Asun Agiriano - Arrasateko udal bibliotekaria

Irakurketa “behar” hitzetik urrundu behar da, irakurtzeak plazera izan behar du.

  • Asun Agiriano Altuna
  • Arrasate, 1963
  • Filosofian lizentziatua da eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egina du.
  • 1991z geroztik, Arrasateko udal bibliotekan irakurketa sustatzen eta bibliotekari lanetan dihardu.

Bibliotekari lanean jardun arren, haur eta gazteentzako liburuen munduan eta Galtzagorri elkartearen sorreran ibilbide luzea egindakoa da Asun. Egun, Behinola aldizkariaren erredakzio-batzordeko kidea eta berriki, Mikel Ayerbe eta Jone Arroitajauregi adituekin batera, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 10 liburuz osatutako katalogoa eman du argitara (10 books from Basque literature for Children and Young People, Etxepare Euskal Institutua, 2014).

http://www.etxepare.eus/en/10-books-from-the-basque-country-for-children-and-young-people-an-invitation-to-read#prettyPhoto

Asun, liburutegian lanean diharduzunez, gazteek zer gustu edo zenbateko zaletasuna duten jakiteko moduan zaude. Zer irakurtzen dute batik bat 12-18 urte bitarteko gazteek?

Gazteak, helduak bezala, gustuei dagokienez bakoitzak berea du, pertsonak ezberdinak dira, eta alde horretatik, batzuekin funtzionatzen duenak beste batzuekin, akaso, ez du funtzionatzen. Misterioa eta abentura, beldurra eta umorea, fantasia eta amodioa, gai asko jorratzen duen esparrua da gazteen literatura. Komikia ere atsegin dute, euskal komiki produkzioa urria izan arren. Salbuespena da Ikastolen Elkarteak urtero argitaratzen duen Xabiroi bilduman kaleratzen dena, urtean bat bada ere.

Zer hizkuntzatan irakurtzen dute?

Gaztelaniaz argitaratzen den asko ez dago euskaraz irakurtzeko moduan, hori gertatzen da adibidez, modan jartzen diren liburuekin edo komikiekin, momentu berean bertsio desberdinak egoteak itzulpen arloan lan handia egitea eskatzen du. Ez dugu ahaztu behar, baina, irakurle euskaldunak asko ez garela, hiztuna izateak ez duela bermatzen irakurle izatea, alegia..

Badakigu irakurtzea oso garrantzitsua dela, baina nola bultza dezakegu irakurketa, derrigorrezko bihurtu gabe, eta zergatik?

Zergatia begi bistan dago, haurren garapenean eragin handia duelako, hala baieztatzen dute, gainera, psikologoek zein pedagogoek egindako ikerketa-lanetan. Etxeetan, eskoletan, eta abarrean, ikusten dugu irakurketaren onurak eta abantailak gero eta onartuago daudela. Irakurketak konpartitzeak, bestalde, komunikazioa areagotzen du, adibide garbia da herri askotan antolatzen diren literatura solasaldien arrakasta.

Dena dela, honek guztiak ez du esan nahi teoriatik praktikara dagoen bidea parekatuta doanik, lan handia dago bitartekarien prestakuntzan, guraso zein irakasleen artean irakurketa sustatzeko orduan. Bestalde, adin bakoitzeko estrategia ezberdinak daude: ez da gauza bera jaioberria edo 3-5 urteko haurra edo 10 urteko bat irakurketarekin limurtzea. Esaterako, haurrak irakurtzen ikasi aurretik liburua erakutsi eta irakurri egin behar zaio baina duten espazioa eta autonomia errespetatuz. Adinean aurrera, irakurtzen dakienari ere lagundu egin behar zaiola iruditzen zait: ondoan egon, aukera ezberdinak eskaini, galdetu gustukoa duen, edo aspertu egin den, irakurketaren jarraipena egiten saiatu. Baita literatura ez diren liburuak eskaini ere, denei ez baitzaie fikzioa gustatzen.

Eta horrez gain, irakurketa aisialdiarekin lotzea ere garrantzitsua da, irakurketa eta "behar" hitzak ez dira ondo uztartzen, literatura plazera izan behar dela uste dut, eta liburua ona bada beti transmitituko du zeozer. Gustu hau transmititzeko orduan heldua ere kutsatua egotea funtsezkoa da.

Guretik begiratuta, nola ikusten duzu literaturaren sorkuntza gaur egun, hemen eta orain zer eta nolakoa produzitzen den, alegia.

Gaur egun liburu ederrak daude, kaxkarrak ere bai. Sortzaile ugari daude, argitaletxe garrantzitsuak, marrazkilari bikainak. Liburuen aukerari dagokionez, duda barik, orain dela urte batzuk baino handiagoa da, baina erosteko zein irakurtzeko aukeraketak arreta handiagoa eskatzen du, hain zuzen ere egun eskaintza oso zabala delako eta horregatik dedikazioa, interesa eta bitartekarien prestakuntza ere funtsezkoa da.

Aditu zaren aldetik, zer irakurketa gomendatuko zenieke gazteei?

Aipatutako Ikastolen Elkarteak kaleratu berri duen komikia: “Santa Familia”, Eider Rodriguez gidoilaria eta Julen Ribas arrasatearrak marraztua, gazte zein helduek irakurtzeko aproposa!

Asun Agirianok 16 urtetik gorakoentzat gomendatutako liburuen zerrenda:

http://www.galtzagorri.eus/euskara/ezinbestekoak?a=16tik+gora&n=Asun+Agiriano

 

 

letrArt

2017, Azaroa 04
Arloa: Berba Bi