Erabakiak hartu elkarlanean

Gorka Julio

2018, Urtarrila 12
Arloa: Sarean

Komunikatzeko baino, askotan elkarrekin erabakiak hartzeko eta lan egiteko elkarlan tresnak behar izaten ditugu. Ezagunak dira, Google Drive bezalako tresnak, baina badira beste batzuk ere ezezagunagoak badira ere. Horietako batzuk ezagutarazi nahi dizkizuegu gaur.

Jitsi

https://meet.jit.si/

Bideokonferentziak egiteko tresna berezia da. Webgunera sartu eta gela bat irekitzea besterik ez dago, ez da inon izena eman behar. Gero sortutako helbide hori zure kontaktuei bidali eta lanean has zaitezkete. Audio, bideo eta testu bidezko komunikazioaz gain, bideoak, fitxategiak eta pantaila ere parteka daiteke tresna honekin. Horrelako beste tresna askok programak instalatzera edo kontu bat sortzera behartzen zaituzte, honek ez. Gainera software librea da, nahiko bazenu, zure instantzia propioa sortu zenezake, baina beno hori beste gai bat da.

 

http://piratepad.net

Elkarlanean aritzeko testu editore sinple, baina lagungarri bat da. Bertara sartu eta automatikoki pad bat sortuko duzu helbide batekin. Helbide hori izango da zure lagunekin partekatu behar duzuna elkarlanean aritzeko. Eskuinean txat bat dauka, nahi izanez gero lanean ari zareten bitartean komentarioak egin ahal izateko eta komunikatzeko.

Editore bakoitzari kolore bat asignatzen zaio eta hori izango da edizio ezberdinak markatzeko erabiliko dena. Horrela bakoitzak zein ekarpen egin dituen erraz ikusteko aukera dago. Horretaz gain, bertsio kontrola ere aktibaturik, egin diren aldaketetan atzera egiteko aukera ere ematen du tresnak.

Irakurketarako soilik den modu bat ere badu. Bertan egindako aldaketa guztiak bideo baten moduan ikusi eta nabigatu daitezke, dokumentua aldatzen joan den moduan ikusiz. Modu beretik, sortu dugun dokumentua html, txt, word edo pdf moduan deskarga daiteke gure ordenagailura.

 

https://framadate.org/

Deialdi batera joateko erabakia hartu edota gai bati buruzko inkesta txiki bat egin. Hain zailak izaten diren erabakiak errazten saiatzen den tresna da hau.

Noiz gelditu erabaki, bilera bat egiteko egunik aproposena bilatu, jendearen egun posibleak zein diren jakin... Hori da tresnak eskaintzen duen aukeratako bat. Hemen ere, izenik eman gabe ere, era honetako inkesta bat sortu eta lagunekin partekatu beharko dugun helbide bat emango digu tresnak. Bertan, egun eta ordu posibleak definituko ditugu aurretik, jendeak gero aukeratu ahal izateko zeinetan duen posible. Amaieran, denek bete ondoren, egun aproposena zein den jakingo dugu.

Beste inkesta mota bat ere eskaintzen du tresnak, ohikoagoa. Mekanika berdina da, baina kasu honetan gai bat zehazten da eta jendearen iritzia jasotzen da ondoren. Adibidez, zein filme ikusiko dugun erabakitzeko, aukera batzuk jarri eta jendeak bere gogokoenengatik bozkatzeko.

Bi kasuetan bada aukera interesgarri bat, beste inkesta tresna askotan eskaintzen ez dena. Baiezkoa eta ezezkoarekin batera, “agian/berdin zait” izan daitekeela zehaztu daiteke.

 

http://www.zurelagunezkutua.com/

Azkeneko tresna hau, gure artean hain ezaguna den lagun ezkutua egiteko balio du. Lagun ezkutuak berez mekanika erraza dauka, parte hartzaileen izenak paper batzuetan jarri poltsa batean eta bakoitzak bat hartuz, oparia egin behar dionaren izena jakiten dugu. Askotan baina, ezin dugu elkarrekin egon hau egiteko, tresna honek soluzio erraza eskaintzen digu horretarako.

Lehenik data definitu behar dugu, ondoren parte hartzaileen izen eta posta elektronikoak, amaitzeko diru muga zehazterik besterik ez da falta. Bidali botoiari sakatuz, tresnak ausaz aukeratuko du, errepikatu gabe, zenek zeni egin behar dion oparia eta honek bere posta elektronikoan izango du horren berri.

 

Lau tresna, esan bezala ez oso ezagunak, baina erabat praktikoak egunero egin edo hartu behar ditugun erabaki txiki horietan laguntzeko.