Glaukoma

Gotzon Uribe

2017, Urria 10
Arloa: Barri music

Basamortuko haizea bezela, “Kalima” deitzen da Glaukoma talde gipuzkoarraren disko berria.

Irailean plazaratua, aurtengo nobedadeen artean gailentzen den lana da. Tolosako taldearen ibilbidean hirugarren diskoa da honakoa eta Bonberenea Ekintzak zigiluarekin plazaratu dute. Lisabo taldeko Karlos Osinaga aritu da teknikari eta produkzio lanetan. 13 abestiz osaturiko diskoa da, tartean euskaraz eta gazteleraz abesturiko kantuak aurkituko ditugu.

Euskal Herriko musika eszenan zer esana ematen ari den taldea da Glaukoma, gero eta ugariagoak direlarik beraien jarraitzaileak. Bizitzen ari garen garai goraberatsuen inguruan mintzo da beraien disko berria, langabezia, maitasun kutsakorrak, kapitalismoa, errefuxiatuak eta sasikomunikazioaren -internet- erabilpen desegokiak kutsakor bilakatzen dituen harremanetan, beste gai batzuen artean.

Taldearen lehen diskoa 2012an argitaratu zen “Vol. 1” izenburupean eta euskeraz, gaztelaniaz eta ingelez abesturiko kantu sorta zen hura. 2013an “Vol. 2” lana plazaratu zuten. Lan berria argitaratu aurretik Bad Sound System taldearekin “Sua Zaintzen” abestia plazaratu zuten eta beraiekin ere aritu ziren zuzenekoak eskaintzen.

Reggae, hip-hop, dubstep eta raggamuffin doinuen nahasketa sendo bat da beraien proposamena.

Datozen kontzertuak:

  • Urriak 28. Jimmy Jazz. Gasteiz
  • Azaroa 04. Intxaurrondo K.E. Donostia
  • Azaroak 18. Apolo. Bartzelona
  • Azaroak 25. Beikozini. Ondarroa