Giza eskubideen 16. zinemaldiko gazte epaimahaikide izateko aukera - FiSahara

Aldi berean, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen ere lagundu nahi du.

2018ko edizioari dagokionez, zabalik dago Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldiko Gazte epaimahaian parte hartzeko epea apirilaren 8ra arte. Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute, eta haien ardura izango da apirilaren 20 eta 27 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 16. edizioan lehiara aurkeztutako film labur guztiak ebaztea, giza eskubideen gaineko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan hartuta. Gazte Epaimahaiak Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari 3.000 euroko saria emateko ardura izango du. Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko, Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko gradukoek eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak jasoko dituzte. Bertan parte hartzeko, www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean eman behar da izena; izena eman duten guztien artean zozketa egingo da apirilaren 9an, eta zinemaldiko webgunean emango da irabazleen berri.

Aurten, gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteen artean Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan egiten den FiSahara zinemaldirako bi bidaia zozkatuko dira. FiSahara Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetan egiten den nazioarteko zinema-jaialdia da; 2003an hasi ziren egiten eta zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiliz, entretenimendurako, aisialdirako eta kulturaz gozatzeko aukera helarazi nahi zaie saharauiei, horren bidez ahalduntzeko eta, aldi berean, ikus-entzunezko formazioa emateko. Gainera, urtero egiten den jaialdi horren bidez, nazioarteko erkidegoari deia luzatzen zaio 40 urtez pairatzen ari diren egoera horren berri eman dezan. FiSahararen baitan, ikus-entzunezkoen eskolaren bidez gaitu egin nahi dira bertako gazteak, zinema bide.

Zinema, giza eskubideak, elkartasuna... aukera bikaina zinemaz gozatzeaz gain elkartasuna baliatzeko. 

Hona hemen parte hartzeko oinarriak eta izena emateko orria.

 

letrArt

2018, Otsaila 14
Arloa: Arteder