Era Batera

Era Batera taldeak lan berria plazaratu du. Estreineko diskoa du Gatibu taldeko baterijolea den Gaizka Salazarrek gidatzen duen taldeak. Musikari bilbotarrak bere kabuz sorturiko abesti sorta aurkezten du oraingoan. Abentura berri honetan taldekide moduan musikari ezagunak ditu alboan, hala nola, Gatibu taldeko Mikel Caballero baxujolea, Ken Zazpiko Beñat Serna kitarrajolea eta Willis Drummond taldeko abeslaria den Jurgi Ekiza aurkitzen ditugu Era Batera taldean.

Lan berriko grabazioak Lorentzo records eta Muxikon Muxikako estudioan burutu dituzte. 9 abestiz osaturiko lana dakarte eta kolaboratzaile ezberdinen laguntza izan dute, Batiz kitarrajole handia, Ander Erzilla saxojotzailea eta Eñaut Gaztañaga musikaria programazioetan aritu dira. Hauekin batera Akatz Bilboko taldeko haize sekzioa aritu da abestiak apaintzen.

Taldeak lantzen duen estiloari dagokionez rock alternatiboaren eremuetan mugitzen dira, pop ikutua, pasarte lasaiak intentsitatez beteriko beste batzuekin uztartuz eta bai kantaeran eta armonietan ere modulazio ezberdinak erabiliz.

Proiektuaren aurkezpen datak hauek izango dira:

Azaroak 08. Bilboko Kafe Antzokia.

Azaroak 09. Doka. Donostia.

Azaroak 29. Jimmy Jazz.

Azaroak 30. Le Magneto. Baiona

Gotzon Uribe

2018, Iraila 27