Bernardo Atxaga - Idazlea

Kontaizu

2004, Otsaila 01
Arloa: Berba Bi

atxaga7.jpg

“Ia ezinezkoa da paradisuaren ideiarik gabe bizitzea”

  • Asteasu, 1951.
  • 1972an argitaratu zituen bere lehenengo poemak euskaraz, antologia batean.
  • 1988an Obabakoak aurkeztu zuen. Liburu horren eskutik, hainbat sari (haien artean Sari Nazionala) lortu zituen.
  • Idazle paregabea, Soinujolearen semea izena du argitaratu duen azken obrak.

Orain arte idatziriko nobela guztiak liburu bakar batean bildu nahi zituela esaten zuen. Sei urte igaro ditu ahalegin horretan, eta duela hiru hilabete iritsi zen emaitza: Soinujolearen semea. Pozik aurkitu dugu Atxaga, baditu horretarako arrazoiak.

atxaga1.jpg

 

Gerra Zibilak eta haren ostean gertaturikoek esparru zabala betetzen dute zure azkeneko nobelan.

Literaturan, musikan bezala, gaiak daude. Eta nik esango nuke Gironellaren garaitik gai horietako bat Gerra Zibila dela. Ez da harritzekoa. Ez zen edonolako gerra izan. Askotan esan dute lehen gerra modernoa izan zela. Hala ere, liburua egiteko orduan, gerratik baino gehiago Gernikatik abiatu nintzen. Nire inpresioa da (eta gaur egungo giroan halaxe sumatzen da) kontraerrelato baten pertsonaia bihurtu garela, eta literaturik kontraerrelato horri aurre egin behar zaiola uste dut. Jaso dugun poesiarekin aurre egin. Esan Gernikan, historian aurreneko aldiz, probak egitearren jende zibila masakratu egin zutela. Beraz, hortik abiatu nintzen, eta horrekin batera Behi euskaldun baten memoriak-en azaltzen zen pertsonaia bat etorri zitzaidan burura, Antioju berde izenekoa, gerra garaia iritsi eta hiltzaile bihurtzen dena. Pertsonaia hori asko interesatu zitzaidan, zeren jakin nahiko nuke noraino ematen den hori giza naturan, non dauden txarraren eta onaren arteko mugak. Gaur egun, dena erlatibizatzeko joera nagusitu da. Badirudi jendeak bere burua interesante ikusten duela diskurtsoaren minimizatzaileak topatuz. It depends on, esaten dute. Halako batean, ez dela egia pentsatu nuen; egoera horietan ere batzuk hiltzaileak dira eta beste batzuk biktimak. Estetizistek esaten dutenaren kontra, nire ustez badira onak eta txarrak.

Eta hori esateko beharra zeneukan.

Bada hirugarren arrazoi bat, hau da, gai hori airean dagoela iruditzen zait. Italian, Mussolinnirekin halako katarsi bat egon zen. Beraiek diote ez zela hainbesterako izan; hain zuzen, duela gutxi hango editore batek faxismoaren aztarnak oraindik haragian dituztela esan zidan, ez dela inolako katarsirik egon. Baina, behintzat, Mussolinni urkatu egin zuten, eta gerora film zein liburu asko egin zituzten faxismoaren gehiegikeriak azalduz. Hemen ez da horrelakorik gertatu, beraz, gaia zintzilik dago. Azkenaldian gerraren inguruan erdaraz atera diren nobelak irakurri behar ditut, baina itxura batean haietan ere erlatibismo moduko bat azaltzen dutela iruditzen zait. Gertaturikoa berdindu egin nahi da; denak ziren gaiztoak eta denak onak... Bueno, aipatzen ari garen gaia Don Pedroren pertsonaiak mamitzen du, eta nire ustez argi eta garbi erabateko biktima da bera.

 

Katarsia aipatu duzu, baina erlatibismoa ez ezik literaturan gertakariak samurtzeko joera egoten da. Zuk zeuk horixe frogatzen duzu nobelan bertan, nola errealitatea fikzioa baino askozaz krudelagoa den.

Nire ustez, nobelaren benetako gaia horixe da. Itzulpenarekin batera, horri buruz idazten ari naiz, hau da, paradisuaz. Ia ezinezkoa da paradisuaren ideiarik gabe bizitzea. Ez dut esaten modu absolutuan; ikusten, irakurtzen zein historiaren sumatu dudanaren arabera atera dut ondorio hori. Paradisuaren ezaugarrietako bat zintzotasunaren lurraldea dela izango litzateke. Beste hainbat ezaugarri ditu, jakina, baina horien artean zintzotasunarena dago. Nire belaunaldian argi ikusi dut hori; hemengo gaiztakeriaren aurka borrokatzen ari zirenen artean oso zabaldurik zegoen paradisuaren nolabaiteko ideia bat, eta askorentzat Errusiak gorpuzten zuen hori. Oso deigarria egiten zait (eta liburuan ere aipatzen dut) nola horrelakoetan herria eta deserria gauza bera diren; herrian zaudenean deserriak hartzen du paradisuaren tankera, eta deserrian zaudenean alderantziz. Kolunpio bat ematen du. Horror vacui esaten den bezala, horror paradisiesan beharko genuke. Azken batean, gauza bera dira. Kontua da hutsa paradisuak beteko lukeela. Bestalde, nobela idazten ari nintzela, tartean, klase batzuk eman nituen Ameriketan. Han gauza asko ikusi nituen. Nire ikasleak prest zeuden bidegabekerien aurka aritutako edozein poetaren lanak irakurtzeko, baina beren gaiztakeriei buruzko zenbait poema erakutsi nizkienean, ezin zuten onartu. Niri berezia egiten zitzaidan Nazim Hikmet turkiarraren kasua. Asko estimatzen dudan poeta da, eta bere garaian Arestik euskarara itzuli zuen. Poeta komunista zen, eredugarria Turkian; gartzelan egon zen hainbat urtez, eta ez pentsa pertsona tristea zenik. Kontrakoa, oso gizon alaia eta bizia zen. Baina stalinismoa puri-purian zegoen garaian, ikasketak zirela-eta bera Moskun bizi zen, eta nik dakidala ez zaio ezer ezagutzen stalinismoaren aurka. Honekin esan nahi dut berarentzat ere kolunpioarena hor zegoela. Beti dago paradisuaren ideia hori, eta ezin dugu onartu benetan gaitza dela egunero erabiltzen dugun lurra. Baina fikzioak bai. Eta ez dadila inor sinplekeriekin etorri, eta fikzioa gezurra dela esan. Ez da gezurra. Ezin dugu geure kabuz hegan egin. Ezin diogu gaitzari aurrez aurre begiratu. Horixe da han eta hemen azaltzen den gaia. Gerra da gaietako bat, marrazki bat, baina azpian beste gogoeta hau dago. Horregatik pasarte batean Davidek esango du “ni naiz hori”, benetan gertatu zena bere fikzioarekin parekatuko du. Eta benetan gertaturikoa gogorragoa zen.

Kasu honetan, paradisuaren ideiak Obabatik Stonehamera egin du salto.

Pentsa dezagun literaturan, Kafkaren Amerika-n, esate baterako. Denbora askoan Amerika paradisuaren alter ego-a izan zen. Han nintzela harrigarria egiten zitzaidan zenbat mendi, laku eta haran dauden Eden izenekoak. York-en ordez beraiek New York zuten, Londonetik New London, Birminghametik New Birmingham. Hor ere paradisuaren ideia dago. Izan ere, paradisuaren beste ezaugarri bat hasiera da. Are gehiago, paradisuak duen konturik goxoena berriro hasteko ematen duen aukera da. Londresen egon nintzen batean, zenbait poema irakurri nituen. Haietako bat Amerikari buruzkoa zen. Agian egunean batean poema liburu bat aterako dut, poema hori barne, eta Long distance calls titulatuko da. Bada Virgiliori egindako dei bat da poema. Berak hasiera bat aipatu zuen, mundua zahartu eta berriro hasi egingo zela. Eta horrekin batera etorriko zen haurra. Nolabait, Jesusen etorrera eta hasiera berria iragarri zuenez, poeta santua deitu izan diote. Bada Amerika bihurtu zen hasiera berri horren kokaleku. Jakina, nobelan Stoneham Iruain berri bat da. Adolezentzia edo haurtzaroko paradisua beste leku batean eraikitzen du Davidek. Infernu pare batetik pasa eta gero egiten du hori. atxaga2.jpg

 

Obabarekin amaitzeko beharra zenuen, beraz.

Egia esan iltze berriek atera nahi zuten iltze zaharra. Azken batean, paradisuari buruzko gogoetekin nabil, eta ziur asko hurrengo liburua horren inguruan izango da. Ez dakit zer izen izango duen, baina ziur aski paradisua hitza tituluan bertan egongo da. Nire buruak tropismo hori dauka, horra jotzen du. Dena den, oraingo Obaba hau lehengo Obabarekin konparatuta meta bat da. Azken Obaba honetan bizi direnek Obabakoak-en bizi direnei urrutitik begiratzen diete. Davidek maite du poetika hori, baina ez dago errealitatean. Hau beste Obaba bat da. Hemen ez du inork sinisten basurdeak ume bihurtu daitezkeenik. Mundu hori maite du, baina bera ez da hangoa. Bera da La Salle, soinua.

Ohartu da ez dela uste zuen bezain idilikoa.

Hori oso humanoa da. Halako batean haurra konturatzen da ez dela hegan egiteko gauza. Azken batean, bizitzaren historian kontzientzia hartzea besterik ez da. Oso zaila da ametsetan zaudela ez erortzea. Dena den, ez dut ezagutzen inor haize errotetan sinestu ez duenik. Mundu guztiak dauzka ametsak, ez bakarrik adolezentzian, oso berandu arte ere. Esate baterako, euskal mundu galdu edo nekazal mundu horren atrakzio izugarria sentitu dute ia euskal artista gehienek: Txillidak, Oteizak, Ameztoik, Ruiz Balerdik… Lagunek eta idazle batzuek hor idealizazio bat ote dagoen galdetu didate. Horixe badagoela! Baina pertsonaiaren idealizazioa da. Eta idealizazio horren bukaera ondo zehazturik dago liburuan bertan: basoan daude, mozkorturik, eta Davidek brutalitate hori ikusten duenean jabetu egiten da hori ez dela hiru urte lehenago uste zuen mundu zoragarria.

Hitz egin dugunak Goya ekarri dit gogora. Margolariak biziki miresten zuen Frantzian garatzen ari zen Ilustrazioa. Fede itsua zuen arrazoimenean. Baina Napoleonen tropak Espainian sartu eta gerra piztu zenean, ia erotu egin zen. Nola zen posible arrazoia defendatzen zuten haiek halako sarraskia eragitea? Orduko koadroetan oso presente eduki zuen kezka hori.

Teoriak ez bezala, fikzioak oinarri zabaleko mezua dauka. Hau da, teoria zer nahiri buruz geroz eta pasillo estuagoak eginez doa. Teoriak azaldu nahi du zergatik ematen du argiak beroa. Egiara iristeko geroz eta estuago egiten du dena. Fikzioan, aldiz, mezua izugarri zabaltzen da, eta pertsonaien bitartez egia horren milaka aurpegiak azaltzen ditu. Bestela, alegoria edo literatura moralaren arloan egongo ginateke. Obra zoragarriak egin dira literatura moralaren barruan, esan beharrik ez dago. Saramagok nahi du alegoria egin; berak esaten du alegoariara itzuli behar dugula. Arrazoi sakonak egon litezke hori egiteko, baina nire kasuan pertsonaiak ez ditut tratatzen sargentuak bere soldaduak bezala. Ni neure pertsonaiekin batera joaten naiz. Batzuetan harritu egiten nauten gauzak azalaratzen dira, pertsonaia baten barrutik zenbait gauza ateratzen direlako. Baina batzuek ez dute hori ulertzen. Nobela honetan, amaieran azaltzen diren gertaera batzuk direla-eta, portaera politiko bati buruz apologia egiten dudala esaten dute sentsibilitate politiko jakin bat dutenek. Hemendik hilabete batzuetara, beste sentsibilitate bateko jendeak gauza bera esango du, baina beste ikuspuntu batetik. Beraz, egilea non dago? Egilea, zoritxarrez, ez dago inon eta guztiengan dago.atxaga4.jpg