Gorka Pagonabarraga eta Iruri Altzerreka, etorkizun oparoko Durangaldeko bi bertsolari gazte

Gorka Pagonabarraga Durangarrak 18 urte beteko ditu laster eta bera da 2018ko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari txapelketako irabazlea. Iruri Altzerreka 2017ko irabazlearekin batera arituko dira biak Sarako Euskal Herriko Txapelketaren finalean. Gorka Durangoko bertsoeskolan batzen da. Iruri, ostera berrizko bertso eskolan hasi zen 8-9 urte inguru zituenean, eta orain dela gutxi Markinako bertso eskolan ere hasi da kantari.

Zelan gogoratzen duzu bertso eskolako edo bertsolaritzako lehen klase eguna?

GORKA: Gogoratzen naiz ez nekixla oso ondo zer topauko nuen bertso eskolan, ia idazten ala kantatzen ibiliko ginen, ze ariketa mota egiten diren... Hasieratik lau oinak eta horrelako ariketekin abesten hasi ginen. Berehala ulertu nuen bertso eskolara lotsa etxean itxita joan behar dela.

IRURI: Egia esan ez dut oso ondo gogoratzen bertso eskolako lehen eguna. Zortzi bat gaztetxo hasi ginen, Miren Amuriza irakasle zela. Gogoan dut nahiko txiki sentitzen nintzela besteen aldean, eta bertso idatziak egiten hasi ginela lehenengo.

Zer ematen dizu bertsoak bertsolaritzak? Ze trebetasun lantzen dituzue bertsolaritzaren bidez?

GORKA: Bertsolaritzak asko ematen didala esango nuke, urteak aurrera egin ahala gero ta gehiago. Hasieran barikuroko ordu beteko saiora mugatzen zen afizio honek gaur egun mila plan ematen dizkigu. Lagun artea, juergak... Ganera, bertsolaritzagaitik izango ez balitz kontuan hartuko ez genituzkeen gauzei buruz apur bat pentsatzera derrigortzen gaitu bertsoak, eta gura barik gauza pila bat ikasten dira horrela.

IRURI: Bertsoak gauza mordoa eman dizkit. Seguruenik hauetako asko topikoak izango dira, baina bertsolaritzak jende eta leku berriak ezagutzeko aukera eman dit. Baita lagun onak egitekoa ere. Momentu askotan lotsa alde batera uzteko ere balio izan dit, eta gauzak hobeto adierazten lagundu didala ere uste dut. Bertsolaritzaren hainbat alderdi edo trebetasun lantzen ditugu bertso eskolan; bat-batekotasuna, irudimena, hainbat gairen inguruan informatzea edo iritzi bat garatzea... 

18 urte betetzear zaudete. Ze aldaketa ekarriko du horrek zuen bertso bizitzan?

GORKA: Ez dut uste adin nagusitasunak aldaketa handirik ekarriko digunik bertsotan. Bertso eskolan batzen jarraituko dugu, ahal diren saio denak aprobetxatuz.

IRURI: 18 urte betetzeak inflexio puntu bat dakarrela esango nuke. Ez dakit horrek oraindik aldaketarik ekarriko duen edo ez. Jada eskolarteko azkenengo urtea izanda, hemendik aurrera helduen kategorian aritzea tokatuko litzaiguke. Horrek hainbat galdera sorrarazten dizkit: zergatik egiten dut betsotan? eta zertarako? bide honetatik jarraitu nahi al dut?. Baina oraindik erantzun zehatzik ez dudanez galdera horientzako, nahiago dut ez larritzea, eta bertsoaz disfrutatzea, gustora nabilen bitartean.

Zein bertsolari da zuen eredua eta zergaitik?

GORKA: Aitor Mendiluze pila bat gustatzen zait. Kantaera, erantzuteko erreztasuna, oholtzan transmititzen duen lasaitasuna... Gozatu baino ez dut egiten bera entzuterakoan.

IRURI: Hainbat ditut gustuko eta hartu nitzazke eredutzat, Miren Amuriza edo Sustrai Colina adibidez, baina bat aukeratzekotan Maialen Lujanbio aukeratuko nuke. Miresgarria iruditzen zait egin duen lana, beste emakume batzuei bidea zabaltzea, gizartean nahiko tabuak diren gaiak bertsotan sartzea… eta baita publikoarengana iristeko duen trebezia hori ere.

Zelan gogoratzen duzue Balmasedako eskolarteko finala?

GORKA: Oso oroitzapen onak ekartzen dizkit Balmasedako finalak. Eskolarteko azken urtea izanda aprobetxatzeko gogoa nuen eta aukerekin ikusten nuen nire burua zeozer egiteko. Beldurra neukan ia gero horrek kalte egingo zidan oholtzan. Urduri igo nintzan baina bertsoz bertso gozatu ahal izan nuen, oso gustora amaitu nuen saioa. Txapelak asko poztu baninduen ere, saririk onena Saran abesteko txartela lortzea izan zen.

IRURI: Balmasedako finala sentsazio gazi-gozo batekin gogoratzen dut. Gorkagatik poztu nintzen, txapela merezi zuelako, baita Sararako txartela irabazi izanagatik ere. Giro ederra egon zen, gainontzeko finalistak ere primeran ibili ziren eta saioa oso arin joan zen. Hala ere, ahal nuen guztia ez nuela eman iruditu zitzaidan eta nahiko presio ere sentitzen nuen pasaden urtean txapela irabazi izanagatik.

Ze helburu daramazue Sarako Euskal Herriko finalera?

GORKA: Sarara disfrutetako gogoz noa, Euskal Herri osoko bertsolari gazteekin kantatu eta zertarako gai naoizen erakusten saiatu nahi nuke, bai publikoari baita neure buruari ere.

IRURI: Sarako finalera disfrutatzeko helburua daramat eta baita aukera aprobetxatzekoa ere. Iaz ez nintzen oso gustora geratu , eta aurten arantza hori kendu nahi nuke, ahal den heinean gozatuz. Gainera egun polita izaten da, eta urtean zehar askotan ikusten ez ditugun lagunak ikusteko aukera izaten dugu.

Nola definituko duzue elkar?

GORKAK Iruri: Iruri pertsona langiletzat daukat, normalean bertsotan ezta batere jausten eta oso akats gutxi egiten ditu orokorrean. Balmasedan ez zen topera ibili eta Sarara dena emateko gogoz joango da seguru. 

IRURIK Gorka: Hainbat hitzek defini lezakete Gorka, baina buelta gehiegirik eman gabe burura lehenengo etortzen zaidana hau da: naturala, jatorra, parrandazalea eta bertsotarako beti prest dagoena.

Iñaki Iturriotz

2018, Maiatza 31
Arloa: Berba Bi