Iosu Florentino - Kabia Antzerki Ikerkuntzako kide sortzailea

letrArt

2017, Urria 19
Arloa: Berba Bi

Antzerkia emozioak kudeatzeko tresna ere bada.

  • Iosu Florentino Badiola
  • Oarso aldekoa, 1974
  • Lehen Hezkuntzako irakaslea
  • Kabia Antzerki Ikerkuntzako kide sortzailea

Nola iritsi zinen antzerkiaren mundura, eta zer da gaur egun zuretzat?

Duela urte asko bidaiatzen nengoela sortu zitzaidan antzerkia ikasteko grina. Esku jolasak edo malabarrak egiten nituen baina ikuslegoari zerbait gehiago kontatu nahi nion, eta malabarrekin bakarrik oso zaila zen. Itzuli bezain pronto Clown eta antzerki ikastaroak egiten hasi nintzen, gero beste bat eta beste bat eta horrela gaur arte.

Niretzat gaur egun antzerkia hezkuntzarekin lotuago daukat emanaldiekin baino. Emanaldiak egiten baditut ere antzerki hezkuntzan ordu gehiago sartzen ditut, eta oso gustura aritzen naiz behar horretan. Dena dela, sortzen jarraitzen dut eta hilabete honetan, urriaren 28an Basauriko sozial antzokian ikuskizun berria estreinatuko dugu “Alicia despues de Alicia” .

http://kabiateatro.eus/eu/ikuskizunak/alicia-despues-alicia/

Nolakoa da gazte edo nerabeekin duzun lotura? eta zertan zabiltza orain?

Antzezlea izanik ere, hezkuntzan ere banabil antzerkia ardatz hartuta. Bilboko Udaleko Bilbo eszena espazioan izan nuen lehenengo harremana nerabeekin, eta haiek aukeratutakoa zenez, oso motibatuta hurbiltzen ziren, ondo pasatzeko eta sortzeko prest.

Gaur egun nerabeekin dudan hartu emana eskolan da. Nahitaezko ikasgaia da, eta gustura hartzen badute ere beti dago trabaren bat jartzen duenik. Erandioko Udaleko euskara eta berdintasun zerbitzutik bultzatzen den proiektuaren barruan ari naiz, eskoletara joaten naiz eta eta euskarako ikasgaian antzerkia ematen diet, betiere Euskara eta Berdintasuna helburu izanik.

Nola bizi dute nerabe eta gazteek antzerkiarekiko harremana?

Nerabeei gauza asko iristen zaizkie, alde batetik euren gorputza aldakor hori ezagutzeko aukera, nork bere buruaren onarpena kudeatzeko tresnak, emozio eta sentimenduen borbor hori ateratzeko aukera, eta dena jolasaren bitartez.

Nire eskoletan hezkidetza lantzen dugu, eta taldea batzeko eta konfiantza garatzeko antzerkia tresna ezin hobea da. Kideen arteko errespetua, besteen denborak onartuz, batzuk lotsagabeak eta beste batzuk lotsatiak garela onartzeko baliagarria da.

Zer onura du adin horretan antzerkira hurbiltzeak?

Batez ere taldean lan egiteko gaitasuna garatzen dute, baina emozioak kudeatzeko ere baliagarria da. Bestearen egoeran jarriz gehiago ulertzen dute bestea, enpatiaz jokatu behar da. Norberaren konfiantzarako ere ezin hobea da: euren ahotsa ezagutu eta onartuz. Eskolan ariketak egiten ditugunean inprobisazioa asko erabiltzen dugu eta askatasun osoa izaten dute euskaraz ahal duten moduan hitz egiteko; hortaz, hizkuntza lantzeko bidea ere bada. Erabilerari ematen diogu garrantzia eta ez hainbeste ondo hitz egiteari, ariketaren ostean zuzentzen bazaie ere.

Erandioko proiektuan bigarren urtea da, eta hezkuntzan horrelako tresna txertatzea aukera ezin hobea dela uste dut elkarbizitzarako eta ikasleen garapenerako. Izan ere eskolan behin eta berriz elkarbizitzarako erabiltzen diren kontzeptuak antzerkiaren oinarrian daude. Beraz antzerkia egiteko ezinbestekoa da kontzeptu horiek garatzea.

Hezkuntzan ez ezik, Kabia antzerki ikerkuntza guneko partaidea zara. Zer esan nahi du horrek?

Hala da, Kabia antzerki ikerkuntza guneko partaidea ere banaiz, eta bertan nagusientzako klaseak ematen ditut. Bertan erabiltzen ditudan tresnak eskoletan ere erabiltzen ditut. Espazioaren erabilera “Genero ikuspegitik” eta artistikotik, denbora “norbanakoaren denbora” eta antzezten ari garen egoerarena, Forma “gorputzena, Mugimendua, Historia, Emozioa, …

Beste azalpen batzuekin baina gauza bera irakasten saiatzen naiz. Izan ere 14 eta 18 urteko gazteak oso gai dira horrelako kontzeptuak lantzeko. Adin txikiagoko urteko ikasleak ere baditut, eta horiekin oinarrizko ariketak lantzen ditugu, izan ere, ikuslearen kontzientzia garatzen ari dira eta euren jolasetan murgiltzen dira askotan ikuslea kontuan izan gabe.

Beraz, antzerkiaren bidez hizkuntza, hezkidetza, genero-ikuspegia, enpatia, emozioak, gorputza… hainbat gauza lantzen dituzue. Bestelako baliabiderik?

Arazoak ebazteko Zanpatuen antzerkia (Teatro del oprimido) ariketak ere erabiltzen ditut batez ere eskolan, nerabe eta txikiekin. Paulo Freirek ikasle nagusiak alfabetatzeko erabiltzen zuen “Pedagogia del Oprimido”-tik abiatuta Augusto Boale-k sortu zuen ZANPATUEN ANTZERKIA. Gizartea eraldatzea du helburu, norbanakoaren ahalduntzearen bidez. Antzerki kritikoa, eraldatzailea, berritzailea  eta batez ere pedagogikoa da. Augusto Boal dramaturgoak sortutako antzerki-metodo honetan, ikusleak gatazka erreal baten antzezpena aztertzen du eta gero eszena horretan parte hartzen du errealitatea ere eraldatzeko. Errealitatearen entrenamendu bat bezala. Antzerki mota honetan ikusleak, ikusle aktore bilakatzen dira.

Antzerkira hurbiltzea mesedegarria dela ikusi arren, askotan lotsa da eragozpenik handiena, besteen aurrean barregarri geratzeko beldurra. Zer esango zenieke zalantzan dauden edo lotsa sentitzen duten gazte horiei?

Niri amak 6 urte nituela euskal dantzara eraman ninduen, negarrez irten nintzen. Gaur egun ez dakit dantzatzen eta oso lotsatia izaten jarraitzen dut, baina horrek ez dit kentzen taula gainean antzerkia egiten egoteko.

Norberak hartu dezala erabakia, baina jakin dezala antzerkian ezagutzen diren taldekideak lagun handiak izaten amaitzen dutela. Antzerki taldean konfiantza handia sortzen da eta konfiantza horrekin lotsak desagertzen dira eta horren ostean barreak eta plazera agertzen dira, jolastearen eta norberaren limiteak ezagutzearen plazera.

Aurrera begira hezkuntzan jarraitzeko asmoa duzu, ala beste proiekturen bat duzu buruan?

Bai, hezkuntzan jarraitzeko asmoarekin nabil, asko gustatzen zait. Era berean aktore lanetan aritzea ere gustatzen zait eta etorkizunean bakarrizketa bat egitea dut helburu.