Mikel Uraken

2013an plazaratu zuen “Folk Songs For Tormented Souls” bere estreineko diskoa, gerora  “Neguaren ostean” lana etorri zen eta disko harekin alderatuz, lan hau talde oso baten laguntzarekin burutu du, non David Tobal baterijotzailea eta Gorka Pardo baxujotzailea izan dira kantuak sostengatzen aritu diren musikariak.

Kantagintzari heldu izan dion Urakenek, bakarka aritu izan denean ere folk iluneko abestiak jo izan ditu, hala ere disko honetako zortzi abestiak post-hardcore delako estiloan murgiltzen dira. Intentsitatez beteriko rock musika non sonoridadea eta giroak zaintzean datza ardatz nagusia. Nabaria da kantuak moldatzerakoan taldearekin aritzeak hauen alde egiten duela, abestiak gorpuztu egiten dira eta ñabardura ezberdinen presentzia agerikoa da kantu bakoitzean.

Garate estudioan grabatu dute diskoa Ander Barriuso teknikariaren laguntzarekin eta abestien letrak idazterakoan Aiert Goenaga, Gotzon Barandiaran eta Gorka Erostarbe izan ditu alboan.

Loan taldean ezagutu genuen Uraken eta geroztik Anari, Mikel Laboa, Sigur Ros, Lisabo edota Bill Callahan moduko talde eta artistak izan ditu erreferentzia moduan.

Gotzon Uribe

2018, Maiatza 02