Don Inorrez

Tolosako kantariaren bakarkako proiektu honen estreineko lanak “Mugiro Bila” izenburua darama eta bertan sendotasunez osaturiko pop-rock doinuak aurkitzen ditugu.

2016an Bide Ertzean taldeak agur esaten zion bere ibilbideari. Geroztik Ubeda konposizio ezberdinak lantzen aritu da, berarekin batera Karlos Aranzegi Bide Ertzeaneko baterijolea izan du lagun disko berri hau osatzerako orduan.

Lan berria Cadizeko Puerto de Santa Marian grabatu dute, bertan dauka estudioa Paco Loco musikari eta ekoizle entzutetsuak. Australian Blonde talde ospetsuko kidea da Loco eta eskarmentu handiko ekoizlea ere. Don Inorrezek aurkezten duen soinuaren erakuslerik nabarmenena berak egindako lana da ekoizle moduan.

Hamar abestik osatzen dute disko berria. Pop doinuak ditu abiapuntu baina rockaren ikutu indartsuarekin, tentsioa duten abestiak dira eta soinu aldetik ekoizpenean egindako lana nabaria da. Bide Ertzean taldeak 2010ean plazaratu zuen “Don Inorrez” diskoaren izenburua eta bertan azaltzen zen kantua erabili ditu bere bakarkako proiektu honi izena jartzeko eta hala nola “mugiro” hitza Patxi Larrionen poema liburu batetik hartu du. Diskoaren azala Paula Estevez irudigileak burututakoa da.

Zuzeneko emanaldiei dagokienez laukote moduan arituko dira,  Imanol Ubeda bera kantari eta kitarrajole moduan, Karlos Aranzegi baterian, besteak beste Ruper Ordorikarekin aritzen den Fernando Neira baxuan eta Ruben Caballero kitarrajole moduan. Apirilaren 12an Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza goiko aretoan aurkeztuko du zuzenean lan berria arratsaldeko 20:00etan eta kontzertura sartzeko sarrera doakoa izango da.

Gotzon Uribe

2018, Apirila 12