Final handirako galbahearen hasiera

Finalaurrekoek bi itzulitara jokatuko dira. Ikusle asko izaten ari da bertsolari txapelketa nagusia eta final laurdenetan txiki geratu dira frontoi eta kiroldegiak bertsolariak entzuteko. Komunikabideetan ere oihartzun handia izaten ari da eta giro horretan murgilduko da final erdietako fasean. Lehen itzulian final laurdenetatik sailkatutako hemezortzi bertsolariek hartuko dute parte eta haiei batuko zaizkie duela lau urte txapelketan finalista izandako sei bertsolari.

Bastida, Irun, Maule-Lextarre eta Durango izango dira lehen itzuliko saioen herriak. Urriaren 28an izango da Arabako Errioxan lehen saioa eta azaroaren 1ean,asteazkenez eta azaroaren 4an eta 12an izango dira hurrengoak, hurrenez hurren.

Bastidako udal kiroldegian, Igor Elortza eta Sustrai Colina hasiko dira txapelketan. Igor Elortza durangarra estrainekoz entzun ahalko da. 2013ko Bertsolari Txapelketan hirugarren sailkatu zen. Colina aldiz, egungo Iparraldeko txapelduna da.  Segurako final laurdena irabazita sailkatu da saio honetara Jon Martin, finalerdietan askotan abestu du eta puntuazioz sailkatu dira Agin Laburu, Jone Uria eta Nahikari Gabilondo.

Irunen Artaleku kiroldegian izango da saioa. Aurrez sailkatutako Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio bertsolariei, Baigorriko final laurdena irabazi zuen Alaia Martin eta puntuazioz sailkatutako Aimar Karrika, Maddalen Arzallus eta Unai Agirre batu zaizkie.

Maule-Lextarren ariko da bertsotan duela lau urte finalista izandako Beñat Gaztelumendi. Berarekin batera oholtzan izango dira Zumaiako eta Tolosako final laurdenetan puntu gehien bildu dituzten Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue, eta baita lehen fasetik sailkatutako Beñat Iguaran, Julio Soto eta Nerea Elustondo.

Durangon amaituko da finalaurrekoen lehen itzulia. Aitor Mendiluzek lehen aldiz abestuko du aurtengo txapelketan eta bertsokide izango ditu Leitzako eta Zallako saioetan puntu gehien lortu zituzten Oihana Iguaran eta Miren Amuriza, puntuazioz sailkatu diren Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Miren Artetxe bertsolariekin batera.

Egin beharreko lana hamabost bertso puntuagarriz osatuko da. Ofizioka eta bakarka, bi moduetan abestuko dute. Hona hemen lehen itzulikoari dagokiona:

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. 

Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Iñaki Iturriotz

2017, Urria 26
Arloa: Bertsoleku