fidatu. Zailtasunak zailtasun, HB ez da jaio erdipurdikoen lohian plisti-plasta ibiltzeko. Kosta ahal kosta bereganatuko du berriz Litxarrerien Jaunari dagokion lekua. Itzuli da HB!”. Horrela dio album honetako sinopsiak. Eta jarraitzen du: “Baina oraingo  honetan Beste Aldetik dator mehatxua. AIMAk saldoka datoz ihesi haurren mundura, helduen mundutik errefusatuak. Zertaraz datoz ordea? Ba al dago heldu onik? Lo-li-taren eta HBren mundua arrisku larrian dago”

 

Kontaizu

2018, Urria 19
Arloa: Arteder