Kresal zaporeko Bertso barnetegia

Lau egunez Ondarroako Zubi zahar herri ikastolan egon dira bilduta Bizkaiko bertsolari gazteak. Egunez ekintzak izan dituzte programatuta eta gauetan irudimenarekin eta lo egin nahi ezarekin primeran pasatu dute.

Kostaldeko herri bat aukeratu dute udako bertso barnetegia egiteko Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Astelehen arratsaldean elkartu ziren eta ostegun goizerarte luzatu da egonaldia. Bizkaiko bertso eskola eta bat-bateko bertso taldeetako 45 ikasle batu dira, Gernika, Bermeo, Arratia, Zalla, Turtzioz, Uribe Kosta, Bilbo, Zornotza, Ugao, Arrigorriagatik… pozik etorritakoak.

Hasierako uneetan ohikoa den urduritasun eta nerbioak baretzeko ezagutza jolasak burutu zituzten. Taldeka banatu eta izenak esan ostean...errimatzen zuten beste hitz bat bilatu beharra izan zuten neska mutilek, izan ere, hau bertso barnetegia da eta hasiera hasieratik igarri zen hori. Afaldu aurreko tartea eta ondorengoa Ondarroako herriko kaleetan bueltaka, alde batetik bestera korrika igaro zuten. Lehen frogan hainbat galdera zituen papertxo bat betetzea eskatu zitzaien, bertako hitzak, bertako lekuak… erantzuteko eskatzen ziena, hori bai bakoitza sinadura desberdin batekin aurkeztu behar izan zuten. Gauean aldiz, altxorraren bila jolasa egin zuten… ordu txikiak arte luzatu zena.

Hurrengo goizean gosaldu eta bisita gidatua izan zuten herrian zehar. Portua eta Ondarroako historiaren inguruko hitz batzuk entzun ostean gerra garaian Saturrarango emakumeen kartzelari buruz jaso zuten informazioa. Izan ere, gauerako iragarrita zegoen “izarren argia” filmearen sarrera bat izan zen turismo bulegoko lankideak azaldu ziena. Hondartzan ia ordu biko lasaitua hartu ostean, gehienak uretatik atera gabe, bazkaldu ondoren bertso eskolaren tartea heldu zen. Bertso eskola izaten da ekintza guztien artean gazteei interesa pizten diena. Norbere bertso eskolako irakasle eta kideengandik banatu eta gainontzeko lagunekin bertsotan eta jolasean aritzeko aukera eskaintzen die bertso tailer honek. Bertsoaren azkena pentsatu, errimak gorde, doinua aukeratu, gaia entzun, isilunea, kantuan hasi.. hori izaten da arratsaldeko ekimenaren ohiko jarduna. Bertsotan jardun eta gero, talde bakoitzak txef izateko aukera izan zuen. Plater bat pentsatu, prestatu eta bertsotan aurkeztu behar izan zuten.

Hirugarren egunean Lekeitiora joan zen bertsolari gazteen kuadrila. Lekeitioko uretan jardun zuten goiz osoa bi taldetan banatuta. Batzuk Isuntza arraun taldeko kideekin arraunean atera ziren itsaso zabalera, olatuak lagun, bilintzi balantza arraun kirolera hurbiltzeko baliagarria izan zitzaien. Besteak aldiz, Lekeitioko kaiatik atera gabe paddle surf egiteko aukera izan zuten. Neoprenozko trajea jantzi eta uretara. Gosetuta atera ziren gazte gehienak eguerdirako itsasotik. Arratsaldea baina, laburra egin zitzaien. Izan ere, Lekeitioko bertso eskolakoek bertso saio dotorea prestatu zuten alde zaharrean. Kantuan aritu ziren Etxahun Lekue, Aissa Intxausti, Arkaitz Estiballes eta Xabat Galletebeitia. Gai jartzaile lanetan, Garazi Navarro ibili zen. Gauean, Ondarroan gaubela prestatu zuten gitarra eta musika tresnak lagun.

Azken eguna, lo gutxi eginda hasi zen. Iratzargailu bereziak esnatu zituen lo zeuden gutxiak. Gosaldu, maleta egin eta ikastolaren aurrean elkar agurtu ziren uda ondoren berriro bertso eskolara gogotsu etorriko diren gazteak.

Iñaki Iturriotz

2018, Ekaina 30
Arloa: Bertsoleku