Lasaiago nabigatu

Gorka Julio

2017, Abendua 23
Arloa: Sarean

Nabigatzen dugunean, kontutan hartu gabe ere, arrasto asko uzten ari gara. Beharbada inporta ez zaigula senti dezakegu, baina kasu gehienetan ez dakigu zer eta nola ari zaizkigun jarraipena egiten. Hori kontutan hartuta hemen zenbait gomendio eta tresna, erabaki horren kontrola gure eskuetan izateko.

Nabigatzen dugunean, kontutan hartu gabe ere, arrasto asko uzten ari gara. Beharbada inporta ez zaigula senti dezakegu, baina kasu gehienetan ez dakigu zer eta nola ari zaizkigun jarraipena egiten. Hori kontutan hartuta hemen zenbait gomendio eta tresna, erabaki horren kontrola gure eskuetan izateko.

Lehenik datuen eta metadatuen artean bereizketa egin behar dugu. Datuak, igortzen dugun informazioa, posta elektronikoaren edukia, webgune bateko edukia... dira. Horiekin batera baina askotan, metadatuak ere badoaz; ikus ditzakegun datuei loturik, << ikusezinak>> diren datu esanguratsuak.

Argazki batean adibidez, datua argazkia bera litzateke ikusi dezakegun hori. Atzean aldiz, argazki hori atera den eguna eta ordua, kamara modeloa, non atera zen... egon daiteke gorderik atxikitako metadatuetan.

Internet bidezko komunikazioetan adibidez, posta elektroniko bat bidaltzen dugunean edo txat baten bidez komunikatzean ere metadatu asko sortzen dira. Elkartrukatzen dugun informazioaz gain, zenek, zenekin egin duen harremana ere azaltzen da adibidez, baita beste zenbait datu. Horiek guztiak elkartuz gero profil zehatzak egin daitezke.

Nahi gabe ere utzi ditzakegu kasu askotan, kalean goazela adibidez gure sakelakoa piztuta, sare telefonikora edo Internetera ezer egin gabe ere konektatuta gaudela gure arrastoa uzten ari gara. Mugatu dezagun baina gaia, gaurkoan nabigatzen ari garenean utzi dezakegun arrastoaz eta hori minimizatzeko zer egin dezakegun jorratuko dugu soilik. Nahi duenak, aurrekoari buruz jabetzeko https://maps.google.com/locationhistory loturan sartzerik besterik ez du.

Jabetu gaitezen beraz lehenik arazo honetaz. Webgune batean sartzen garenean ustez, webgune horrek zenbait zerbitzu eman ahal izateko zenbait informazio eskuratzea ez dirudi arraroegia: nabigatzailearen modeloa, darabilgun hizkuntza, pertsonalizazioren bat aukeratu badugu zein den... Gehienetan baina, sartu garen webguneaz gain beste askotatik informazio hori bera eskuratzeko tresnak daude webguneetan.

Ohikoenak, estatistikari lotutako zerbitzuenak dira. Webguneek instalatzen dituzten analitikak neurtzeko script-ek gure datu horiek jaso eta erabiltzeko aukera lortzen dute. Ez hauek bakarrik, askotan beste tresna askok ere konturatu gabe gure informazioa eskuratzen dute sartze soilarekin bakarrik. Gero datu horiek, profilak sortzeko erabiltzen dituzte edota zuzenean saldu.

Hori ikusteko ezinbesteko tresnatako bat Lightbeam https://www.mozilla.org/lightbeam/ da. Mozilla Firefox nabigatzailea instalatu ondoren, gehigarri hau instalatuz gero, sartzen garen webguneetan, gure informazioa zein tresnek eskuratzen duten ikus genezake. Denbora batez utziz gero ikusiko duzu nola, uste baino gehiago dira informazio hori eskuratzen ari direnak; esperotakoak baino askoz gehiago seguruenik.

Arazoaz jabetuta, ikus dezagun noraino gure nabigatzaileak onartzen edo baztertzen dituen jarraipenerako tresna hauek. Horretarako EFF fundazioak http://panopticlick.eff.org webgunea jarri du martxan. Webgune honetara sartu eta berak aztertuko du zein den egoera. Ezezko gorriak jasoz gero horiek konpontzeko bideak jartzen hasi beharko genuke, gure traza digital hori murrizteko helburua badugu.

Kasu horretan, bertan eskaintzen diguten beste gehigarri bat instala genezake Privacy Badger https://www.eff.org/privacybadger. Horri esker, jarraipenerako zerbitzu ohikoenak, ezkutuko jarraipen tresnak, publizitate zerbitzuak... blokeatzeko aukera izango dugu. Badira, tresna honen antzeko beste asko ere, hau horietako bat besterik ez da.

Honi lotuta, beste gehigarri interesgarri bat HTTPS Everywhere https://www.eff.org/https-everywhere delakoa da. Gehigarri honek, ahal den kasu guztietan HTTPS erabiltzen du webguneetara sartzeko orduan. Horrek esan nahi du, gure nabigatzailea eta webgunearen artean edukia zifratuta doala eta beraz, tartean egon daitezkeen usnatzaileek zailtasun gehiago izango dituztela gure informazioa eskuratzeko.

Edozein kasutan, gure traza digitala eta jarraipena %100ean desagerraraztea zaila da. Mahaigainetik konektatzen garenean nabigatzailearen bidez ikusitako tresnek asko laguntzen dute, baina kanpo utzi dugun sakelakoetan adibidez askoz ere zailagoa da. Beste batean arituko gara horri buruz ere.